Trabaz jositako bideak

Trabaz jositako bideak –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Irungo Bronte liburu dendaren agurra.

Astelehenean Bronte liburu dendako Ylenia Benito liburu saltzaileak utzi gintuen goibel. Abuztuaren 29an itxiko duela iragarri baitzuen.

 

Zer nahi duzue esatea! 60.000 biztanle ditu Irunek. Kioskoak eta paper-dendak alde batera utzita, Elkar eta Tinta Comics liburu dendak gelditzen dira soilik. Kitto. Berriro diot: 60.000 biztanle.

Arazo gehiegi izan ditu liburu dendak aurrera egiteko. Azkenetako bat uztailaren 23an liburu eguna ezin kalean ospatzea.

 

Trabak jartzen abilak dira Udalak eta gero negar plantak egiten ere badakite, baina ondo baino hobeto dakite denda txiki horiek liburu aurkezpenik gabe (pandemiaren erruz) eta kalera liburuak saltzera atera gabe gorriak ikusiko dituztela. Eta ez badakite, jakin beharko lukete.

Baina ardura eta errua ez da soilik erakundeena: guk ere utzi behar diogu zilborra begiratzeari. Politika egin behar dugu, jaun-andereok! Zer politikoagoa une honetan liburu bat Amazoni enkargatu beharrean zure denda kuttunean erostea baino? Ondorioak ditu.

Trabaz jositako bideakEz ahaztu kontsumitzaile gisa talka egin dezakezula zure baitan dagoen herritarrarekin.

Gutxi joaten naiz azken garaian Irunera. Astean behin amari bisita egin eta ezer gutxi gehiago. Asteartean paseoa luzatu eta Yleniarengana hurbildu nintzen.

Jurdan lagunarekin egin nuen topo bertan. Bi hitz gurutzatu nituen berarekin. Besteak beste, topagune lasai bat  galduko dela zioen. Hau da, bertara hurbildu, libururen bat hartu eta hondoan, eskuin aldean, dagoen sofan eseri bakarrik edota ezagunekin zein lagunekin.

Bertso-Hop disko-denda zenarekin gogoratu nintzen. 1990eko hamarkada hasieran, 20 urte eskas nituenean, arratsalde asko pasa bainituen bertan, musika entzuten, lata ematen, zetozen musikari eta musikazaleekin hitz egiten edo entzuten… Topaleku bat hori baita.

Yleniari ez nekien zer esan. Zer esango diozu pertsona bati bere ametsak diruaren trabarekin egiten duenean tupust? Barkamena eskatu zidan berak. Barkamena liburu-denda ixteagatik!

Esan nion ezetz: barkamena guk eskatu behar geniola berari.

Mekaguensos!

Jar dezagun musika pizarra negarrari eman aurretik, Irundik atera gabe gainera.

Jabier Muguruzak berarentzat esanguratsuak izan diren euskal kanten hamabost bertsio egin ditu Geltokiak izarretara diskoan eta aste honetan entzun dut ekainean Jose Luis Padronek eskainitako saioa Lizardiren Baratza-n.

Abesti horietako bat da Berreziketaren zailtasunari buruz izenekoa. Hans Magnus Enzensberger poetaren hitzak, Ruper Ordorikak musikatu zuen 1985eko Bihotzerreak diskoan. Hona hemen Jabierren bertsio ederra.

Yleniari eskainia. Egunen batean merezi duena jasoko duelakoan.

Trabaz jositako bideak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.