Torturaren aldeko espainol horiei
Torturaren aldeko espainol horiei –
Hispanitatearen Egunaren bezperan torturaren aurkako horma irudi bati berriz ere eraso zioten Berriozarren. Ez da kasualitatea tortura salatzeko horma irudia kaltetzea data berean, bi urteko tartearekin, Espainiak inposatutako urriaren 12ko festaren bezperan. Gauez eta azpikeriaz egindako erasoan Espainiako banderak ere erantsi dituzte ondoko bide-seinaleetan, sinadura gisa, denok argi ez bagenu bezala egileak espainolak izan direla.
Probokazio hutsa izateaz gain, hori da Hispanitatea ospatzeko espainolek duten modu narrasa, Guardia Zibilaren patroia den “Pilarica Eguna” ospatzeko modu zikina, eta, orobat, bada ere Estatu espainolean dagoen inboluzioaren adierazgarri bat. Izan ere, tortura salatzen duen horma irudia zikinduz, torturaren aldeko apologia hutsa egin dute.
Alemanez bada hitz konposatu bat, die Vergangenheitsbewältigung; die Vergangenheit, “iragana” eta die Bewältigung, “gainditzea”, “menderatzea”, “jakitea”. Javier Cercas idazleak diosku hitz hori alemaniarrek erabiltzen dutela adierazteko “etengabeko errebisio iraunkorra [iragan historiko latz bat] gainditzeko”, eta 60ko hamarkadan martxan jarritako prozesua dela, euren iragan naziari aurre egin eta berau gainditzeko prozesua.
Manuel Pastrana guardia zibil ohiak duela gutxi aitortu du telebistaren kameren aurrean tortura Euskal Herriko arerio politikoen aurka erabili dutela: «No voy a invitar a café a un detenido; hay que sacárselo como se pueda. Tanto la Policía, como la Guardia Civil, como todos los servicios [de inteligencia]. Porque en España se ha castigado, sí se ha castigado». Eta TV3ko kazetari katalanak galdetu zionean ea torturei buruz ari zen, erantzuna ezin argiago eman zuen Guardia Zibilaren agintari ohiak: «Obviamente». Bistan da.