#EtxeanTinko ikasleei euskarazko filmak online
Euskal Herriko ikasleei euskarazko filmak online –
#EtxeanTinko ekimenak Euskal Herriko ikasleei euskarazko filmak online eskainiko dizkie
…
COVID-19 birusak sorturiko alarma egoeraren ondorioz, ikastetxeei zine aretoetan eskaintzen dieten Euskara Zine Aretoetara programa bertan behera geratu da, eta martxotik ikasturte honen amaierara arte programatuta zeuden film emanaldi guztiak eten behar izan dituzte, zine aretoen itxierarekin batera.
Ezohiko egoera berri honetara egokitzeko asmoarekin, Tinko Euskara Elkarteak filmak online jarri ditu ikusgai pasahitz bidez #EtxeanTinko programaren baitan. Zortzi filmen eskaintza e-posta bidez iritsi zaie EAE eta Nafarroako ikastetxeei eta online izen-emate prozesu erraz baten ondoren, hautatutako filmak ordenagailu edo tablet bidez etxetik ikusteko aukera izango dute Hego Euskal Herriko irakasle eta ikasleek.
Euskara Zine Aretoetara programaren ohiko material didaktikoa ere helaraziko zaie ekimeneko partaideei, eta kasu honetan PDF bidez jasoko dituzte ikas-gidak.
“Duela 26 urte Tinko Euskara Elkartea sortu zenetik, hainbat eta hainbat oztopo gainditu behar izan ditugu. Aurten halabeharrez, Euskara Zine Aretoetara proiektua eten eta denbora berrietara egokitzea suertatu zaigu, baina helburuak berdina izaten jarraitzen du: Euskal Herriko haurrek filmak euskaraz ikustea. Zine aretoan edo etxean.” – azpimarratu du TINKO Euskara Elkarteko Lehendakaria den Marian Galarragak.
2020ko maiatzaren 11an hasi eta ekainaren 5ean amaituko da #EtxeanTinko ekimena eta ikastetxeek maiatzaren 5era arte izango dute izena emateko denbora. Nafarroan berriz maiatzaren 18an hasiko da kanpaina eta ekainaren 12an amaituko eta izen emateko epea maiatzaren 12 izango da.
Ekimenaren baitan ikusgai diren filmak hauek dira:
- Harri Zopa (HH)
- Pim & Pom (HH)
- Yugo & Lala (LH123)
- Alfonbra Magikoa (LH123)
- Oker (LH456)
- Gazte Harrigarria (LH456)
- Loreak (DBH)
- Just Charlie (DBH) – ingelesez, euskarazko azpidatziekin
2019-20 ikasturtearen programazioaren trailerra:
Filmei buruzko informazio gehiago hemen: www.tinkoeuskara.eus
TINKOri Buruz:
1994an Tinko Euskara Elkartea sortu zen helburu argi batekin: Euskal Herriko haurrak, bertan estreinatzen diren film guztiak euskaraz ikusteko aukera izatea.
Ordutik, Tinko euskarari zine aretoetan lekua egiten, eta gure hizkuntzaren normalkuntza sustatzeko ahaleginean ari da. Horretarako, Tinkok euskarara bikoiztutako filmak zinean estreinatu eta eskola-orduetan banatzen ditu material didaktiko batez lagunduta. Honela, 26 urte hauetan milaka euskal haurren lehenengo hartu-emana zinearekin euskaraz izan da, TINKOren Euskara Zine Aretoetara programari esker, azken urtean 90.000 ikusle izatera iritsi delarik.
#EtxeanTinko ekimenak Euskal Herriko ikasleei euskarazko filmak online eskainiko dizkie