Tik-tok

Tik-tok –

Maialen Etxanizek Uztarria aldizkarian.

Tik-tok

Tik-tak, tik-tak… Konturatzerako pasatzen da denbora. Gaur egungo sare sozialek duela zortzi urte gaurko egunez non egon ginen gogorarazteko gaitasuna dute. Duela zortzi urte Italian zeundela esaten dizute, zehazki, Florentzian, han ikasten ari zen lagun bat bisitatzen. Sasoi hartan horren maitea zenuen argazki kamerarekin ateratako argazkiak ikustean oroitzen zara bidai hartaz, kuadrillan egindako bidaiez, mugak ixten ez zituzten garaiez… eta kamera eskuan hartuta hara eta hona ibiltzea gustatzen zitzaizun egunez. Orduan galdetzen diozu zure buruari zenbat denbora igaro den kamera hura azkenekoz erabili zenuenetik. Orain eskuko telefonoarekin ateratzen dituzu argazki gehienak.

27 urte betetzera noa, eta azken boladan askotan entzun dut “zahartu egin gara” esaldia. Pandemiaren harira ezarritako neurriek sozializatzeko moduetan eragin dutela, lehengo ohiturak aldatu direla… Hilabeteak daramatzagu zurrunbilo horretan. Pandemia aurreko parrandak gogoratzen ditugu nostalgiaz; tabernaz taberna poteatu eta hurrengo tabernan nor aurkituko genuen ez genekien garaiez hitz egiten dugu. Erdikaleko nahiz plazako edozein txokotan esertzea libre zen ostegun haietaz edo Inox ixtean han elkartzen ginenok izaten genituen berriketaldiez. Ez da denbora asko igaro ordutik, baina urrun sentitzen ditugu. Are urrunago Batxilergo garaia. Matematiketan desastre moldatzen ginen, Arten pixka bat hobeto… Eta han nonbait, urrutian, ikusten ditugu gaztetxoak ginen garaiak. Ikastolako atarian erbizkaibiltzen ginenekoak, antzerkiak idatzi eta ludotekan eskaintzen genituenekoak, marrazki bizidunetako abestiak bertsionatzen genituenekoak…

Tik-tak, tik-tak… iritsi gara TikTokaren garaietara. Duela hilabete batzuk Gaztelekuko erabiltzaile diren zenbait gazterekin elkartu nintzen Gaztelekuan, ondoren Uztarria.eus-erako erreportaje bat idazteko. Gaztetxoei zein gazteei pandemian ezarritako neurriek nola eragin dieten kontatzea zen nire asmoa; nola sentitzen ziren, nola eraman zuten itxialdia, kalean ezin egoteak harreman pertsonaletan izandako eragina, sare sozialen erabilera… Gustura aritu nintzen berriketan gazte haiekin, baita Gaztelekuko hezitzaileekin ere. Baina kezkaz itzuli nitzen etxera. Esatera ausartzen naiz: gertatzen ari den honek guztiak eragina izango du hurrengo belaunaldietan; ezbairik gabe. Etxera bidean, hamaika lekutan gaztetxoak ikusi nituen, denak beraien sakelakoekin, denak TikTok aplikazioari so. “Hau da tristura”, pentsatu nuen. Kontuak kontu, gu ere sakelakora itsatsita bizi gara, eta horregatik dakigu duela zortzi urte non geunden.

Jakinekoa da sistemaren zurrunbiloak jaten gaituela, bai zu eta bai ni, Millennial eta Z belaunaldia beste. Belaunaldi bakoitza ezaugarritzen duten aldagaiak daude, aldaketa kultural handiak eragiten dituzten askotariko faktoreak, gazte belaunaldiengan esku hartzeko gaitasuna dutenak. Ez naiz horiek aletzen hasiko, baina egungo testuingurua ikusita, kezkaz bizi dut datorrena. Tik-tak…

Tik-tok

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.