Iparragirre-Bilintx-Xenpelar-Otaño: Konexioak

Iparragirre-Bilintx-Xenpelar-Otaño: Konexioak –

Lau bertsolari poeta abeslari hauek XIX. mendean jaioak izan ziren. Eta horietako bat, Otaño, XX. mendearen hasieraraino iritsi zen. Iparragirre (1820-1881); Bilintx (1831-1876); Xenpelar (1835-1869); Otaño (1857-1910).

Mende horretan aldaketa handiak eman ziren munduan: estatu nazional modernoen sorrerak (USAren independentzia eta Frantziako Iraultza ondoren eta Haitiko esklabuen independentzia ondoren Hegoamerikaren estatu independiente berrien sorrera -horien artean argentina-, Europako Polonia, Alemania, Italiaren eraketa nazionalak… eta Erregimen Zaharreko erreinuen eraldaketa gatazkatsuak); iraultza burgesa industriala eta langile mugimendu berriaren konformazioa (Manifestu Komunista, Trade Unions, Parisko Komuna, I. Internazionala…); inperialismo berri bat hedatzen da mundu osora.

Erregimen Zaharra eta antolamendu nazional berriaren arteko talka, eta modernitatearen barruko gatazka (kapitalismo inperialista eta “munduko langileak elkar zaitezte” aldarriaren artekoa), biak joaten dira gorputza hartzen Euskal Herrian ere. Euskal Herria nazioa? Zazpi probintziak? Foruak Espainiakin? Karlistekin edo liberalekin? Zein karlista mota eta zein liberal mota? Erregimen zaharrarekin paktu egin nahi duten liberal monarkiko moderatu edo progresistekin edo liberal errepublikanoekin? Liberal zentralista edo liberal foruen defendatzaile? Zer motatako karlismoa? Dena, foruak barne, Eliza ustelduaren Jainkoaren eta kateak berrezarri nahi duen Erregearen menpean? Edo foruak, erabakitzeko ahalmena lehenengo eta gainontzekoa ikusteko? Garatzen hasi den industria modernoak (trena, burdina-meategiak, fabrikak, krisiak, lehiakortasuna, ekonomia atlantikoarra pikutura, langintza tradizionalak krisian…) bere  atzaparretan mugitzen du lau bertsolari hauen bizitza: Xenpelar, fabrikako langilea da; Bilintx, udalaren funtzionario; Iparagirre, kulturgile iheslaria; Otaño, hamaika lanetan zaildua.

Aukera politikoei dagokionez lau bertsolari-abeslari hauek bereziak izan ziren: Iparragirre ez karlista eta ez liberala, beste zerbait nahi zuen: Gernikako Arbola bizirik. Preso egondakoa zen, “giltzapian sartu naute poliki poliki”, eta iheslaria izan zen. Bilintx, liberala zen eta armak hartu zituen karlisten kontra borrokatzeko. Karlistek botatako bonba batek harrapatua hil zen 1876ean. Xenpelar, bakezale amorratua eta bakearen defentsan, gogorra: “Ez naiz ni gerraren zale, baizik pakearen alde. Zeinek nahi duen galde, berari tira dale”. Elisabet Perez Gazteluk dioenez, Xenpelar ez zen liberalekin fidatzen foruekin zuten jarreragatik, baina inoiz ez zen karlisten alde azaldu. 1969an baztangaz hil zen azken gerra karlista hasi baino lehen. Otaño, berriz, familiz (Otañotarrak eta Barriolatarrak) liberala zen Zizurkil herri karlistan. Otaño bertsolaria liberal errepublikanoa eta foruen defendatzailea izan zen eta Euskara erdigunean jartzen zuen. Gerran, familiaren parte batek ihes egin behar izan zuen Donostiara eta Otaño bera gerratik ihesi (1875an) joan zen halabeharrez lehen aldiz Amerikako Panpetara.

Xenpelar-Otaño: 1860ean, Otañok hiru urte zituela, bere familia Errekalde baserrian kabitu ezinik, Karidadeko Bentan jarri zen bizitzen. Taberna-ostatu bat zen eta bertsolarien bilgune ere izan zen. Otañoren amak, Johana Barriolak zeraman Karidadeko Bentaren kontua. Seguraski han ezagutuko zuen Otañok Xenpelar. Behin horrela kantatu zuen Pello Errotak: “Karidadeko Bentan gu sei bertsolari. Errekalde Zarra ta Juan Joxe Udarregi. Bernarko Zizurkilgo, Gazteluko Gorri, Errenteriakua Xenpelar jaun hori. Ni Asteasukua Pello Errotari”. Aipatzen diren bertsolarien artean Errekalde Zarra (Otañoren aitona) eta Zizurkilgo Bernardo (Otañoren osaba) zeuden. (Bernardo horren alaba bat, bertsolaria zen ere). Entzuten egongo ziren Otañoren ama eta hiru-lau-sei urteko umea, Pelo Mari Otaño bera. Han ezagutuko zuen seguruenik Otañok Xenpelar. Otañok 11 urte zituela hil zen Xenpelar. Kantatu al zuten noizbait elkarrekin? Diote diote oso haur zela hasi zela gure Otaño bertsotan fin.

Xenpelar-Bilintx-Iparagirre: Ez dut garbi baina esaten da Xenpelarrek Iparragirreri eginiko bertsoak “Iparragirre abila dela…” Bilintxek desafio moduan jarritako puntuari erantzuna zirela. Xenpelarrek ez zituen nonbait gustoko kanta moda berriak eta esaten dio: “Atoz gure kalera, baserritar legera, musika horiek utzita”. Ez dakit Xenpelar Bilintxekin egona zen, elkarrekin kantatu ote zuten, eta ez dakit Xenpelar Iparragirre pertsonalki ezagutu ote zuen.

Bilintx-Otaño: Adinez (1875an, 18urterekin joan zen Otaño lehen aldiz Ameriketara, eta 1876ean hil zen Bilintx) ez dakit okasioa izan zuten elkar ezagutzeko. Ez dakit Bilintx Karidadeko Bentan egona ote zen. Baina Otañok Bilintxen berri bazuela eta estima handian zuela pentsa daiteke. Izan ere badu bere bertsoen artean bat Bilintx-en semeari dedikatua.

Otaño-Iparragirre: Iparragirre 1881ean hil zen. Urte hartan Otaño Donostia aldean zebilen Amerikako Panpatik 1879an itzulita. Egon al ziren elkarrekin, Otaño gaztea eta Iparragirre zahartua Gabirian erretiratua? Bertsoaren Harria liburuan bien arteko meriendatxo-elkarrizketa bat irudikatzen du Koldo Izagirrek. Ez dakit horrela izan zen edo Bertsoaren Harriak duen sekretu izkutua den. Egia konfirmatua da ordea, Otañok baduela bertso bat Gernikako Arbola kantari eta bere egile Iparragirreri dedikatua, kantaren eta kanta egilea aintzat hartuta. Bien arteko beste konexio bat badago. Iparragirre irudikatzen dugu ahots sendoz kantatzen, indartsu. Otaño bapateko bertsolari apartakoa zen, baina ahotsa oso txarra omen zuen eta horregatik Kattarro deitzen zioten.

Bertsolari hauek bertso-kantutarako aukeratutako gaiak askotarikoak dira. Bilintx erromantikoa  izan zen eta konparatua izan da Becquer-ekin, Musset-ekin, Leopardirekin, Heinerekin. (Ikus Koldo Izagirreren Bertsoaren Harria). Baina kantatzen dio ere “kale garbitzaleari”. Xenpelarren bertsotan Pasaiako herritik hasi, bertso elizkoiekin segi, bertso-demak “Iparagirre abila dela…”, krisi ekonomikoa bajatu gera graduan, bakea eta gerra “Ia guriak egin du…”, bromak, ingeniari frantzesen arrokeriak… Ospetsu egin zen esaera: “Bertso-paper berriak, Xenpelarrek jarriak”. Iparragirrek berriz, errepresioa “Zibilak esan naute…”, exilioa “Hara nun diran…”, himno nazionala izateko lehian sartua dagoen “Gernikako Arbola”. 

Baina lauen artean harrigarriena egiten zait Otañoren kasua. Oso herrikoia, bapateko bertsotan apartakoa, bertso idatzietan nekaezina eta hitzaren jostalari poeta. Hirugarrenez emigrante modura Argentinara joan zenean jendetza bildu zen Pasaian eta Txirritak kantatu zion despedidako bertso hunkigarri bat. Intelektuala ez bazen ere, bertsolari eskolatua bai. Bere garai eta bizimodurako mundu zabalera irekienetako bat eta euskararen balio nuklearraren bertsolari eta militante izan bait zen. Bere bertsoen artean (zerrenda oso luzea da) gogoan ditut: Frantziako Iraultzan eman zen La Bastida-ko insurrezkioari buruzkoa eta Sara herriko Maria Larralderi buruzkoa, Sara herrian sufritu zen errepresioa salatuz. Juventud Republicana aldizkarian argitaratu zuen Errepublika eta fueroak. Gernikako Arbola kantuari egin zion omenezko bertsoak. Argentinako independentziaren ehunurrenean argitaratu zituen bertsoak. Unamunok euskararen amaiera onuragarriari buruz eman zuen hitzaldiari erantzuna bertsotan. Gerra eta boteredunek duten jukutriari buruz 1903an urteberri egunean idatzitakoa. Sabino Arana goratu zuen bertso batzutan Euskal Herriaren (zazpi alabak zioen, ohial bakarra izanik Bidasoak zatitua) batasuna aldarrikatu zuelako. Baina herriko bizimoduari bezala (ezin dugu aipatu gabe utzi Limosnatxoa (mutil koskor bat itsuaurreko zuela aldamenean…), eta egoera orokorrari bezala, begiratzen zion naturari: antologikoak dira Txepetxa izeneko bertsoak eta Argentinako Ombu zuhaitza (bella sombra izenez ere ezagutua) eta bera jaiotako Errekalde baserriaren aurrean zegoen intxaurrondoa lotuz egindako bertsoak.

Eguzki Art Zinemak, P. Bisquert zuzendari, Otañoren bizitzaren buruzko Ombuaren Itzala filma ekoiztu nahi du. Laguntza behar du. Honetaz berri gehiago jakiteko ikus pellomariotaño.auzolana.eus webgunean.

Iparragirre-Bilintx-Xenpelar-Otaño: Konexioak

Iparragirre-Bilintx-Xenpelar-Otaño: Konexioak Iparragirre-Bilintx-Xenpelar-Otaño: Konexioak Iparragirre-Bilintx-Xenpelar-Otaño: Konexioak