Terrorista bat nola fabrikatu

terrorista bat nola fabrikatu

Martxoaren 25ean Espainiako poliziak Abaigar, Arburua, Lopez de Luzuriaga eta Barrios atxilotu zituen, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteen kontra egindako operazioan. Fidantza ordainduta bada ere, zorionez etxean dira jada laurak. Baina atxiloketen harira bi egun geroago komunikabide batzuetan agertutako berri bat ekarri nahi izan dugu lerrootara, besteak beste El Mundo edo Vocento taldeko El Correo eta Diario Vasco-n; Nagore López de Luzuriagari etxean aurkitu zioten dokumentu bat zela-eta: “Etxerat erakundeko arduradun batek `Terrorista bat nola fabrikatu´ eskuliburua zuen etxean”.

 

nola fabrikatu terrorista bat azalaFilm dokumentala
“Terrorista bat fabrikatzeko gidaliburua” film dokumental bat da. Pragako Arte Akademiako ikasleen zinemaldian, Famufest-en proiektatu zutela-eta (orain urte batzuk); Cesky Rohzlas irratiak web atarian jaso zuen ekitaldia “Euskal Herriko errepresioa txekiar pantailetara heldu da” izenburupean. Espainiar lege antiterrorista protagonista izan da Famufest-en, zioen kazetariak. Txekiar batek zuzendutako dokumentalak auzitan jartzen du Euskal Herriko errepresioa.

Ezker Abertzaleak pairatzen duen jazarpenaren gaineko kanpo ikuspegi bat ematen du Nafarroako “alde euskaldunean” filmatu zen dokumentalak, testuaren aburuz. Tereza Reichová zuzendari duen lanak ormetako pintadak ditu abiapuntu, eta hauen harira, Iruñea zein inguruko herritarrek iritzi politikoak ematen dituzte.

“Terezak kalean zebilenari egiten zizkion galderak, eta herritarrek zabal erantzun -dio Kristýna Toupalová filmaren lan taldeko kideak-. Ordu laurden edo ordu erdiz iritzi politikoak agertzen zituzten herritarrek; Txekiar Errepublikan ez bezala”.

Dokumentalaren egileek onartzen dute borroka armatua gai delikatua dela, jarraitzen du artikuluak. Horregatik erabaki zuten gaia dokumentalera ez eramatea; bazekiten-eta euskal gatazkari buruzko iritzi kontrajarriak direla Espainian. “Errepresio bortitza erabilita ez da ezer konpontzen, alderantziz, jendea `muturreratu´ egiten da. Batzuetan, bakezalea izan baina jazarpen itzela pairatu izan duenak ere gainditu dezake muga hori”, Toupalová-ren esanetan.

“Manuál na výrobu teroristy” 2010eko dokumentala da (92 minutukoa), Tereza Reichová, Vladimír Turner, Kristýna Toupalová eta Martin Klusák zinema ikasleek egina. Lana Europako zinemaldi askotan aurkeztu duten arren -sari garrantzitsu bat ere irabazi zuen Txekian-, “zaila izango da Espainian onartua izatea horren izenburu polemikoa izanda”, onartzen zuten egileek.

 

nola fabrikatu terrorista bat testuliburua dokumentalaDokumentala ikusteko
Tereza Reichová-ren filma dokumentalak online ikusteko Europako zinemaldi batzuk duten dafilms.com atarian aurkitu dugu eta bertako lehen bost minutuak ekarri ditugu azpira, lagin gisa. Osorik ere ikusgai duzue, doan, honako loturan: http://dafilms.com/film/7975-manual-na-vyrobu-teroristy/.

Sinopsiak honela dio: “Euskal Herriko lurraldeetako batean, Nafarroan, zuzendariak -hau da, arrotz batek- ormetako pintada politikoen aurretik igarotzen diren herritarrak gelditzen ditu, eta hauei buruzko azalpenak eskatzen dizkie; zergatik margotu dira eta zer esan nahi dute.

Iraupen luzeko dokumental bat, errepresioari buruzkoa, lege anti-terroristei buruzkoa, eta gure muga amankomunen barruan -Europan- gertatzen denari buruzkoa”.

* Antza denez, Tereza Reichová-ri heldu zaio komunikabide batzuetan, Lopez de Luzuriaga atxilotu zutela-eta, “froga larritzat” etxean bere dokumentala aurkitu izanaren berria zabaldu dela. Eta gauzak argitze aldera, zinema zuzendariak EFE agentziarekin harremanetan jarri nahi izan du; ez ei du inor aurkitu hariaren beste aldean. Gauzak horrela, Reichová ikasle izan zen FAMU unibertsitateko Pavel Jech dekanoak ohar bat idatzi du komunikabideei helarazteko, eta bertatik atera dugu filmari buruzko informazioa.

 

atxiloketak, dokumentala, errepresioa, ETA, etxerat, nafarroa, Terrorista bat nola fabrikatu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude