Temoso eta ezjakinak
Temoso eta ezjakinak –
Declaro: Sentir el Alarde tal y como lo recibimos de nuestros antepasados (…) proteger, transmitir y difundir el valor del Voto y de nuestro Alarde, contemplando a la mujer en la participación del propio Alarde como representación única de la figura de la cantinera.
Ser conocedor de que cualquier acción por mi parte en contra del punto anterior supone mi inmediata expulsión y pérdida de la condición de socio de Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkartea.
Urtero-urtero prentsan agertzeari gustua hartu diote Hondarribiko batzuek. Horrela, urte batean bai eta hurrengoan ere bai, kanpaikada jotzen dute ditxosozko alardearen kontuarekin. Eta onartu behar diegu sormena badutela. Mugak gainditzen dituzte.
Aurten Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkartearen eskutik iritsi da notizia. Izen luzeko talde horren bazkideei goian ageri den testu hori sinarazi omen diete. Irratian entzutean ez nuen sinetsi, fake bat zelakoan geratu nintzen. Baina herriko alkatea ere horretaz mintzatu zen eta ziplo konturatu nintzen benetakoa zela.
Saiatu naiz testuaren euskarazko bertsioa bilatzen. Ez dut aurkitu. Euskara ongi dago elkarte eta denden izenetarako, goiburuetarako… baina kontu serioez jarduteko espainola bezalakorik ez dago. Hala ere, zaila zuten espainolezko bertsio hori okerrago idaztea. Zein baldar eta akatsez betea dagoen horren testu laburra. Hori idatzi duena ikasle banu, Ez nahiko borobila jarriko nioke.
Mamiaren aldetik, psikiatrarengana joateko modukoa da Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkartearen testua. Alardea sentitu behar dute gure ahaide zaharrek bezala. Honek erantzunik gabeko galderak besterik ez du sortzen: noren arbasoak (testua sortu dutenenak? Joxe arrantzalearenak? Pepita dendariarenak? Edo Iker eta Iratirenak?), noizkoak (orain berrogeita hamar urtekoak, orain ehun urtekoak, XIX. mendekoak, XVIII. mendekoak…), jakin al daiteke arbaso horiek planteatu ere ez zitzaizkien galdera eta kezkei nola erantzungo zieten eta, zailago, nola erantzungo zuketen egun bizi balira? Naturalak ematen ez dienez adimen artifizialaren bitartez, Joxe Miel Barandiaranen espiritua esnatu eta haren Orakulua aditu beharko.
Eta nola neurtu sentimendu hori? Kontu bakarra aipatzen da horren adierazgarri: emakumeen parte hartzea. Arlo askoren inguruan hitz egin liteke ahaide zaharren alardeei buruz hastekotan: nolako jantziak erabiltzen zituzten (oihalen kalitatetik hasita), zenbat edaten zuten, nolako debozioz joaten ziren elizara, Guadalupera inor autoz igotzen ote zen, nolako eskopetak eramaten zituzten, megafoniarik ba ote zegoen, noiz hasi ziren beraneanteak bertan, txinatarrak edo senegaldarrak onartzen zituzten…? Eta musikaren inguruan dabilen elkarte bat denez, horrekin zerikusirik dutenak aipa litezke: nolako tresnak erabiltzen zituzten (plastikozko txilibitu horiek… Saxofoiak noiztik diren zilegi, Japoniako jatorria duten tresnak noiztik erabiltzen diren), nolako harmonizazioak jotzen zituzten gure zaharrek, lehenago Musika Bandan emakumezkoak aritzen ote ziren… Txatxukeriak. Kontu garrantzitsu bakarra dago: Alardean emakumeen parte hartzea. Halako obsesio modukoa dute. Hitz nagusiak dira.
Testuaren estiloa jatorra da. Jatorregia: arbasoenaren modukoa alegia. Capitán Trueno komikien solemnitatea imitatzen du eta naftalina usaina dario.
Dagoeneko, urteroko berri sortzaile hauek halako samurtasunez begiratzen ditut. Etorkizun onik ez dutela badakite barru-barruan, herriko gazte jendea kokoteraino dagoela eurekin, eta beste asko Hondarribiko izena eta izaera okerrerako famatzen ari diren ustean daudela… Baina temoso ekiten diote. Feijoo gogorarazten didate.
Izkribuaren errematea: garai bateko inkisidoreen jokabidea atxiki dute eta goi asmo horien aurka doan inor elkartetik kanporatua izango da. Betiko infernura. Konjuratu egin dira, saiakeran hilko direla jakin arren. Trukean, Alarde salbatzaileen zerura joango dira noski.
Bitartean doazela idazketa ikastaro batera. Zuzen idazteak ongi pentsatzen laguntzen baitu.
Temoso eta ezjakinak
Hau tragedia alardearena! Emakume gaixoak!
Bitartean Ukrainan 400.000 gizon inguru hiltzera kondenatu dituzte (momentuz, gehiago izango dira), emakumeak parte hartzera behartu gabe. Gizonak preso hartu dituzte heriotz ziur batera bidaltzeko, ezin herria utzi… baina emakumeak ez. Berdintasuna, nahi denean!
400.000 gizonen heriotzak bost axola. Garrantzitsuagoa da desfile txatxu bat.
Noizean behin diskriminazioaren balantze serio bat egitea komeni da. Ez da berdina jai batean parte hartzearen garrantzia, edota hiltzera kondenatua izatea gizon izate hutsagatik.
Baina, azken batez, alarde hori ez al da gerraren apologia bat, alegia, armen eta soldadutzaren, armaz borrokatzearen goraipatze bat? Nolatan ez dago debekaturik aspaldi, hala gizonezkoentzat nola emakumezkoentzat??
Ez bada. Alarde hori kolonialismoaren erakusgarria baino ez da. Nola Nafarroa suntsitu zuten eta nafar haien ondorengoek, lotsagorriabematen dit, haren harro diren, hain dira ezjakinak! Akulturazioaren eta klasikoaren erakusgarria, besterik ez da.
Oso ona! Eta ahaide zaharren alardeak nahi badituzte egoki mantendu, ez dakit nolatan hain lotsagabeki baztertu duten ahaideen hizkuntza: euskara. Bi belaunaldietan erabat lurperatu dutena