Telefonoz deitzen duen jendea
Telefonoz deitzen duen jendea –
Mikel Iturriak Harrikadak blogean.
Bi pertsona mota daude: telefonoz deitzen dutenak eta telefonoz deitzen ez dutenak. Ni lehen taldekoa naiz eta uste dut pandemia garai honetan garrantzitsua dela jendearekin hitz egitea, jendea entzutea. Batez ere zaharrak.
Nabaria da pandemiak ohitura aldaketak ekarri dituela. Baten bat ona. Adibide moduan, nire kasuan kilometro gehiago egiten ditut oinez.
Bakarrik ateratzen naizenean hiru plan izaten ditut.
Lehena da inolako aparaturik gabe joatea: hau da, Google etxean uztea.
Bigarrena da podcast-ak entzutea telefonoan.
Eta hirugarrena da gaurko apunte honi izenburua zor diona: lagunei telefonoz deitzea.
Bonus track moduan: badago bi eta hiru aukerak nahastea ere.
Elkarren berri izateko modu asko baldin badaude ere, ez da gauza bera mezu idatzia bidaltzea aplikazio bat erabiliz edo bestearen ahotsa entzutea.
Aurreko batean, gure WhatsApp talde jendetsu batean Atlantikoaren beste aldean dagoen ezagun batek audio-oharra bidali zigun. Minutu bat pasatxo zen, baina batzuk kezkatuta gelditu ginen. Haren ahotsaren tonua ez zen batere baikorra. Eta hori ez genion atzeman idatzizko mezuetan.
Nire kasuan, telefonoz deitzearena amarengandik datorren zerbait da. Haren alde sozialaren zati bat etorri baitzait niri oinordetzan. Ez naiz haren parekoa, ezta gutxiago ere, ama familiako nodo bat baita: asko gustatzen zaio jakitea besteak nola dauden.
Aita ez zen horrelakoa. Gogoan dut biak elkarrekin paseatzera ateratzen zirenean ama jende askorekin gelditzen zela. Aitak, berriz, jendea agurtu bai, baina aurrera jarraitzen zuen… handik 50 metrora gelditu behar bazuen ere, amaren zain.
Gogoan dut telefonoa etxean sartu zenean. 615560 zenbakia etorri zait bat-batean akordura. Esango nuke 1980. hamarkadaren hasieran izan zela.
Garai haiek ezagutu zenituztenok badakizue telefono-deiaren kostua aintzat hartzekoa zela. Zaila da hori esplikatzea deien tarifa planoa dagoen garai hauetan. Baina elkarrizketa bat gehiegi luzatzen zenean, gazteok atzetik genituen gurasoak mozteko keinuak eginez. Dirutza izan zitekeelako.
Ideia hau Rafael Berrioren «Absolución» liburuaren aurkezpenaren ondoren bota nuen bizpahiru lagunen aurrean. Horietako batek jaso zuen eta txio bihurtu.
Y qué alegría veros a todos, joder. Mucha razón, @iturri, hay que llamarse por teléfono, en estas circunstancias no basta el email/rrss. A algunos les intuí bajos también, muy comprensible. En fin, como mejores no vamos a salir tratemos al menos de hacerlo bien mientras dure.
— Eduardo Ranedo (@EduardoRanedo) November 1, 2020
Isolamendura jotzeko joera dagoen garai hauetan, komeni da elkarren berri izatea.
Deitu lagunei, kopon. Eta gurasoei zein aiton-amonei zer esanik ez!
Rafael Berrio aipatu dugunez haren letrak jasotzen dituen «Absolución» liburua aurkeztu zen larunbatean Tabakaleran. Behean itsatsitako txioen artean pare bat bideo daude.
Era berean, bezperan hiru kantez osaturiko EPa kaleratu zen. Hona hemen hiruak bata bestearen atzean.
Datozen hilabeteetan ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dago. Erakusketaren bat, kontzertu majo bat…
Rafael Berrioren «Absolución» liburua aurkeztu da gaur Tabakaleran Puntu Duela 7 hilabete hil egin zen Puntu Oso ekitaldi berezia niretzat Bi puntu samurra eta txorakeriarik gabekoa Puntu Handia zen Rafa eta egongo dira omenaldi gehiago Amaierako puntua
— Mikel Iturria (@iturri) October 31, 2020