Teknopolis-en saio berezia: Emakumeak zientzian
Teknopolis-en saio berezia: Emakumeak zientzian
Martxoaren 11n (larunbata), 21:00etan, emakumeek zientzian duten egoerari buruzko saio berezia emango dut Teknopolisek, ETB1ean.
Munduko ikertzaileen herena baino gutxiago dira emakumeak; % 28, UNESCOren arabera. EAEn, % 35 dira, baina, ardura-eskalan zenbat eta gorago jo, orduan eta txikiagoa da ehuneko hori.
Berdintasun falta ez da zientzia-arloaren berezitasun bat, baina kontu batzuk zientziari dagozkio berariaz. Adibidez, medikuntzan, botika berriak probatzeko edo gaixotasunak ikertzeko, ia sistematikoki baztertu izan dira emakumeak. Ondorio zuzen bat: emakumeetan hilgarriagoa da infartua, gutxiagotan diagnostikatzen delako garaiz. Eta Estatu Batuetan, esaterako, merkatutik kentzen diren botiken % 80ren atzean emakumeetan agertu diren albo-ondorioak daude, ikerketa-fasean aztertu ez zirenak.
Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondorenean, saio monografiko bat eskainiko diogu emakumeek zientzian duten egoerari. Non daude emakume zientzialariak? Zergatik uzten dute gizon baino emakume askoz ere gehiagok karrera zientifikoa? Nola izan daiteke ikerketa-lan bat objektiboa eta bikaina ez baditu emakumeak aintzat hartzen?
Hori guztia aztertuko dute, mahai-inguruan, hiru aditu hauek:
- Teresa Nuño Angos, Kimikan doktorea eta EHUko berdintasunerako zuzendari ohia.
- Arantxa Gonzalez de Heredia Lopez de Sabando, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko ikertzailea, berdintasun-planaren koordinatzailea.
- Elena Aldasoro Unamuno, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko medikua, medikuntzan eta berdintasunean aditua.
Mahai-inguruaren osagarri, beste lekukotza batzuk ere azalduko dira:
- Ainhoa Madariaga Martinez, Ikerbasque Fundazioko proiektu-kudeatzailea.
- Estibaliz Capetillo Zarate, Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikertzailea.
- Marta Macho Stadler, UPV/EHUko matematikaria, Mujeres con Ciencia blogaren sortzailea eta 2016ko Berdintasunerako Emakunde saria.
- Ana Galarraga Aiestaran, Elhuyarreko Zientzia Unitatearen komunikazio-arduraduna.