Asteko zinema estreinaldiak!

Asteko zinema estreinaldiak!

Estreinaldiak: Martxoak 10

Asteko zinema estreinaldiak

EGILEA: MAIALEN GOÑI

 

I am not Madame Bovary 

Iazko Donostia Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zituen Txinatik datorren filmak. Hori gutxi balitz, Torontoko Jaialdian ere FRIPESCI saria eskuratu zuen iaz. Dena den, denetariko iritziak eragin ditu, eta bada lana aspergarria iruditu zaionik ere. Filmak Li Xuelian emakumearen hamar urteko borroka kontatuko du. Andrazkoak dibortzio bat asmatuko du apartamentu bat eskuratzeko, baina gizona berriz ezkonduko da, eta gauzek okerrera egingo dute. Hamar urtez luzatuko den borrokaren ondoren, gizakion gabeziez jabetuko da Li Xuelian.

Aquarius

Nazioarteko hainbat jaialditatik, hala nola, Cannes, Habana eta Valladolideko festibaletatik, igaro da Kleber Mendonça Filhoren lana. Clara, 65 urteko musika kritikari ohia, 1940an eraiki zuten Recife hiriko Aquarius eraikin berezian bizi da. Egun batetik bestera, etxebizitza-agentzia batean lan egiten duen gizon batek eraikineko pisu guztiak erosiko ditu, baina Clarak uko egingo dio bere etxea saltzeari. Ondorioz, agentziarekin borrokan hasiko da, eta tirabirek bere bizitzarengan, iraganarengan eta maite dituenengan pentsatzera eramango dute.

Asphalte

Elle (Paul Verhoeven, 2016) eta L’avenir (Mia Hansen-Løve, 2016) lanengatik saritu duten Isabelle Huppert aktore frantziarra da filmeko protagonistetako bat. John Mckenzie astronauta Parisko aldirietako eraikin baten gainean eroriko da. Bertan hainbat bizilagunekin egingo du topo, tartean, Jeannekin (Isabelle Huppert). Filmak bizilagunen arteko harremanak islatuko ditu. Samuel Benchetriten drama egokitutako gidoi onenaren Cesar saria jasotzeko hautagaia izan da aurtengo Cesar sarietan.

Under sandet

Danimarkatik, ostera, Martin Zandvlieten Under sandet (Land of Mine) gerra giroko drama helduko zaigu, iaz ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren Oskar saria eskuratzeko hautagaia izan zena. Filmak Bigarren Mundu Gerra osteko pasarte ezezagun bat azaleratu du: Danimarka mendebaldeko kostan, nazien armadak lurperatutako milaka mina jasotzera behartu zituzten soldadu alemaniar gazteen istorioa. Filmak presoek jasandako tratu txarrak erakutsiko ditu.

Keeper

Guillaume Senezk, ostera, hamabost urteko Maxime eta Melanieren arteko maitasun istorioa izango du ardatz Keeper filmean. Sentikortasun handiz, bi gazteek euren sexualitatea elkarrekin nola esploratzen duten erakutsiko digu. Egun batean, baina, Melaniek haurdun dagoela jakingo du, eta haurdunaldia eteteko ala harekin aurrera jarraitzeko erabakiak bi sendiak nahastuko ditu. Kacey Mottet Klein eta Galateá Bellugi aktore gazteek antzeztu dituzte pertsonaia nagusiak.

Uncle Howard

Howard Brookner zinegileari buruzko dokumental biografikoa. Zuzendaria 1989an hil zen New Yorken, HIES gaitzaren ondorioz. Bere azken lana izango zenaren postprodukzio fasean zegoen garai hartan, eta heriotzaren ostean, William Burroghsen bunkerrean gorde zuten material guztia. Ia 30 urte geroago, Brooknerren iloba Aaronek osabaren istorioa eta haren memoria gogora ekarri nahiko ditu.

The Founder

50eko hamarkadan, Richard eta Maurice McDonald anaiek hamburgesa jatetxe bat zuten Kalifornia hegoaldean. 30 segundotan prestatzen zituzten jatekoak. Ray Kroc izeneko Illinoiseko saltzailea harrituta geratu zen bi anaiek zuten sistema azkarrarekin, eta frankizia arrakastatsu bat irudikatu zuen bere baitan. Esan eta egin: McDonald anaien ideia bereganatu, eta egungo janari azkarraren imperio bilakatu den McDonald’s katea sortu zuen. John Lee Hancocken gidaritzapean aritu dira Michael Keaton, Laura Dern, Nick Offerman, Linda Cardellini, Patrick Wilson eta B.J.Novak aktoreak.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Asteko zinema estreinaldiak!

Euskal pantailaren gunea