Tamarindoen bideozaintza adimentsua

Tamarindoen bideozaintza adimentsua –

Bideozaintza ez da gauza berria gure kaleetan, ez Donostian, ezta Euskal Herrian ere, baina bereziki larria dena zera da, segurtasunaren eta kontrol sozialaren areagotzea dakarren bideozaintza adimentsuaren hazkundea inolako eztabaida sozialik gabe eta isilpean ematen aritzea. Izan ere, adimen artifizialaren eta bideozaintzaren arteko uztartzea bideratzen duen teknologia berria bazter guztietara indarrez zabaltzen ari da Euskal Herrian ditugun segurtasun indar guztien eskutik, izan lokalak, autonomikoak, estatalak zein nazioartekoak, baita Donostian ere.

Tamarindoen bideozaintza adimentsua
Arg: Scott Webb

Egun bakarrean edota astebetean egiten dugun bizitza normala ikuspuntu honetatik aztertuko bagenu, beldurtzeko moduko errealitatearekin egingo genuke topo: kalera atera bezain laster, bideozaintzarako kameren zaintzapean jartzen gara, geu ohartzen ez bagara ere. Ehunka kameren begiradapean bizi gara egunero; kalean, aparkalekuan, plazan, edonolako espazio publikoan, lantokian, garraioan, kutxazainean, bankuan, merkataritza gunean, kiroldegian, zineman, unibertsitateko kanpusean… Orain, adimen artifizialarekin errealitate hori askoz ere gogorrago bihurtu da.

Isilpean zabaltzen ari diren bideozaintza adimentsuaren bidez, kamerek ikusi ezezik, zaindu ere egiten dute, pertsonak ezagutuz edota ustezko jokabide susmagarriak detektatuz. Hori guztia gutxi balitz bezala, kamerek jasotako irudi eta informazio hori administrazioak gutako bakoitzaren inguruan dituen beste datu baseekin gurutzatu eta norberaren bizitzaren inguruko informazio osoa eskuratzeko bide informatikoa zabaldu dute. Non bizi garen, non, nola eta norekin mugitzen garen, zer egiten dugun, non lan egiten dugun, nola portatzen garen, isunik ala zigorrik jaso dugun, zer erosten dugun, zer jaten dugun, zer ikasten dugun, nolako gaixotasunak ditugun, nolako banku kreditua dugun… den dena loturik geratuko da ondorengo urteetan.

Prentsak kaleratu eta inork gezurtatu ez dituen datuen arabera, Ertzaintzak 300.000 aurpegi eta 590.000 hatz marka jasoak ditu dagoeneko, bere informaziorako adimen artifizialean oinarrituriko sistema biometrikoan… Baina Ertzaintzak aitortu zuenez, 1982. urteaz geroztik 67.000 atxiloturi egin omen dizkie polizia fitxak. Norenak dira orduan, gainerako aurpegi eta hatz markak eta nola jaso izan dira datu horiek? Telefono mugikorren kontrolen bidez zenbat datu eskuratu ditu Ertzaintzak inolako baimen juridikorik gabe, segurtasunaren izenean?

2021ean, Barne Kontseilaritzak onartu zuen bere gastuen %28 “finkoak eta mugikorrak diren telekomunikaziorako ekipamendu elektroniko eta informatikoak finkatzeko” erabili zituela. Ertzainen datuez gain, zenbat aurpegi, hatz marka eta ezaugarri biometriko zein ADNak ditu jasoak Euskal Herrian Guardia Zibilak, Polizia Nazionalek, CNIk, Gendarmeriak, DSTk, Polizia Foralak eta Udaltzaingoak? Hiru milioi eskas dituen Euskal Herrian, arrazoi batengatik ala bestearengatik, zenbat gara fitxaturik gaudenak? Bada, herritar guztiok geure mugikorren kontrolaz gain, hemendik aurrera bideozaintza adimentsuaren bidez ere kontrolatuko gaituzte eta horretarako urratsak ematen ari dira.

Bide horretan, joan den abenduaren 14an Donostiako Udalaren gai informatikoak lantzen dituen DonostiaTIK erakundeak bideozaintza adimentsua indartzeko eta bideratzeko lehen urratsak eman zituen, besteak beste, bideo kamera berriak erosiz. Horrez gain, kamera horiek adimen artifizialarekin funtziona dezaten beharrezko azpiegitura teknologikoa ere instalatzea erabaki zuen, jasotako irudiak Udalaren eta Udaltzaingoaren esku jartzeko. Berrikuntza horiek guztiak Europako NEXT Generation funts famatuen laguntzaz eraman nahi dira aurrera. Horretarako, ez dugu Europar Batasunaren funtsik nahi.

Besterik gabe, eta inolako eztabaida sozialik gabe, onartu behar al ditugu horrelako kontrol sistemak Euskal Herrian, eta gure kasuan, Donostian? Kontxako baranda edota Alderdi Ederreko tamarindoak bezala, gure hiriko paisaiaren partetzat jo behar al ditugu bideozaintza adimentsurako kamera berriak, gure mugimendu guztiak kontrolatzeko tresna izango direla jakinik? Mozal hiria den Donostian, zenbat kamera dauden edota zenbat jarri nahi dituzten ere ez digute esan nahi, ez kamera publikoak eta ezta pribatuak ere, noski. Eta nork kontrolatuko ditu kontrol sistema indartsu horiek kontrolatzen dituztenak? Nork eta nola kontrolatuko du kontrolatzailea? Izan ere, gu guztiok kontrolatuak izango gara, baina guk ez dugu beraiek kontrolatzeko aukerarik izango.

Gero eta argiago ikusten ari gara ustezko segurtasunaren izenean gure oinarrizko eskubideak suntsitzen ari direla, besteak beste, agintean dauden indar politiko nagusi guztiek Euskal Herri osoan horren alde jotzen dutelako. Horretarako, Estatuen eta Europar Batasunaren laguntza osoa dute gainera.

Munduan egin diren hainbat ikerketek adierazi dute bideozaintza adimentsuak zenbait egoeratan eta tokitan segurtasuna areagotzen duela; baina era berean, askotan, segurtasuna bermatu beharrean, arriskuak beste toki batera eramaten duela eta gauzatzeko modu berrien asmaketa bultzatzen duela. Ordaintzen den prezio soziala izugarria da: jendartearen kontrol osoa burutzea zenbait gertakari larri ekiditearen truke. Hori da Donostiara eta Euskal Herrira datorkiguna. Presta dezagun erantzuna.

 

Maria Luisa Sanchez, Andoni Rodriguez, Urko Seis Dedos, Loren Roca eta Joseba Alvarez

PIZTU Donostiaren izenean

Tamarindoen bideozaintza adimentsua Tamarindoen bideozaintza adimentsua Tamarindoen bideozaintza adimentsua Tamarindoen bideozaintza adimentsua