Sormen Poloak lan erreminta erabilgarriak eskeini dizkie parte-hartzaileei
Hogeita bederatzi gazte aritu dira, eta zazpi proiektu aurkeztu dituzte Dantzaz Konpainiak eta Eikenek proposatutako erronkei irtenbidea emateko
Diziplina anitzeko taldeak osatu dira, prozesua aberastuz
Atzo bukatu zen Sormen Poloetako bigarren edizioa. Transcreativa egitasmoak antolatu duen formazio programan aritu diren 33 gazteek Dantzaz Konpainiak eta EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak proposatutako erronkei emandako soluzioak aurkeztu dituzte azkeneko saioan, eta orain, enpresei dagokie proposamen bideragarritasuna aztertzea.
Erabakiaz haratago, argi geratu da gazteek lanketa serio eta profesionala gauzatu dutela urriaren 23az geroztik hona. Bederatzi lan-saioetan 7 proposamen landu dituzte. Horietako 4, Dantzaz Konpainiari zuzenduta. Hain zuzen, Konpainiaren komunitatea sortzeko –ikusleak, bazkideak, enbaxadoreak, eta abar– eta eurekin harremana sustatzeko, konpainia babesteko eta konpainiaren biziraupena bermatzeko xedez.
Laburtuz, komunikazioari arreta gehiago jartzea –bi taldek antzeman dute gabezia bera–; Errenterian dantza-laborategia sortzea; edo-eta dantza eskola profesional bat sortzea eta kudeatzea izan dira aurkeztutako soluzioak.
Bigarren erronka
Ikus-entzunezkoen alorrean, profesionalak eta profesionalak ez direnen arteko lan-metodologia garatzea ikus-entzunezkoen merkatuak ezartzen dituen beharrei erantzuteko. Horixe zen EIKENek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, proposatu zuen erronka.
Gazteen irtenbideak, berriz, Eiken Talent saria sortzea, profesionalak, ikasleak eta ikus-entzunezkoen alorrean dabiltzanen arteko elkarlana sustatzeko; On-line plataforma sortzea, profesional eta gazteen elkarlana bideratzeko; eta hirugarrena, aurrekoaren bide beretik, baina helburu ezberdinarekin: beste on-line plataforma sortzea, oraingoan ekoizle eta gazte sortzaileen artean bitartekari funtzioa izango duena.
Sormen Poloetako mentoreak bigarren edizioaren balorazio “positiboa” egin dute. Barbara Basoak gertutik jarraitu du prozesua, tutore lanetan aritu baita. Bere hitzetan, nabarmentzekoa izan da “prozesuan zehar gazteak konfiantza irabazten nola joan diren ikustea izan da”. Bide beretik, “diziplina anitzeko taldeetan aritzea oso aberasgarria dela eta gazteen artean sortu den lanerako giro aproposa” azpimarratu ditu.
Gazteek, bere aldetik, Sormen Poloetan ikasi dituzten lan erremintak “etorkizunean baliagarriak” suertatuko zaizkiela adierazi dute.