Soldatak Hego Euskal Herrian (2012-2016)

Soldatak

Estatu mailako Estatistika Institutuak soldaten inguruko datu berriak eman ditu, baina zaharrak berri, amorragarri, eta Hego Euskal Herria berdinetan dabil. Soldatek beheranzko joera nabaria mantentzen dute, eta bada ikaragarri harritu nauen ñabardura bat. EAJ oso zalea da gure ekonomiako datu ezberdinak estatukoarekin alderatzen, normalean irabazten ateratzen “garelako”; baina begira, oraingoan ez, “Espainia” baino joera okerragoa daukagu. Islatzen den bilakaera 2012-16 bitartekoa da.

soldatakAskoz gehiago prekarizatu, gainera, lehen ere prekarioa zen lana. Hots, hileroko soldaten gorabeherak baino askoz gehiago egin dute behera ordukako salarioek, eta tamalez, badakigu horrelako kontratuak izugarri igo direla. Biak ala biak, mantendu, jaitsi, edo pixka bat bat igo arren, testuinguruan jarri behar dira, eta azken hamar-hamabost urtetan mugitu ez diren soldatak daudela kontutan hartu, inflazioa eta mila gauzen prezio gorakada egon dela ahaztu gabe.

EKAI Centerren bitartez iritsi naiz informazio honetara, eta talde honen arabera, nabarmendu beharreko ezaugarri bat dago. Hego Euskal Herria, makroekonomiari dagokionez, igo egin da; baina gehiengoen sakela ez. Lan erreformak zerikusi handia dauka horretan.

Instituzioek zerikusi handia daukate, eta atzoko hauteskundeen ondoren euskal erdiko gobernamendua egokitu zaionak baditu eskumenak, eta eragin ahalmena. Baina gakoa ez dago hor.

salario-minimoEuskal Langile Herria borrokalaria izan da, egurra banatu duten sindikatuak eraiki ditu, langile autonomiaz jokatzen ere asmatu da, eta eredugarria izan da beste askorentzat, ez daukat zalantzarik. Baina badakigu zein den egi gordina: azken urteetako tendentzia ez da hori. Borrokak egon dira, noski, baina kasu gehienetan oso fokalizatuak, beste askotan enpresako langileak banatuta, eta ia beti jendartearen osotasunera zabaldu gabe. Lan erreforma sartu ziguten, eta hemen jarraitzen dugu, gutxi batzuk protestan, gutxi batzuk borrokan, gutxi batzuk beste indar harreman bat sortzeko kondizioak sortu nahian.

Duela urte batzuk greba orokor baten prestaketa lanean hartu nuen parte, eta fabrika batean adiskide batekin berriketan aritu nintzen. Berak, konfidantza osoz, esan zidan ez zeukala greba egiteko asmorik, bestela soldatatik 120€ kenduko zizkiotela. Orduan 1500€ inguru kobratzen zuten; gaur egun ez nago ziur 1200€-tara iritsiko ote diren. Gaurko ogia, biharko gosea; egin lo eta jan mehe.

soldatak