Irudi berrituarekin dator TEKNOPOLIS saioa

Irudi berrituarekin dator TEKNOPOLIS saioa

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuzen, asteburu honetan abiatuko da Elhuyarrek eta EITBek ekoizten duten saio honen denboraldi berria, hemeretzigarrena.

Irudi berrituarekin dator TEKNOPOLIS saioa

Denboraldi honetan, Iñaki Leturia Yurretak jarraituko du aurkezle-lanetan, eta Nagore Rementeria Argote izango da zuzendaria. Lantaldea, berriz, eskarmentu handiko zientzia-adituek eta kazetariek osatzen dute.

Leturiak aurkezpenean azaldu duenez, aurten gai tematikoak lantzeko asmoa dute; hala, gai jakin baten inguruan dauden “ertzak” erakutsiko dituzte, erreportaje eta atal desberdinen bitartez. Lehen saioetako gaiak ere aipatu ditu:  animaliak, genetika, zahartzaroa, izotza… “Eta guztia irudi berrituarekin jantziko dugu”, aurreratu du. Telebistako irudia ez ezik, webgune berritua ere erakutsi du, eta gailu mugikorretara egokituta dagoela nabarmendu.

Hain zuzen ere, Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak ohartarazi duenez, hemeretzi urte egin baditu ere, saio freskoa eta garaikidea izaten jarraitzen du Teknopolisek, joera berriei eta gizartearen eskaerei erantzunez beti ere.

Bide batez, babesleek emandako laguntza eskertu du Canciok, eta EITBrekin duen lankidetza azpimarratu du. Cancioren hitzetan, “erakunde horiek zientzia eta teknologiaren dibulgazioarekin duten konpromisoa islatzen du haien babesletzak”. Konpromiso hori aitortzeko egin da, hain zuzen, babesleetako baten egoitzan aurkezpena, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroan.

Itziar Azpeitia Iruretagoiena ETBko Programa Saileko arloburuak ere izan ditu esker hitzak babesleentzat. Teknopolisi buruz, berriz,  saio “moderno, lehiakor, aktual, ikusgarri eta hezitzailea” dela esan du, eta jasotako sariak gogoratu ditu. “Berme horrekin, ETBk beste behin konfiantza eskaintzen dio Teknopolisi”.

Leire Bilbao  Elgezabal Eusko Jaurlaritzako Estrategia eta Teknologia Zuzendariak, azkenik, saioak gizarteari egiten dion ekarpena azpimarratu du: “Garrantzitsua da jendeak ezagutzea zer egiten den enpresetan eta ikerketa-zentroetan; horregatik da beharrezkoa Teknopolis saioa”.

Teknopolis larunbatero emango dute ETB1en 13:30ean, eta astelehenetan errepikatuko dute 18:15ean; eta ETB2an, berriz, igandetan, 09:30ean, eta ostegunetan errepikatuko dute 11:00etan.

Hauek dira saioaren babesleak: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; Energiaren Euskal Erakundea (EVE); Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea; Nafarroako Unibertsitate Publikoa; Mondragon Unibertsitatea; FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa, eta TKNIKA, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa.

lantaldeababesleak
ARG: Teknopolisen lantaldea eta babesleak, TKNIKAren egoitzan, aurkezpenaren amaieran (EITB)
Irudi berrituarekin dator TEKNOPOLIS saioa

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.