Soldadutza unibertsala
Soldadutza unibertsala –
Azken berrogei eta hamar urteetan zehar, jende batzuetarik, gaizki ikusia izaten zen derrigorrezko soldadutza Frantziako Estatuan, baita Europako lurralde askotan ere. Joan den mendearen hasierako nazionalismoek eratu zuten mentalitate militarista hertsi bat eta Frantziako gerla kolonialek eta 1968 urteko iraultzak “fama ona” kendu zioten urratsez urrats. Euskal Herriaren Hegoaldean ere, kontzientzia objektoreen mugimendua nahiko azkarra izan da. Horretaz oharturik haren denbora urterik urte murriztu dute Frantziako agintariek eta 1997-garren urtean azkenik betirako (?) kendu, soldadu profesionalei lekua utzirik.
Haren programari jarraituz, berrezarri du Emmanuel Macron Frantziako presidente berriak, hamasei urteko gazteentzat, bai neskentzat baita mutikoentzat ere, baina oso motza izanen da: hilabete batekoa gehi hautazko hiru hilabete. Ikuspuntu militarista eta antimilitaristetatik iker daiteke erreforma hori. Gogo militarra duenak esan dezake lau hilabete ez direla aski soldadu baten eratzeko; antimilitarista batek aldiz mentalitate militarista gogoratzeko aski dela adieraz lezake.
Soldadutza unibertsala horren hasiera legezko eskola denboraren bukaerari dagokiola ohartu behar da lehendabizi. Frantziako irakaskuntza sistemak akats asko ukanik azken denbora haietan, gutxi jakinik edo kasik analfalbeto gazte askok eskola uzten dutela ohartu dira agintariak eta huts horren betetzeko letorke soldadutza unibertsala berri hori.
Baina hilabete bat edo lau hilabete aski ote dira hamar urteetan zehar ez ikasia gazteek ikas dezaten?
Nire uste apalean hobeki litzateke errotik irakaskuntza sistema berrikustea, kontrola gehiago egitea eta lehen mailako ikasketak bukatu ondoren gazte guztiek oinarrizko gauzak jakin ditzaten neurri egokienak hartzea. Eskola irakasteko eta ikasleen aurrerapenak eta ezagutzak kontrolatzeko eta zaintzeko egina da.
Soldadutza berri horren helburua da Frantziako Estatu nazioaren erakundea gazteei irakastea. Afera hori eskolarena dela pentsatzen dut. Ez nuke iraganaldikerietan ibili nahi, baina bigarren mundu gerla ondoko hamar urteetan sortutakook oroitzen gara eskolan irakasten ziguten “Instruction Civique” delakoaz; bizi ginen Estatuaren gainean eta horren kudeatzen duten erakundeei buruz informazio oinarrizko aski hartzen genituen. Analfabetismoaren kasua bezalaxe, gai hori eskolaren egitarauetan ezarri behar da soldadutza (sasi) unibertsal baten zuzendaritzapean ezarri ordez.
Jalgipen gisaz, Frantziako ideologi jakobinoaren beste aurpegi bat dakusat erreforma honetan. Lehenik gazteek euren sortherritik urrun egin beharko dute soldadutza hau. Bigarrenik “Estatu nazioaren kontzientzia” gogoratu nahi zaie; ideologi erdiratzaile bat alegia. Horren aurka egiteko seigarren urtetik hamaseigarren urte arte arestian esan bezala irakaskuntza konpontzeaz gainera, herrialdeko ezagutza transmititu behar da, era guztietako eskoletan, imersio eskoletan, eskola elebidunetan, nahiz eskola elebakarretan. Dauden erakundeez jakiteak eta testuinguru etnolinguistikoaz jakitun izateak benetako herritar hobeak egiten dituzte.