Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia

Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia –

Datorren uztailaren 14an, zapatua, Kapanagazaleen taldeak, Otxandioko Udalarekin batera, Bittor Kapanagari buruzko bisita gidatu bat antolatu du.

Helburua Bitorrek egindako ekarpena modu atseginean ezagutzea da eta horretarako herrian zehar ibilalditxo bat egingo dugu eta, amaieran, berak idatzitako kantaren bat abestuko dugu denon artean. Azalpenetan ere Bittorren bizitzaren pasarte batzuk aipatuko dira, orduko egoera hobeto ezagutzeko. Bisita 11:00etatik 13:00 bitartean izango da, udaletxetik abiatuta.

Bittorren ekarpena arlo askotan izan da:

  • Euskera oro har: Araban hitz egin zen euskerari buruz proposamen bat egin zuen eta bizkaierarekin batera mendebalde izena proposatu zuen.
  • Euskal mundu ikuskera: bere “Euskaldunon ikuskera” liburua oso sakon eta aberatsa izan zen, arlo askotan ikuspegi txundigarriak eskainiz: euskaldunen erlijio zaharra (akelarreren asmakizuna okelerrearen ordez), aran…; hiru zuhaitzen kultura (aritza, lizarra eta urkia), bi iberiak, egun eta hilabeteen izenak, mediterraneo inguruko zibilizazio zaharrak, koloreen mundua, kosmoikuskera ur, su eta zuraitzaren bidez…
  • Euskeraren jatorria: bere hiru substratuen teoriak hitz asko azaltzeko bide eman digu eta zertzelada batzuk ezagutzea garrantzitsua da. Adibidez, IZ erroaren oparotasuna argi zentzuan (IZetu, pIZtu, IZarra, IZtant…), su zentzuan, uraren zentzuan… edo ABA erroa senidetasuna adierazteko (nEBA, arrEBA, alABA, izEBA, osABA…) edo beste erroena: AR/UR, IL, GE… Edo zergatik “euskera” proposatu zuen baturako eta ez “euskara”. Edo “garapena” terminoa zelan proposatu eta zabaldu den batuan…
  • Euskal kulturan arlo askotan laguntzen ibili zen: Durangoko Azokan, kazetari moduan, kantagintzan … Berak idatzitako kantak, adibidez kantari hauek abestu zituzten: Gontzal Mendibilek, Niko Etxartek, Josu Zabalak, Patxi Villamorrek, Txomin Bengoak. Adibidez, euskera batuaren aldeko kantarik ezagunena, “Araban bagare”ren letra berak idatzi zuen eta Gontzal Mendibilek musika jarri zion.
  • Herrigintza: arlo askotan ekarpen interesgarriak egin zituen: kooperatibak (etxea, tailerra) bultzatu, zinema sortzen lagundu…

Hau ez da Bittorren lanak ezagutzeko egindako lehenengo gauza. 2014an, hil zenetik 3 urtera, Kapanagazaleen taldeak, kantaldi-bertsoaldi bat egin eta bere lan batzuekin liburu bat argitaratu zuen.

Bisita gidatuan izena emateko: mikoletaelkartea@gmail.com edo 663 901 248 telefonoan

Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia

Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia