Sinestezina, Bingen

Sinestezina, Bingen –

Joxe Austin Arrieta Ugartetxea idazleak Berria egunkarian.

Sinestezina, Bingen(«Izozkailuan» eduki dut izkribu hau zenbait egunez. Zain edo. Ea beste norbait animatzen zen esan beharrekoak nik baino aldarte bizkorxeagoan eta, batez ere, baikorxeagoan esatera. Baina, nik dakidala, inork ez du publikoki kritikarik egin. Non eta –baliteke– niretzat zeharo arrotz den sare sozialen amaraunean izan ez den… Jalgi nadin plazara, beraz. Hauxe nioen, hauxe diot:).

Dozena-erdi bat aldiz gutxienez ekin diot egunotan ohar hau idazteari, baina ezin. Emozioaren eta arrazoimenaren arteko oreka lortzea ez da sekula erraza izaten. Eta tartean hain gauza larriak daudenean, are gutxiago. Baina zerbait esan beharko, isiltasuna ez baita beti parte oneko aholkularia izaten, mingostasunean beratzen utziz gero, behintzat, ez. Nahiz eta nondik eta nola hasi ere ez dakidan… Tira, bai. Ahalik eta sinpleen esango dut. Zera. PSEko eledun Asensiok Txillardegiri Gipuzkoako urrezko domina ukatzearren lehengoan esan zuena ez zitzaidan harrigarria iruditu –iraingarria bai, baina harrigarria ez–, zer hori, alegia, «bakearen aldeko profilik eza» eta abar. Donostiako alkate Goiak, halaber, bertako Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena ez ematearren birritan esan izan duena ere ez: ETAren sortzaileetarikoa izaki, arazoa dela, eta zabar. Dena den, politikari horiek, gehienak, ezjakinak dira euskal kulturan (euskarazko kulturan, bien entendu); oker egon ninteke, baina ez dut uste: ez ditut imajinatzen oporretara joaten, aldean, besapean edo e-bookean, Elsa Scheelen daramatela. Baina zuk, Bingen? Nola esan dezakezu horrelakorik zuk? Zu euskaldun euskaltzale kultoa zara. Zuk ondo ezagutzen duzu Txillardegiren obra. Beharbada osorik ez; nik neuk ere ez: ezinezkoa da gehienok garen urmael mugatuotara hura bezalako itsaso gainezkari bat errendiaraztea. Baina, hain zuzen ere horrexegatik, aintzatespena miresmen bihurtzea izan ohi da normalena, nik uste. Zuk, ordea, horren ordez, zer egingo-eta, Martin Villarekin konparatu –ez pertsonalki eta politikoki -baldinbaitere–, baina bai, iragana zuritzeko, Espainiako ministro falangista ohiak eta Txillardegiren ikasle-miresleok darabilgun jokabidea parekatuz. Ene bada. Sekula halakorik. Ez, ez nuen espero. Zur eta lur utzi nauzu. Haserre? Haserre bainoago, etsituta, esango nuke. Bai, etsituta. Ikusirik nola, sakonean, milimetro bat bera ere ez dugun aurreratu elkarrenganako zerean, elkarrenganako ez-dakit-zerean… (hitzak hain gastatuta daude, egon ere)… «Zuritu»? Zer du «zuritu» beharra Txillardegik, inoiz zurikeriaren ukiturik txikiena ere izan ez zuen gizon erraldoi hark? Edo, bera zendua denez, zer dugu «zuritu» beharra Txillardegirengan haren ikasleok?… Erakunde Terrorista bateko partaide izan izana, erantzungo zenuke, badakit, egunero mailukatzen diguzue burmuina mezu berberarekin. Bada bai, egia da. Halaxe izan zen: Ferrolen, alferez. Eta ni neu ere bai, bidenabar esanda: Melillan, soldado raso. Francoren Ejerzito Fakziosoan. A, baina zuek «Besteaz» ari zarete, noski. Zuentzat «Hura» bakarrik existitzen da, Txillardegi 1967ra arte –atentatu pertsonalak hasi baino urtebete lehenagora arte hain justu– kide izan zenekoa. Zuentzat, izan ere, estatu espainiarraren indar armatuak demokraziaren zaindari txit prestuak dira. Hala esan berri duzue, ozen asko, solemneki. Bejoandeizuela. Nolanahi ere, Txillardegiri buruzko paragrafoa bukatzeko, Bingen, lehenbailehen bukatzeko –itolarria eragiten baitidate hitzok, toxikoak zaizkit, arnasezinak…–, honako hau soilik erantsiko dut: zu eta biok hiltzen garenean, etxekoek eta lagunek ez, baina Euskal Herriak, oro har, berehala samar ahantziko gaitu. Txillardegi ez. Handiegia zen. Handiegia da.

Mikel Antzari dagokionez. Berresten dut, goitik behera, ehun eta hogeitaka idazle eta kulturgilek haren askatasunaren alde sinatu berri dugun adierazpenarekiko atxikimendua. Gure lankide hau ETA ohiko kide izana da, berak ere halaxe du aitortua, liburuetan-eta, 90. hamarkadatik aurrera. Baina ez al ditu honezkero kitatuak, galanki kitatuak ere, zituzkeen zor guztiak? Hogei urteko espetxealdia, alajaina. Zenbat milaka kartzela-urte bete behar ote dituzte, bada, oraindik, euskal erresistentzia armatuko kideek? Ez al da nahikoa, arranopola? Torturapean erauzitako auto- eta hetero-inkulpaziotan oinarrituriko kondenak izaki gehientsuenak, gainera; hots, benetako Zuzenbide-Estatu batean baliogabeak ziratekeen sasi-frogatan. Makina bat euskal militantek igaro du, eta igarotzen dihardu, hamaika urte espetxean, edo erbestean, zuzenean berak egin gabeko atentatuengatik. Aseezina da, ordea, irabazleon mendeku-egarria, bistan da.

Sinestezina, Bingen Sinestezina, Bingen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Sinestezina, Bingen”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude