Greziaren ispilua: sinesgarritasun, lidergo eta itxaropen bila

“Matías Ágreda naiz, Torlenguako alkatea, eta nekazarien kastako kide nauzue”, eta segidan txalo zaparrada erraldoia. Alderdi Popularreko izarren diskurtsoen artean, herri txikietako alkateak pasa dituzte oholtzatik, Ifeman egiten ari diren Alderdi Popularraren Batzar Nazionalean. Eta Ágredak erabilitako aurkezteko era berbera erabili dute guzti guztiek. “A los que no pudieron y a los que no van a poder: que sepan que nosotros no hablamos, nosotros hacemos”, ozen bota du Javier Arenas politika autonomikoko idazkariordeak Podemosi aurka eginaz. Argia da PPren estrategia: Pablo Iglesias jopuntuan jarri eta PSOE existituko ez balitz bezala tratatzea. Oroitu Iglesiasek berak El Paísen esana, hauteskunde hauetan bi alternatiba sinesgarri dira. PP eta Podemos. Osoigo.com-eko ordezkari gisa gonbidatu ninduten eta popularren festa bertatik bertara ikusteko aukera izan dut. ZuZeuko korrespontsal gisa, honakoak dira bertan ikusi eta entzundakotik atera ditudan ondorioak.

Aznar eta Rajoy
Aznar eta Rajoy Madrilen egindako PPko Batzar Nazionalean

Artaldea batu du Aznarrek

Alderdi popularra ez da banatuko. Vox-en agerpena eta pisuzko izenen (Mayor Oreja, Maria San Gil…) desmarkea medio, bazen PPren zatiketa gertu zela zioenik. José María Aznarrek zuzendaritzarekin zuen hoztasunak ez zituen txutxumutxuak baretzen. Bada, Batzar Nazionalaren lehen egunean Aznar bera etorri da ideia hori burutik kentzera. Alderdiak behar beharrezko zuen batasuna, eta hura lor zezakeen artzai bakarrak hitz egin du pulpitutik. Polemikarik ez da falta izan ordea, Cospedal, Rajoy eta konpainiari ez baitzaie gustatu presidente ohiaren diskurtsoa. “Non da PP egun? Hauteskundeak irabazi ote ditzake?”, galdegin zion Aznarrek Rajoyri. Eta bere itzulera iradoki zezakeen esaldi batekin akitu zuen hitzaldia: “Hura da gure ataza . Badakigu zelan egin. Ekiteko, nahi baduzue, kontatu nirekin. Betiko leku berean nago. Zuekin.”

Aznarren diskurtsoaren hitz hodeia:

Aznarren diskurtsoaren hitz hodeia
Aznarren diskurtsoaren hitz hodeia

 


Espainiar Estatuko “bi alderdi nagusiak” krisi sakonetan murgilduta daude. Diskurtso krisia, sinesgarritasun krisia, lidergo krisia…. Ez dira jendearekin konektatu eta jendearen arazoentzako konponbideak hitz bihurtzeko gai. Are gehiago, arazoen errudun izaki, inork gutxik sinetsi ditzake esaten dituzten zentzuzko hitz apurrak. Hauteslegoa eta militantzia barreiatuta dute, ez baitute artzain lana egin dezakeen liderrik. Nola sinetsi, bere kideek ere errespetatzen ez duten ugazabari?

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias
Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias Cuatroko programa batean

Aznarrengana jo du, baina, PPk sokorri eske. Eta hein batean lortu du ardiak berriz batzea. Hesitik at geratutako ardi beltz apurrak Colón plazan elkartu ziren larunbatean, bazterreko anekdota huts bihurtuz eta hala jaso zuten igandeko egunkari guztiek. PPren Batzar Nagusietako irudiarekin kontrastean, ordea, deigarria da Zapatero eta Bono Pedro Sánchezekin baino, Pablo Iglesiasekin bilduta ikustea. Hori gutxi balitz, Susana Díazek hordagoa bota dio PSOEko idazkari nagusiari, eta badirudi ustezko liderrak berak baino gehiago agintzen duela andaluziarrak alderdian. Pasokizazioa gertatzen ari da, eta Sánchez Castejonek ez du korapiloa askatuko lukeen agintariaren itxurarik. PSOEk geroz eta Pasoken eite handiagoa du, nahiz eta, asko tematu: “Grezia ez da Espainia, Pasok ez da PSOE eta Syriza ez da Podemos”.

Emozioak eta baikortasuna

Baikortasuna da etorkizuneko politikaren gakoa, emozionatzea eta emozionaraztea, hara hor gakoa. Arrazoia da bide-erakuslea, baina gure emozioek erabakitzen dute (Hemen). Liderra optimista ez bada, orainaldi eta etorkizun hobe batez hitz egiten ez badu, beste batzuek eginen dute bere ordez, eta oposizio izaten segiko du. Hitz egitea eta esperantza sortzaile izatea, ordea, ez da gauza bera.

Beldurra ere emozio efektiboa da askotan komunikazio politikoan. Bestetan, ordea, ez. Greziako Demokrazia Berria alderdiak Syrizaren aurka erabilitako beldurraren kanpaina da horren erakusle. PPk, Batzar Nazionalean ikusi bezala, estrategia bertsua darabil eta erabiliko du Podemosen aurka. Berri eta ezezagunari beldurra vs betikoaren eta ezagun dugunaren lasaitasuna. Euskal Herrian EHBildurekin estrategia bertsua erabili zuten alderdi ia guztiek. “Bozkatzen ez baduzu, ondorio txar eta zuzenak jasan beharko dituzu”, Glascoff. Mezu oso argi eta ulergarria da, oroitzeko erraza. Adibide gisa ikusi Esperanza Aguirrek Antena3 katean eskeini zuen espektakulua:


Eta non gaude gu?

Non da Euskal Herria anabasa honetan. Syrizaren hauteskunde kanpainako makro-ekitaldiaz ari zirela, EiTBko albistegian ez zuten Josu Juaristi EHBilduko europarlamentaria aipatu ere egin. Ikustezin izatea lortu zuen, Aiora Mujikak gurean salatu bezala. Badirudi Podemos espainiar Syriza gisa ikusten ditugun era berean, zailagoa egiten zaigula EHBildu euskal Syriza dela esatea. 100 kilometro baino urrunagoko egiten diren iraultza eta aldaketak izugarri gustatzen zaizkigula. EHBilduren aldaketek ez gaituzte emozionatzen. Kanpora begira, ordea, zirrara betean jartzen gara. Bai ote? Kasta ote gara, nahiz eta onartu nahi ez izan?
Zer lider da egun etorkizun hobe batekin emozionarazten gaituena? Nor da baikortasuna transmititzeko gai dena?

Juaristi eta Tsipras

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Greziaren ispilua: sinesgarritasun, lidergo eta itxaropen bila”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2015-01-30 11:16

    Ikus dezagun orain zer egiten duten greziar hauek gobernuan. Lurralde subirano batean boterea lortu dute. Teorian, botore osoa, eta eskumen guztiak dituzte nahi dutena egiteko. Ezin da konparatu udal batzuetan eta aldundi batean (gehiengorik gabe) baino boterea lortu ez duen alderdi politikoarekin, are gehiago kontuan izanik ilegalizazioaren eta atxiloketen Damoklesen ezpata dutela gainean… Laborategi polita Grezia orain… Ikus dezagun hortik zer ikasi dezakegun. Denbora da poligrafo bakarra..