Sindikalismo dekoloniala, ere, eraikitzen

Sindikalismo dekoloniala –

Sindikalismo dekoloniala37 greba egun. Michelin multinazionalaren multinazional azpikontrata bat, Ferrovial. Langile migratuak (Maroko, Mauritania, Ghana, Benin, Nigeria, Mali, Senegal, Togo…), erabateko prekaritatea. David Goliat eta Goliaten kontra Arabako lautadan, Araian, zehatz esateko. Sindikatu bat: ELA. 37 greba egun, eta garaipena (3.600 eurotik gorako soldata-igoerak bost urtean, kontratu partzial guztiak lanaldi osoko bihurtu, norberaren aukerako 14 ordu urtean ordainduta, plusen hobekuntza, laneko bajetan %100 kobratzen hasi…).

Ez dakit zuei, baina niri hau pasada bat iruditzen zait. Ezaugarri hauetako gatazka batean, protagonista horiekin eta zeuden baldintzetan, horrelako garaipen bat ziztu bizian zabaldu beharko litzateke Euskal Herri osoko txoko guztietan, estatu osoan eta munduan zehar, batez ere hau da dagoena-ren garai hauetan, langile pobreen garaian, beldurraren garaian. Baina, gatazka eta garaipen honi buruz, inork ez daki ezer.

Segur aski, akordioa lortuta hurrengo zereginei heldu dietelako gatazka eraman duten pertsona eta lan-taldeak, egunerokotasunari erantzunez, eginez. Eta egiten dena komunikatzearena non gelditzen da? Imajinatzen dut liatuegi dabiltzala eta komunikazioaren gai horri ez diotela hainbesteko garrantzirik ematen…

Akats bat, bai. Baina nahiago dut akats hau kontrakoa baino. Gehiago gustatzen zaizkit egin eta esaten ez dutenak, esan baina egiten ez dutenak baino. Horrek ez du esan nahi borrokak eta garaipenak ezagutaraztea funtsezkoa ez denik, Araian lortu den hau, prekaritateaz kutsatutako beste edozein lantokitan erreplika baitaiteke.

Ferrovialeko langileek irabazi duten borroka honek, plantillan langile arrazializatu asko izanda, gogora ekarri dit Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako pisuko zerbitzarien borroka (47 greba egun eta garaipen), Iruñeko Navarplumakoena (41 greba egun eta garaipen), Bilboko portuko eta Donostiako Anoeta estadioko obretako langileenak (grebarik gabe, baina afiliazio eta antolaketa lanarekin)… guztiak langile migratuek protagonizatutako borrokak. Gogora ekarri dit ere Inditex-eko ELAko ordezkariek Myanmarreko kate bereko langileen egoera salatzeko egin zuten lanketa.

Eta neure buruari galdetzen diot: nola eraikitzen da sindikalismo dekoloniala? Teoriarekin eta eztabaidarekin? bai. Ideologiarekin eta prestakuntzarekin? baita. Diskurtso eta aliantzekin? baita ere… baina ez da nahikoa.

Sindikalismo dekoloniala eraikitzeko garrantzitsuena praxia da. Sindikalismo dekoloniala eraikitzen da sindikalismo dekoloniala eginez: afiliatuz, kolektiboa eraikiz, antolatuz, borrokatuz, grebak eginez lantoki prekarizatuenetan, arrazializatuenetan. Sindikalismo dekoloniala sindikalismo feminista eraikitzen den modu berean eraikitzen da: praktikatik.

Ibiltzean egiten da bidea, nahiz eta inoiz ez iritsi helmugara (garrantzitsuena prozesua da). Sektore feminizatuen sindikalizazioaren kasua ezagunagoa da, batez ere, Bizkaiko zahar-egoitzetako greba ospetsuagatik (378 greba egun eta garaipena). Baina baita soldata arrakalaren aurka lortutako garaipen sindikalengatik ere, Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbiketan (9 hilabeteko greba eta garaipena), Elorrioko udaleko garbiketan (5 hilabeteko greba eta garaipena), Zarauzko udaleko garbiketan (oraingoan grebarik gabe, baina aurreko greba arrakastatsu bati esker), eta baita ere pandemia betean Lidl-eko langileek lortutako garaipenagatik ere.

Bidea egiten jarraitzen dugu gainera: udazkenetik hona Hego Euskal Herriko hiru zaintza-greba, Gipuzkoako zahar-egoitzetako borrokaa (247 greba egun jada), Arabako eta Nafarroako egoitzetako langileen grebak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen grebak…

Kapitalismoak, patriarkatuak eta arrazakeriak sakon zeharkatzen gaituzte, zaila izango zaigu gainetik guztiz erauztea. Gure sindikalismoa motz geratuko da beti, akatsak egingo ditugu, jarraituko du izaten nagusiki zuria eta gizonezkoena; kostako zaigu egunen batean esatea, “badugu, jada, sindikalismo feminista dekoloniala”.

Galeanok zioen bezala, utopiak aurrera egiteko balio du, nahiz eta eskuetan dugula uste dugunean ihes egin. Eta aurrera urratsez urrats egingo dugu, praxitik, borrokatik borrokara, garaipenetik garaipenera, txikiak izan arren. Horrela egiten da aurrera, klase borrokan, ere, emakume eta pertsona arrazializatuei protagonismoa emanez. Eta berri on bat: praktika eta emaitza onak kutsatu egiten dira.

Konplikatua da, badakit. Egoera zaila da, hainbeste dira herrialde pobretuetatik bizimodu hobe baten bila datozen langileen beharrak, eta hainbeste behar horiek esplotatuz aberastu nahi duten enpresariak! Horregatik da hain garrantzitsua borroka bakoitza, garaipen bakoitza komunikatzea. Umiltasunetik, bai; lortutakoaren txikitasunetik, bai; baina jakin dadila, ikus dadila. Argi egin dezala. Bada irtenbidea.

Sindikalismo dekoloniala Sindikalismo dekoloniala

5 pentsamendu “Sindikalismo dekoloniala, ere, eraikitzen”-ri buruz

  • “Kapitalismoak, patriarkatuak eta arrazakeriak sakon zeharkatzen gaituzte, zaila izango zaigu gainetik guztiz erauztea. Gure sindikalismoa motz geratuko da beti, akatsak egingo ditugu, jarraituko du izaten nagusiki zuria eta gizonezkoena; kostako zaigu egunen batean esatea, badugu, jada, sindikalismo feminista dekoloniala”.
    Uniformizazio kastillano-frantsesa eta gure herriaren ordezkapen antolatua ere puri-purian daude, baina ez ditugu ikusten, edo okerragoa dena, ez ditugu ikusi nahi.
    Noiz begiratuko dio sindikalgintza abertzaleak euskaldunen zapalkuntzari?
    Sindikalgintza abertzaleari, izateko arrazoi oro kentzen ari zaion herri baten ordezkapen antolatuari?
    Kapitalismoaren, arrazakeriaren eta patriarkatuaren beraren ardatzetako bat herriak desegin eta gizarte uniformizatu-alienatu bat eraikitzea da.

  • Guztiz ados nago azken esaldiarekin. Iruditzen zaizu sindikalismo abertzaleak ez diola euskaldunon zapalkuntzari begiratzen?

  • Eskerrik asko erantzuteagatik.
    Hori uste dut bai. Uste baino gehiago, bistakoa dela iruditzen zait.
    Askoz maiztasun handiagoz begiratzen diezue bestelako auzi batzuei (genero-politika, ingurumena…), horietako batzuek euskaldunongan duten eraginari erreparatu gabe gainera.
    Sindikatu abertzaleek euren burua “abertzale” jotzen duten heinean, euskal nazioaren biziraupenak eta garapenak lehen lerroan behar luke, marko horretatik ekinez beste borroka guztiei ere, eta ez kolonizatu gaituzten Estatuek inposatutako eta desagerpenera garamatzan eremu politiko-kulturaletik, ezta?

  • Ez dakit ondo ulertzen dudan esan nahi didazuna. Nire ustez feminismoa, ingurumena eta dekolonitatea ez daude euskararekin kontrajarriak. Azken kongresuan “EUSKARAZ LAN EGITEKO ESKUBIDEAREN ALDE, ASIMILAZIO KULTURALAREN KONTRA” ebazpena onartu genuen (https://labur.eus/NEmeQ ; bigarren ebazpena da). Mahai inguru honetan ere Pello Igeregik argi azaltzen du gure postura zein den ( https://youtu.be/QLn6xJ2kIOU ). Horretan gabiltza lanean ere. Jakina, gure muga guztiekin. Eta egia da gure lehentasuna langile prekarioenen lan eta bizi baldintzak hobetzea dela (eta hor barruan sartzen da euskaraz lan eta bizitzeko eskubide eta betebeharra).

  • “Kapitalismoak, patriarkatuak eta arrazakeriak sakon zeharkatzen gaituzte”.
    Esaldi ia borobila baina ez erabat: “heteropatriarkatua” esan behar da euskotxatxiguaiaren karneta atera nahi izanez gero eta zuk kale egin duzu. Horretan oraindik ere LABekoak aurretik dituzue.