Simulakroaren aurka

Simulakroaren aurka

Bingen Zupiria izendatu du Urkulluk Kultura eta Euskara Sailburu. Pozten naiz. Benetako balantzea legealdia eta gero egin beharko da, jakina, baina, behintzat, bi alorrak ezagunak zaizkiola dirudi aurrez. Ikusiko.

Euskara eta Kultura, ez dira txantxa Zupiria bezalako abertzale batentzat. Ene ustez gaur egunean, herri bezala, simulakroak bizi gaitu, eta bi horiek, Kultura eta Hizkuntza, dira, hain juxtu, lokatza horretatik irteten lagun diezaguketenak, belaunaldi osoak beharko badira ere horretarako.

Ea argiago adieraz dezakedan esan nahi dudana: gure herrian ez da kulturarik eta ez da hizkuntzarik, edo hobeto esanda, direnak ez dira geureak eta benetakoak. Edo hala iruditzen zait neuri, simulakro huts. Kulturari dagozkionak, Espainiako kultura eta izaeraren menpeko dira, eta hizkuntzarena, zer esango dizuet ba, neuk haina dakizue eta: menpekotza erabatekoa. Eta ez hori bakarrik, euskarazko eta euskararen kultura eta arazoak, ez dira herritar denon kontua, baizik eta euskaldunok osatzen dugun zatiarena. Trenak behiari bezala behatzen diote gure erdaldunek arazoari, Tele5 pizten duten bitartean. Horixe dugu gure gaurko benetako herria.

Kontuak ez dauka irtenbide erraza, mila lekutatik begiratzen ahal baita, baina, gutxienez, bi ikuspegi hartu beharko lituzke Sailburu berriak kontutan: neurria eta mamia.

Neurria

Simulakroaren aurka
Jordan Waderen argazkia

Bai, sailburuaren ekimena Euskal Erkidegoaren mugetan burutzekoa dela bistakoa da, baina Zupiria alderdi abertzale bateko militante den aldetik, erabakita edukiko du (hala behar luke, bederen), bere aberriak, herriak edo dena delakoak zenbat eskualde dituen, hiru lau, ala zazpi. Ez baita berdina gauza bat eta bestea eta bestea.

EAEn jokatu behar izan arren, politikak erabakitzerakoan, nahitaezko eragina leukake Abbadiaren Zazpiak bat hura aintzako hartzeak edo hartaz guztiz ahazteak, esaterako. Ezen Iparraldeari imajinarioan leku egite hutsak ekarri behar bailuke berarekin, besteak beste, frantses kultura eta hizkuntzarekin nolabaiteko hurbilketa bat, ezinezkoa baita gaurko Iparraldearen ezagutza, Frantziarenik gabe. Hegoaldean aipatzen duzu Amikuze, eta jendeak plater japoniar bati buruz diharduzula usteko du eta Baionan eta Miarritzen, jende gehienak ez daki Gernikan arbola bat denik ere. Bi komunitateak gero eta urrunago daude eta ezer egiten ez bada, horrek ez du nehoiz izanen bueltarik. Alferrik izanen da Hegoaldean Xalbadorrekin akordatzearekin.

Mamia

Zer dakigu EAEn Iparraldea eta Nafarroari buruz? Zer dakigu horien historiaz, kulturaz, ekonomiaz, populuaz…? Jantziagoak gaude Espainiako kontu petralez. Gure imaginarioan la Bruja Piruja dago gehiago, Anbotoko Mari baino. Eskola eta hedabideen eragina da, batez ere. Halloween batera errazago bilduko gara beste ezertara baino, geu gabetan, besteek izan nahi dutena nahi dugu izan geuk ere, eta zenbait euskaldunon erresitentzia kulturala, Urmenetak Egonia esaten zuen hura, patetikoa egiten zaio gure populuaren zati handienari. Doktrinamenduak ez du sekula balio izan, ez naiz halakorik eskatzen ari, baina gauzak benetan nola diren ikustea eta horrexen arabera erabakitzea bai. Itxurakeriak politikariaren partia konpon lezake, baina arazoa bere horretan uzten  du beti.

Arturo Campion bat, Martin Ugalde bat, Mitxelena bat edo beste edozein, izan direnik ere ez dakite Belen Estebanen gurtzaile horiek guztiek. Hegoak moztutako xoriek sinbolikoki baizik ez dute funtzionatzen hemen, derrigorrezko ordainsari modura, gainera. Eta horixe da Zupiriak aurkituko duen populua. Horientzat asmatu beharko du Kultura eta Euskara, batez ere hiru ahalegin eginez: ari garenok lagundu, eskura dituen trepetak egokitu (EITB eta) eta baliabide berri amankomunak antolatu. Baina, esan bezala, horretarako mamia eta neurria beharko ditu erabaki lehenago.

Ez dauka erraza, batere erraza, behintzat simulakrotik haragoko zerbait lortu nahi badu. Ikusiko.

Simulakroaren aurka

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu “Simulakroaren aurka”-ri buruz

  • Egun on Hasier,

    Geure imajinarioan Nafarroa eta Ipar EH hurbiltzea funtsezkoa da ZAZPIAK BAT kontzeptua mamiz betetzeko. Argiak atera zuen azken Larrun oso lagungarria da Nafarroa-Beherako egoeraz jabetzeko, izan ere, Amikuze esatean japonieraz ari garela dirudi (baita abertzale peto-peto askoren belarrietan).

    Era berean, nagoen euskara elkartan, Berbaizu Euskara Elkartean, alegia, oso kezkatuta gaude Iparralde eta Hegoaldearen arteko distantziaz eta Iparralde Zikloa martxan jarri dugu, hainbat ekimena antolatuz eta abar. Besteak beste, Ipargaldetegia osatu dugu, Ipar Euskal Herriari lotutako galderekin osatua, sari goxo bat akuilu jarriz: Alduden asteburu bat pasatzea. Galderak zailak dira, askori arrotzak egingo zaizkie, baina “saria” irabazteko parte-hartu besterik ez da behar, galdetegi honen helburua baita Ipar EHren gaineko jakinmina piztu eta Bidasoaren bestaldeko errealitatea Deustualdera ekartzea.

    Izan ere, ZAZPIAK BAT kontzeptua euskaratik askoz errazago ulertzen da eta horretan Eusko Jaurlaritzak zeresana badu.

    Hemen uzten dizkizuet loturak:

    Ipargaldetegia: https://docs.google.com/forms/d/19LuvlMu6hh5kIB6lAAfAC1PlGtJ816TG9wIGbUvfaw0/edit#responses

    Iparralde Zikloa: http://berbaizu.eus/iparrade-zikloaren-kartela-eta-egutegia/

    Ondo ibili

    Jon.

  • Ez da erronka makala, baina neuk ere itxaropen izpi txikia ikusi dut Zupiriaren izendapean, norbaitek behingoz hutsuneak betetzetik harago pentsatu izan ote duen, simulakrotik harago pentsatu, alegia. Baina ondo diozu, eta ikusiko.

    Bitxia da EAEtik (EITBtik, ondo esanda) munduan barreiatutako euskal komunitateei halako aitakeria harroaz begiratzea eta Ipar Euskal Herriari izkin egitea. Boiseko umeak lau hitz euskaraz egiten entzun eta lerdea darie batzuei. Jakina, horrek ez du konpromezurik eskatzen eta barneak puzteko balio du, airez puztu arren.

    Baina Iparraldeari begiratzea zaila da, kontraesanak azalarazi eta erosokeriatik aterarazten gaitu. Zazpiak bat onartzen bada, ezin da onartu oraingo martxan herria egiten dugunik ere. Baina abertzaleen ukoa Frantziak eta Espainiak inposatzen duten zatiketa onartzearen ondorio baino ez da: batasun politikoa ezinezkoa ikusten denez, kultura eta herri batasuna alboratu eta ahazten ere ahazten saiatzen dela ematen du; ondorioz batasun politikoa ezinezko egiten da, kultura eta herri batasuna alferrikagoa gero… eta horrela sorgin gurpil batean.

    Eta ez gara konturatzen hizkuntza eta kultura mailan Hegoaldea eta Iparraldea uztartzea berez aberasgarria eta ona dela bientzat, elkarren beharra daukatela biek, pentsatu baino handiagoa, gainera.

    Eta ez gara konturatzen maila politiko zein kulturalean ere ona dela herri zatitua garela konturatzea, ez bakarrik neurri negatiboa jasotzeko (zapalduta gaude…), positiboan ere bai, ez baita batere txarra tarteka burua jiratu eta beste errealitate bat ikustea. Izan re, orain euskaldunak Espainiari ala Frantziari begiratu behar dio derrigorrez, eta horrebestez begiratzeagatik espainiar ala frantziar egiten da. Baina derrigortasun horretan bada ere, orain bati orain bestari begiratzen badio, errazago izango du ez dela ez bata ez bestea konturatzea, euskalduna baizik. Mugaldekoa izateari aterramendua atera dakioke, hortaz,

    Artez jokatuz gero, txikiak errazagoa du bi handikori izkin egitea bakar bati baino. Hori paradoxa!

  • “Abertzaleen ukoa Frantziak eta Espainiak inposatzen duten zatiketa onartzearen ondorio baino ez da: batasun politikoa ezinezkoa ikusten denez, kultura eta herri batasuna alboratu eta ahazten ere ahazten saiatzen dela ematen du; ondorioz batasun politikoa ezinezko egiten da, kultura eta herri batasuna alferrikagoa gero…”
    EAJ-k Espainiatik datozen muga guztiak onartu eta zaindu ere egiten ditu, otzan. Euskara zama eta folklorearen arteko gaia da EAJrentzat, hortaz, EAEn ere bazterrera uzten duelarik, Nafarroaz eta Iparraldeaz ez du hitz ere egin nahi, eta horregatik ere, nahiago du PSOEren eskutik joan euskararen auzian, EHBildurekin baino (azken hauen noraeza larria agerikoa izan arren).
    PPSOErekin, UGT-CCOOrekin eta neurri bereko erakunde “txit euskaltzaleekin batera ia euskalgintza osoak sinatu duen “Zer egin dezaket euskararen alde” agiri tristea, jasaten dugun menpekotasun aroaren adibide bikaina da.
    Euskal Herria aipatu ere ez da egiten euskarari lotutako “adostasunerako testuetan”, horren ordez “euskararen lurraldeak” jarri dute bogan, Patxilopezen hagintaldian hasitako ohiturari fidel, baina oraingoan “lurralde2 horiek ere ez dira aipatzen, eta EAEko mugen barruan geratu gara (Trebiñuko zalantza dantzan).
    ELA, LAB, Argia edo Gara dira testua ondo irakurri duten bakarrenetakoak, antza, edo menpekotasunari sikiera aurre egiten dioten bakarrenetakoak, beharbada.

  • ganbaratxotik 2016-11-29 11:27

    Neri berriz ez dit esperantzarik sortzen. Zupiriaren ibilbideak ez dit horretarako betarik ematen. Abertzale eta euskaltzale denik ez dut ukatuko baina Bingen batez ere alderdikidea da, EAJkoa. Eta EAJ eta ALDAKETA SAKONA antonimoak dira. Izan ere batez ere hori du xede alderdi horrek sorrera-sorreratik EGONKORTASUNA,besteak beste, baina BESTEAK BESTE. Eta euskal hiztunok euskeraz bizi nahi badugu, edota gure semealabak noizbait euskeraz biziko badira hemen ALDAKETA SAKONA ezinbestekoa da, hizkuntza politiketan, defentsibatik ofentsibara pasatzea, pedagogia eginaz jakina, baina piskat-piskat sikeran arriskatuz. Adibidez: Euskeraren arnasguneak hedatzea,sendotzea, hizkuntza hegemoniko modura, euskeraren mintegi modura. Konstituzioaren arabera ilegala? orain bai Jakina. Zer da garrantzitsuago PPrekiko negoziazioetan AHT ala euskeraren normalizazioa? Zein da lehentasuna?

  • AHT, jakina. Baina zein alderdirentzat da lehentasuna euskara?

    • Euskaldunen alderdiarentzat, noski. Bideragarria litzateke holakorik sortzea, ordea? Ez dakit, abertzaleek gogor egingo lukete haren kontra. Eta ni neu, egia, gero eta Orreagakoen aldekoago naiz. Baina agian bateragarri dira euskaldunen alderdia sortzea eta instituzio espainolez baliatzea, tresna gisa. Gaurko bidetik jarraituz gero, ez dut aterabiderik ikusten.

  • ganbaratxotik 2016-11-29 14:47

    Irudipena dakat alderdieri dagokionez ez litzatekeela bidezkoa denak maila berean epaitzea. Denekiko exijentzia-maila altua beharko lukeela ez dut zalantzarik, baina mailak eta mailak daude. Esan nahi dudana da ez direla euskerarekiko portaera berak PP,PSE,EAJ edo BILDUrenak. Batzuen adura eta botere-esparruak eta besteenak ez direlako berdinak, alegia, batzuen eragiteko gaitasuna handia da besteekin alderatuta.
    Ezin zaiola berdin eskatu gutxiago ahal duenari eta aginte esparru handiak dituenari.
    Bestetik, BILDU (SORTU)ren kasuan nere esperientziatik, ni herri gehienbat erdaldunean bizi izanagatik ere, izan naizen herri-batzar guztietan euskera hutsez funtzionatu da, 50 lagunekin zein 10ekin, jakinik ere erdaldunak ez direla jada batzarretara etortzen eta ez direla etorriko aurrerantzean Agian beste herri edo hiriburuetan “prakmatismora” joko da (hegemoriaren leiara) eta ez dit batere graziarik egingo baina nik bizitutakoa horixe.

  • Nik neuk behintzat, ez dut esan portaera berekoak direneik alderdi guztiak.
    Esan dudana da ez dagoela alderdirik euskarari lehentasuna ematen dionik. Hori esanda, EHBilduk jartzen dio euskarari, euskaldunoi arreta gehien, eta EAJ-k ondotik. Alderdi unionistak uniformistak dira, hasi Podemosen eta PPn buka, hor ere graduak badiren arren, noski.
    Dena dela, EHBilduk gobernatu dituen erakunde askotan ez du gauza handirik erakutsi. Gure herrian eta eskualdean adibiedz, ezin daiteke esan EAJ (GeroaBai) baino harago egin duenik (eta zenbait kasutan atzera ere egin du).
    Bada joera bat ezker abertzalean, inguruotan behintzat, euskalgintzan diharduten talde eta erakundeei dirulaguntzak bermatzeko (EAJ-k ere asko ikasi du horretaz), baina gobernu jardueretatik at utziz neurri handi batean euskara. Horrela, euskaldunok bazterrean jarraitzen dugu (euskalgintzako taldeen eragina oso mugatua baita), eta espainierak jarraitzen du izaten jarduera nagusien eta gehienen ardatza, kultur, aisialdi eta kirol eskaintza barne. Horrela “euskaltzale” agerrarazten du bere burua, benetan askatu beharreko korapiloei ekin beharrik izan gabe ere.

  • Baina orduan zer gertatu zen EH Bilduren Donostia-Gipuzkoako agintaldian? PSEren Jaurlaritzako agintaldian bezalaxe? Alegia, deus ez?

  • Donostian ez dakit. Jaurlaritzan PSOEk euskararen normalizazioa atzeranzko bidean jarri zuen, eta horretan dirau EAJ-k ere. Oposiziorik gabe.