Zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde?

Zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde?

Zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde?

Jada ez naute harritzen Jaurlaritzatik datozen proposamenek, azken urteotan idatzi bakoitzak aurrekoa gainditzen badu ere, fikzioaren eta baikortasun muturrekoaren lanketari dagokionez.
Patxi Lopezen (h)agintaldian hasitako joerari jarraikiz, euskararen etorkizuna norbanakoen borondatearen eta, batez ere, gazteen “aukera librearen” mende omen dago, Administrazio publikoak “ia eraginik ez luketen” begirale eta herritarron diruen banatzaile “neutral” bilakatuta.
Ahoa bete hagin uzten naute, ostera, euskalgintzako gero eta eragile gehiagok. “Eta hemendik aurrera zer?” txostena babestu zutenek bai, eta Euskararen eguneko adierazpen bitxi hau sinatu dutenek ere bai, “Euskara hazkunde nabarian jarri dugu… gazteen hizkuntza izatera igaro da… Europako hizkuntza zaharrena izatetik (domina noiz galdu du ba?) hizkuntza modernoa izatera igaro da… euskararen zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da… konpromiso publiko eta pribatuari esker… hizkuntza (zein?) gizarte-elkarbizitzaren funtsezko osagai egin dugu…” eta gisa bereko hauteskunde-kutsuko esaldi eztabaidagarriz josita egon arren.
Adierazpeneko esaldi badaezpadakoei heltzeko gogorik ez zait falta, baina luzeegi joko luke. Hori bai, Administrazio publiko gorenak luzatzen digun galderari erantzuten saiatuko naiz, hau da, zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde? Eta zehazkiago, zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak euskararen alde? Jaurlaritza baita ondoen ezagutzen dudan administrazioa…

Bat. Bere ardurei heldu behar lieke Jaurlaritzak, eta ez herritarron artean zozketatu. Jaurlaritzak kudeatzen ditu herritarron diruak, ezartzen ditu arau askotarikoak, herritarroi zuzenean eragiten diguten baliabide askoren jabe da (EiTB besteak beste), hortaz, galdera egokitzetik hasi beharko luke.
Bi. Aurreak erakusten duenez atzea nola dantzatu, euskararen normalizazioaren branka behar luke Jaurlaritzak, baina inondik ere ez da horrela. Popa erakusten diote EAEko erakunde publiko nagusiari hainbat gizarte ekimeneko erakundek eta udal txiki askok, kasurako.
Hiru. Jaurlaritzan bertan euskararen normalizazioak aurrera egingo badu, langileekin elkarlanean jardun beharko lukete agintariek, baina ez dituzte sindikatuak ezertarako aintzat hartzen.
Asko jota urtean behin deitzen den Euskara Planen Jarraipenerako Batzordean ere, sail guztietako ordezkari politikoei bai, baina langileen ordezkari bakarrari egiten zaio leku, atera kontuak!
Lau. Herritarrok (langileok barne) euskara erabiltzearen aldeko hautua egin dezagun egiaz nahi badu, oztopo izateari utzi eta bidelagun bilakatu beharko litzateke Jaurlaritza alor askotan. Adibidez: sindikatuen ordezkariokin bizpahiru astez behin biltzen dira Jaurlaritzako ordezkari gehienetan erdaldunak. Helarazten diguten dokumentazioa ere erdara hutsez dator beti, behin eta beste behin euskaraz helarazteko eskatzen diegun arren. Ertzantza, Osakidetza, edota Justiziari buruz zer esan…?
Bost. Itzulpengintza masiboaren bitartez mozorrotzen du Jaurlaritzak erdara ia hutsezko langintza. Horregatik ere, oso gutxi aurreratu da euskararen erabileran Administrazio nagusiaren ohiko jardunean. Egungoak (inon aplikatzen badira) baino itzulpen eta erabilera irizpide askoz ausartagoak ezarri behar lituzke Jaurlaritzak, sailez sail, eta erakunde autonomotik autonomora.
Sei. Gazteek lehendik ere ardura gutxi zituztenez (errebalidak gainditu, euskaldun eleanitz bilakatu, gizarte hobea eraiki, lan duin bat aurkitu, bizitzaz pixka bat gozatu …) euskararen normalizazioaren ardura ere leporatu diegu behin betiko, antza denez. Hori bai, euren izerdi hutsez burutu beharko dute balentria. Izan ere, erdarazko dozenaka telebista, baina (ez beti) euskarazko kate kaxkar bakarra eskaintzen zaie. Irrati-kateen eskaintza duinagoa bai, baina oso urria eta internetekoa zer esanik ez…
Ikastaro, kirol-jarduera, jardunaldi, antzerki, zinema, literatura, sukaldaritza, musika, komiki eta abarren eskaintzari dagokionez ere zer esan? Gazte gaixook zein hizkuntzaren aldeko apustua egingo duten (egiten ari diren) asmatzea ez da ariketa zaila, asmatu barik, begiak eta belarriak piztu besterik ez baita egin behar. Esan gabe doa, aipatutako horien guztien eskaintzan eta kalitatean erraz eragin dezake Jaurlaritzak, horretarako dirua bainoago, borondaterik izango balu.

Euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko, “nork bere neurriko eta nork bere ahalen araberako”konpromiso bat hartzea bada xedea, zertara dator erakunde publikoak, arduradun politikoak, gizarte ekimeneko erakundeak eta herritar xumeak galdera beraren inguruan dantzan jartzea?
Nori egiten dio mesede Urquijoren PP, Mendiaren PSOE, UGT, CCOO edota Vocento “euskaltzale porrokatuen” sinadurak biltzea, bihar bertan euskaldunon subordinazioa betikotzeko lanean jarraituko badute?
Nork, dagozkion ardurei heldu eta erantzun behar die behingoz, agintean daudenetatik hasita.

JJ Agirre, euskara teknikaria eta ELAkidea

Zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde?

aurrekontuak, EAJ, Euskararen Eguna, Eusko jaurlaritza, gazteak, Internet, politika
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

22 pentsamendu “Zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde?”-ri buruz

  • Administrazio publikoak zer egin beharko lukeen euskararen alde?
    Oso xinplea: hizkuntza politika serio bat abian jarri. Besterik ez.
    Hizkuntza politiko serio bat irmotasunez abian jarri.
    Hori bai, egungo errealitateari miopiarik gabe begiratuz eta epe luzeko ikuspegia eta hizkuntz helburuak behar bezain zehatz definituz.
    Hori egin ezean, jai du gureak

  • Baina ba al daki administrazioak zer den horrenbeste aldarrikatzen duen hizkuntza-normalkuntza?

  • Benetan agiri penagarria.
    Nola esan daiteke “Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera” bezalako ergelkeria bat?
    Bizirik dagoen edozein hizkuntza da “modernoa”, garaian garaiko beharrei egokitzen zaion neurrian. Sinesgaitza da UEMAk, Kontseiluak, AEK-k, EHBilduk eta beste hainbat eragilek testu baragarri hori sinatu izana.

  • Ba ni ondo deritxot.
    Euskera da denona. Ez bakarrik abertzalekoa.
    Bakarrik abertzaleren gura baduzue, euskera desagertuko da.
    Euskeraren alde egin behar dugu lana, baina pasa gabe, iritarrei kalte egin gabe. Berdintasunarekin. Eta batez ere gazteak. Hori da gakoa. Gazteak egin behar dute euskera.
    Perfilak kendu eta sedukzio asko. Hori da bidea ziur.

    • Euskara ez da denona, ez da ikasi nahi ez dutenena adibidez, kalte egin gabe sartu behar dala? Hemen kaltea eragin duna gaztelania da, inposatu dan bakarra arma ta bortxaren bidez.
      Ta gazteak etorkizuna dira? Gazteak gurasoak egiten dutena egiten dute, gurasoek ez badiote garrantzirik ematen zailagoa izango da beraien semeek garrantzia eman diezaieten.
      Ea argi gelditzen dan, hemen bakarrik zilegia zatekeen euskara inposatzea, berezko hizkuntza degulako ta Frantsesa ta gaztelania bortxaz sartu dizkigutelako, ta gutxienez euskaldunak gaztelera ta Frantsesa ikastera behartutak badaude (ta hori badirudi ez dela inposizioa zuentzako) erdaldunak euskara ikastera derrigortuak egon beharko ziren, bestela euskara beti desabantailan egongo dalako.
      Euskara ez da erabili nahi ez duenarena, ikasi nahi ez duenarena, desagertzea berdin zaionarena….

      Diozu, abertzaleek bakarrik gura baduzue? Abertzaleek esaten ahal diete besteei euskara ikas ez dezaten edo besteak dira ikasi nahi ez dutenak? Beno gehienak behintzat, ta ikasten duten askok derrigortuak daudelako ikasten dute, lan baterako, opozizio baterako…

      • Txantxa zen, Suaagar.
        Arrazoi osoa daukazu. Euskara ez da denena, maite dugunona naizik.
        Euskara ez da PPSOEko gehien-gehienena, UGT-CCOOko gehienena, ez da VOCENTOkoena, PRISAkoena, SANTANDERrekoena, BBVAkoena, AperribaYrena eta abar, eta abar. Euskara ez baita lurperatu nahi dutenena. Euskara ez da asteburu honetan EAJren eta EHBilduren eta euskalgintzako hainbat erakunderen eskutik agertu diren askorena. Euskararen eguna bezalako zirkoek ez dute laguntzen euskara aurrera ateratzen, alderantziz baizik.

  • “euskarazko eta euskararen kultura eta arazoak, ez dira herritar denon kontua, baizik eta euskaldunok osatzen dugun zatiarena. Trenak behiari bezala behatzen diote gure erdaldunek arazoari, Tele5 pizten duten bitartean. Horixe dugu gure gaurko benetako herria.”
    Hasier Etxeberriak, “simulakoraren aurka” artikuluan:
    https://zuzeu.eus/euskal-herria/simulakroaren-aurka/

  • Euskararen eguneko mirariya: denok euskaltzale eta ole!
    Banco Popular, Banco Santader, Cadena SER, Caixa bank, Caja rural de Navarra, Carrefour, Casas regionales de Castilla y León, CCOO, UGT, CEBEK, CONFEBASK, El Correo, El Mundo, El Corte Inglés, El Diario Vasco, Federación de Asociaciones Extremeñas de Euskadi, Federación de Asociaciones Andaluzas de Euskadi, …
    http://euskararentxantxangorria.eus/adierazpen-instituzionala/

  • BBVA, COAS, Eusebio Sacristán, FCC, Gerónimo Rulli, Jokin Aperribay, MERCADONA, ONCE, Onda Cero, Onda vasca, Ramon Rubial Fundizioa, SEA, Simply supermercados…
    Euskaltzaindia bera baino euskaltzaleagoak guztiak!

  • EiTB ere “zer egin dezaket euskararen alde?” galdezka!!!
    ETB1en programazio duina eskaini?
    Bilbainadak, habanerak, erdarazko mendi saioak, erdarazko elkarrizketak eta Selfie bezalako saioak ETB2ra bidali?
    ETB2n euskaldunak erdaraz berbetan EZ jarri?
    Radio Euskadiko esatari euskararen aurkakoak erreserbara pasa?

  • Carlos Urquijo 2016-11-29 17:08

    ¡Todos a firmar, hombre! Todo sea por el eusquera!
    Gustiok gara euskaldun! Gustiok anayak gara!
    El sábado al amaiquetaco de la firma, y el lúnes me acerco hasta el ayuntamiento de Amezqueta pa meterles un puerro por discriminar a los castellanoparlantes.
    Araban bagareeee, Guipuscun paagaréee, Siberun ya-veréee ta Vizcayan puestambién…

  • Euskararen Nazioarteko Eguna bukatzear dagoela, bost bat galdera “Zer egin dezaket nik euskararen alde?” montajea antolatu duen Eusko Jaurlaritzarentzat:
    -Pasatu al die Baztarrika jaunak BBVAri, Santander bankuari, Caixari eta gainerakoei astelehenetik aurrera egin ditzaketen eta egin beharko lituzketen gauza guztien zerrenda? Hauetatik zein izango da lehentasuna izango duena? Leihatiletan euskaldunak jarri, kartilak eta dokumentazioa euskaratu, langileak euskalduntzeko bitartekoak eskaini…?
    -Pentsatua al du Baztarrika zer-nolako iradokizunak pasatuko dizkien NATURGAS, FCC S.A., El CORREO, IMQ klinika, Carrefour, Mutualia, ONCE, ONDA CERO enpresei “Zer egin dezaket nik euskararen alde?” galderari egokiro erantzun diezaioten?
    – Eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa omen den CEBEKi eta CONFEBASKi. Eta CCOO, UGT, PSE, PPri?
    -Segurua da Espainiako Gobernuaren Ordezkaria den Carlos Maria De Urquijo Valdivielsok sinatua duela aldarrikapena? Zertarako? Euskara ikasten hasiko delako, akaso? Ala euskara sustatzen hasteko asmotan dabilelako?
    -Eta indiskrezioa ez bada, zergatik ez da azaltzen atxikimenduen zerrendan Urkullu, Ortuzar, Egibar eta beste hainbaten sinadura? Ahaztu egin zaielako ala dagoeneko behar baino gehiago egiten dutelako euskararen alde?
    -Eta azkena: montajearen ekitaldi nagusia Guggenheimen izan denez gero, zenbatetan areagotu beharko zaio museo pribatuari artelanetarako diru-laguntza?

    • Zarauztarra 2016-12-14 15:38

      Txukun esanda! Zehatz!

    • “montajearen ekitaldi nagusia Guggenheimen izan denez gero, zenbatetan areagotu beharko zaio museo pribatuari artelanetarako diru-laguntza?”

      2016an baino MILIOI BAT EURO GEHIAGO Guggenheim museoari.

      Eta ez da oso jakintsuak garelako, noski.

      Baina dagoeneko ilerik gabe daukagu atzealdekoa eta bagenekien Guggenheimek zerbait atera behar zuela harako “Zer egin dezaket nik euskararen alde” hartatik.

      Eskerrik asko Zupiria jauna!

  • Zenbat “eusko” xahutuko zituen Baztarrikak Euskararen eguneko zirkoaren antolaketan?

  • Herenegun “Ikuska” laburmetraiak ikusi nituen berriro… Laostia! 80. hamarkadaren haserak hemertzigarren mendea zirudien. Bertan ikusten zen gizartearen euskalduntze griñak, politika jakin batzuen erruz, egin du berea gaur egun. Eta bada horren guztiaren erantzulerik.
    Argi eta garbi azaltzen zen dokumentalaren amaieran Jaurlaricha-ren logoa…
    El lehendakari, Íñigo Urkullu, considera que “el concepto de independencia es del siglo XIX” y que “en un mundo globalizado, la independencia es imposible”.
    Euskarari buruz, tamalez, gauza bera esan liezaieke bere lagun eta bazkide espainiarrei “soberania compartida” xamurrean, gaztelaniaz, noski, ardotxo eta pintxo goxo batzuk dastatzen dituzten bitartean!

  • Zerrenda luuze! horretan, euskararen etsaiena alegia, GARA ahaztu zaizue

  • ENEKO LARRETXE 2016-12-14 13:46

    EUSKARAK 365 EGUN!! GU EZ GERA ESPALOITIK JAITSIKO!!
    ” Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako;
    Estatu arrotzek berea inposatzen dutelako baizik ”
    NAFARROA BAT ETA BAKARRA!! ASKATASUNA EZ DA BOZKATZEN!!
    NAFARROA OSOA EUSKALDUNA ERAIKI!!
    GORA NAFARROA OSOA BATUA ETA ASKEA!!

    Xirimiri Aparta Euskararen Aldeko Taldea

  • Porzierto,
    zer gertatu da “Zer egin dezaket nik Euskararen alde?” kanpainarekin?
    Egin genezakeen guztia egin dugu jada?
    Eta Administrazioak ere bai?
    Non da Zupiria?
    Eta haren izena inork gogoratzen ez duen Hizkuntza Politikako zuzendari berria… missing ote?
    Ai, ai, ai!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude