Silveiraren show-a
Inor epel uzten ez duenetakoa da Silveira. Estimu handia edo ezinikusia sortzen du eta saio hasieran txalo gehien jaso dituen bertsolaria izan da. Ondoan izan ditu Oihane Perea, Iker Zubeldia, Unai Agirre, Iratxe Ibarra eta Joxe Munduate.
Maradonaren kamiseta batekin heldu da eta saioaren une batean kamiseta jaso du. Ondoren gertatutakoa ikusi ondoren, askok, jainko argentinarraren tankera hartu dio Silveirari. Polemika sortzeko antzeko gaitasuna badu, behinik behin.
Saioa txukun eta polit burutu du nafarrak. Iratxe Ibarrarekin komuneko ilaran jarri du gai-jartzaileak. Zortziko handian “proposamen lizuna” egin dio Silveirak Ibarrari eta publikoa irrika jarri. Are gusturago entzun dituzte bertsozaleek Silveira arrantzale zaharraren eta Zubeldia hasiberriaren komeriak kanaberarekin. Zegamarrari arraiak eskopetaz eta txakurrarekin akabatzea hobe zuela esan dio. Baina ondo egindako saioa gaizki amaitu du Nafarroako txapeldunak. Kartzelako lanean, hiru bertsotan poto bana egin baitu.
Epaimahaiak gogor zigortu du. Eta teoriak gustu guztietarako. Batzuek potoak nahita egin dituela aipatu dute. Txapelketaren aurkako jarrera agertzeko. Baina agurrean txapelketen aurkako mezua entzutea espero zutenek ez dute halakorik entzun. Besteek ohartu ere egin ez dela. Haserre alde egin duela besterik ez da argi geratu. Eta batzuk gainontzeko bertsolariekiko errespetu falta zigortu nahian txistuka agurtu dute Silveira. Besteek euskal Maradona txaloka eta irribarrez. Ez du ez inor epel utzi.
Zubeldia onena
Publikoarekin bat egin du epaimahaiak Zubeldia irabazle izendatzean. 643 punturekin azaroaren 14an Tolosan jokatuko den finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Zegamarra gustura zegoen egindako lanarekin, nahiz eta gehiago egin izan zezakeenaren sentsazioa zuen. Amaierako agurrean, behintzat hala esan du:
“Eskerrik asko lagun guztiei
jaunak hau duk ekipoa
zuen aurrean altxatuko dut
burua eta lepoa
kartel ta guzti etorri dira
hau da jende konpletoa
Kartzelakoa ez zait atera
Nahi nun bezain perfektoa
Nunbait pasatu ingo zitzaidan
Pastillaren efektoa”
Jendeak ordea, atseginez hartu du Zegamarrak Kartzelakoan izandako ateraldia. “Telefonoa jo eta jo ari da baina ez duzu hartu nahi” zen gaia. Zubeldiak ehizean jarri du bere burua eta emaztea urak botata deika imajinatu du.
“Esaten nuen egun txar honi
bukaera eman berko
eskupetea fundan sartuta
uso guztiei por saco
leno nerea sartu izan banu
orain hau ez zen pasako”
Irriak eta txaloak publiko artean. “Ona, ona”, entzuten zen.
Saio polita
Iratxe Ibarrak bigarren postua lortu du 627,5 punturekin. Ondo aritu da bizkaitarra bereziki nabarmendu ez den arren. Hasierako agurra prestatua izan arren, inprobisatzea erabaki du, zarauzko aretoan “Iratxe tia buena” zioen kartela ikusi ondoren. Bukaeran, eskerrak eman dizkie, entzuleei, batik bat:
“Eta entzule zuri zer
zu barik ez gara ezer”
Sailkapenean Unari Agirre, Joxe Munduate, Xabier Silveira eta Oihane Perea izan dira Ibarraren atzetik, ordena horretan. Arabako txapelduna urduri aritu da, hankaluze pare bat eta errima konplexuak ekidituz. Ez da eroso aritu.
Gertatutakoak gertatuta, bertsosaioan, aipatuena, Silveriaren Show-a izan da.
Atzo bertan nintzen, eta ez zitzaidan batere gustatu Xabier Silveirak egin zuena.
Norbaitek esangu du, badakigula nolakoa den Silveira… Bai, makarra bat da, baina holako itsusikeriak zigortu egin beharko lirateke. Hedabideen aurrean erakutsi omen zuen damua; ondo, baina uste dut antolatzaileei eskatu beharko liekeela barkatzeko. Beste gauza batzuekin sarri idazten du prentsan eta asteroko zutabea aukera ona du azalpenak emateko.
Ez naiz bereziki Silveira zalea, baina aitortu behar dut atzo bikain aritu zela hasierako ariketetan. Bertsotan xapó. Bestelako zirkoak ez zaizkit gustatzen, atzo bezala Maradonaren kamiseta behin eta berriz jendeari erakustea, adibidez. Argentinarraren modura batzuei “Zurrupadazue!” esan nahian edo??
Eta zu zein zara ba inori makarra etiketa jartzeko? Zuk ere barkamena eskatzen bazeneki…
[…] gisa sortutako zalapartak ere ez dira izan bakanak. Zarautzko hura esaterako, berria egiten zitzaigun arren, ez zen hain harrigarri ere suertatzen. Barkamen eskaerak […]