Londres kartoizkoa da > Unai Elorriagaren eleberriaz

Londres kartoizkoa da

Aurrekariak

Unai Elorriagaren "Londres kartoizkoa da" eleberriazElorriagak frogatua dauka idazten artista dela. Aurreko hiru nobeletan (Sprako tranbia, Van´t Hoffen ilea, Vredaman), idazle dohatsua erakutsi digu, irudimen itzeleko morroia dela eta besteok susmatu ere  ezin ditzakegun munduak eraiki ditzakeela berak. Mundu fantastiko ikaragarriak, batzuetan errealitatearekin lotuagoak agertzen zaizkigunak, bere lehen eleberrian bezala, eta bestetan urrunagokoak, hurrengo bietan bezala.

Hain juxtu horixe du arazo Elorriagaren literaturak, errealitateko gaiei lotutakoa izan arren (zahartzaroa, eskizofrenia, memoria…), bere planteamenduak ez direla nehoiz izaten literatura errealistak edo naturalistak erabiltzen dituen moldekoak. Fantasiaren bideak ditu nahiago baita gairik gordinena aztertzeko tenorean ere eta, jakina, horrek irakurle mordoa uxatzen diola esango nuke, hemen ohituagoak baikaude beste mota bateko prosetara. Esan bezala, errealistatzat har daitezkeenetara eta baita ere, poetikoagoetara. Ez dakit fantasiaren kutsua hainbeste dugun maite.

Hau honela izanik, agertuko da bat baino gehiago nobela honetako pertsonaiak eskematikoegiak direla esango duenik. Eta baliteke, baina kontatu nahi dena kontatzeko, esango nuke, ez dagoela lanketa handiagoen beharrik. Azken orrialdea amaitu eta bilana edo balantzea egiten denean, irakurleari halako ulertze samur bat pizten zaiola idazlearekiko. Horixe du nobela honek, azkeneraino iritsi ezean, ez duela balio abiatzeak ere.

Zer kontatzen den

Ez dago erraza Londres kartoizkoa da eleberrian zer kontatzen den laburtzea. Areago: ez da komeni. Esango nuke irakurlearentzat ez dela mesederakoa  liburua zeri buruzkoa den jakitea ere. Hobe duela garbi-garbi abiatu orrietan barrena eta adi egon, berari, irakurleari, gertatzen zaionari buruz.

Entzun dugu diktadore baten burmuinaren errekreazioa izan daitekeela, baina ez da hori. Norbaitek esana du memoriaren garrantziari buruzkoa dela, baina ez da hori. Baten batek esan dezake psikosiari buruzko narrazioa dela, baina ez da hori… Edo, bederen, ez dira horiek bakarrik. Elorriaga beraren hitzak erabiliz: “Nobelaren markoa iraganeko diktadura gogor bat da. Diktadura horretan hainbat desagertu ziren, tartean nobelako protagonistaren arreba. Neska horrek gutun bat idatzi du itzuliko dela esanaz. Inor ez da bueltatu, baina neska honek esan du itzuliko dela. Baina nora bueltatuko da? Herria asko aldatu da, protagonista etxez aldatu da… Horregatik nebak teilatuaren gainean itxarongo dio. Hori da liburuaren berezitasuna: nobela guztia teilatu gainean gertatzen da. Teilatu horretatik ikusten direlako herrirako sarrerak, trenbidea eta errepidea. Han daude neba eta lagunak, zain”. Baina hori bakarrik ere ez da.

Irakurlearen lana

Irakurleak, esango nuke, fase guztiz desberdinak pasatuko dituela liburuan aurrera egin ahala, total aspertzetik, erabat kitzikatuta egotera arte; zeharo galduta ibiltzetik, iluminazio moduko bat sentitzera arte. Harrigarria da teknika desberdinak erabilita Elorriagak erritmo eta sakonera desberdinak sortzeko daukan gaitasuna. Beti ere, esan bezala, lurralde fantastikoan.

Elorriagaren prosari buruz, piroteknia asko duela entzun izan diogu bati baino gehiagori, bere estiloa gutxietsiz bezala, eta egia da pirotekniaz hornitzen duela  kontaera ia beti. Gustatu egiten zaio han-hemenka argi eztandatxoak eragitea, kolorez beteak, uste ez bezalakoak, harrigarriak. Hori du berezitasunetako bat, hain zuzen ere. Arazoa etor liteke piroteknia horretan geratze hutsean, baina ez da halakorik Londres kartoizkoa da honetan. Dena iruditu baitzaigu helburuaren mesedetan.

Esan dezagun bi istorio edo erreka desberdin doazela liburuko orriak bustitzen, azkenean biek bat egin eta ibai bakar bihurtzeko. Erreka narratibo horietako bat asmatutako hiri bateko teilatu gainetan gertatzen da. Berea da liburuaren zatirik handiena eta lagun koadrila misteriotsu baten ibilerak eta elkarrizketak kontatzen dizkigu. Asko du absurduaren teatrotik eta surrealismotik, nire ustez. Haien errepikazio eta hitzen bitartez, egoera itogarri baten albiste jakiten dugu. Poliki-poliki joango gara memoriaren piezak elkarren ondoan josten, halako batean, ur guztiz ezberdineko bigarren erreka bat agertuko zaigun arte, Londresetik zuzen-zuzenean.

Eta bi errekak bat egin eta guztiari zentzua ematen dion ibai bakarra sortzen duteneko unea, aparta egin zaio irakurle honi.

Londres kartoizkoa da – Londres kartoizkoa da – Unai Elorriagaren “Londres kartoizkoa da” eleberriaz

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)