Shockaren dotrina
Shockaren dotrina –
Aurtengo kurtso hasiera ohikoa baino zoroagoa suertatzen ari zaigu. Lana etxeko gobernantzarekin uztartzeko betiko joku malabareak areagotu egin dira oraingo honetan izurriteak eragindako salbuespenezko egoeraren ondorioz. Bederatziak eta laurdenetan eskolako ate batean utzi behar seme txikia, eta bost minutu geroago beste ate batean alaba nagusia, jaso ere ate ezberdinetan eta ordutegi ezberdinetan, hori egunean lau aldiz, aurten ez dagoelako guztiontzako jantokirik eta eskola ordutegia etena delako, goiz ta arratsaldekoa… eta hori guztia tartean lanera joateko denbora ateratzen duzun bitartean. Eta kaos hori guztia ezin zaio leporatu eskolako zuzendaritzari. Ahal izan dutena egin dute dauzkaten baliabide urriekin eta hezkuntza erakunde gorenen laguntzarik gabe, ez baitie inork inolako irizpiderik markatu. Eskola bakoitza ahal duen moduan egiten ari zaio aurre ekaitzari lemazainik gabeko itsasontzi batean. Eskola publiko bakoitza, alegia, itunpekoarentzat diru-laguntza oparoak agindu baititu Hezkuntza Sailak.
Osasun publikoa ere ez dabil hobeto. Medikuarekiko hitzordua eskatu eta telefono bidezko elkarrizketa eskainiko dizute trukean. Ez dago, nonbait, baliabide eta langile nahikorik egoera kaotikoari aurre egiteko. Apirilerako zeneukan espezialistarekiko hitzordua ere urrira atzeratu dute. Zerbitzua kolapsatuta dago, antza, pandemiaren ondorioz, zerbitzua erreumatologiakoa bada ere.
Zerbitzu publikoen gainbera frenetikoa gertatzen ari da, eta ez zorigaiztoko birus baten izurritearen erruz, baizik eta izurri horren aitzakian.
Hezkuntza zein osasun arloko langileak urteak daramatzate arlo publikoaren prekarizazioa salatzen, murriketak gero eta latzagoak. Baliabide, langile eta aurrekontu eskasiak aspaldi kolpatzen dituzte zerbitzu publikoak arlo pribatuaren mesedera. Baina oraingo honetan noraezean dabilen itsasontzi honen lemazainek aitzakia ederra aurkitu dute ongizatearen gizartearen eraispena justifikatzeko: koronabirusa, ditxosozko koronabirusa, gaitz guztien iturria.
Trikimailu honi Shockaren dotrina deitu zion Naomi Klain idazle eta ekintzaile kanadiarrak. Haren teoriaren arabera, kapitalismoak hondamendiek eta gertaera larriek jendearengan eragiten duten shock egoera baliatzen du beste testuinguru batean jende horrek nekez onartuko lituzkeen erreformak burutzeko eta kapitalismoaren beraren oinarriak sendotzeko. Askotan ikusi dugu historian zehar; Inglaterran, besteak beste, Margareth Tacherrek Malvinas irletako gerran sartu zenean iritzi publikoaren arreta desbideratzeko eta industria arloan erreforma latzak burutzeko.
Bada, hara non, EAEko gobernu neoliberalak ere bere Malvina propioak aurkitu dituen koronabirusaren izurritean. Aukera ezin hobea, jendearen arreta bahituta dagoen bitartean, zerbitzu publikoak eraisteko eta arlo pribatua sendotzeko. Eta ez izan dudarik egin egingo dutela, eguneroko kaosean murgilduta eta shock egoeran segitzen badugu behintzat.