Shock doktrina espainiar erara.

 

Joan den hamarkadan askotan errepikatu ziguten bukatua zela ezkerraren eta eskuinaren arteko talka politikoa, zaharkitua dikotomia hori etengabe garatzen ari zen gizarte globalizatuan, non mugek ez zuten zentzurik -independentismoak ere ez, noski-,  internetak eta orotariko berrikuntza teknologikoek  batzen bait zuten mundua (mundu aberatsa, hori bai, guri dagokiguna).  Igitaia, mailua, klaseen arteko borroka, autodeterminazioa eta pareko kontzeptuak burdin aroa edo sorbaldakoak bezain zaharkituak ziruditen, eta ongizatearen gizartea zorpetzean eta pilaketan hezurmamitu zen, zela autoak, etxeak edo maitaleak. Zenbat eta gehiago, hobe.

Garai bertsuan Naomi Kleinek The Shock doctrine  liburua idazteari ekin zion. Bertan azaltzen zaigu azken 40 urteetan muturreko liberalismo ekonomikoa nola zabaldu duten shock traumatikoen bidez doktrina horren jarraitzaileek. Kasu batzuetan diktadurak baliatuz (Txilen Pinochetena), bestetan gerrak (Thatcherrek Malvinetako gerra erabili zuen nazio sentimendua indartu eta sindikatuak izorratzeko) eta aukera suertatuz gero, orotariko hondamendiak nahiz krisi egoera latzak. Zein da helburua? Iñaki Mendigurenek azaltzen du Argiako  artikulu batean:  Normalean jendeak inola ere onartuko ez lituzkeen neurriak, shock egoerak -herrien gogoa eta nortasuna zeharo ahulduta uzten dituzten horiek– baliatuz ezartzen dira. Zer neurri? Merkatu hutsaren lege gordina, ekonomiaren erabateko arau-gabetzea, gizarte-babes guztien ezabatzea, herri-zerbitzuak pribatizatu eta multinazionalen negozio-iturri bihurtzea, sindikatuak indargabetzea… Eta hori era guztietako giza eskubideen urraketa eta itzelezko sufrimenduaren gainetik.

Aste honetan jakin dugu Gobernuak Herritarren Segurtasunerako legea aldatu nahi duela, protesta ekintzak eta horren zabalkundea zigorpean jartzeko. Urtebete igaro da justizian tasa neurrigabeak ezarri eta berau aberatsen txiki parka bihurtu zutenetik. Hezkuntza eta osasun publikoan triskantza alimalekoa burutzen ari dira. Eta niri etengabe datozkit hitz hauek burura:  Merkatu hutsaren lege gordina, ekonomiaren erabateko arau-gabetzea, gizarte-babes guztien ezabatzea, herri-zerbitzuak pribatizatu eta multinazionalen negozio-iturri bihurtzea, sindikatuak indargabetzea… Eta hori era guztietako giza eskubideen urraketa eta itzelezko sufrimenduaren gainetik. Ez zaizue ezaguna egiten?

MARTITZENA 13