Sexuaren arrazoiak, gai nagusi Elhuyar aldizkarian


Sexuaren arrazoiak, gai nagusi Elhuyar aldizkarian Elhuyar
aldizkariaren abenduko zenbakiaren gai nagusia sexuari eskaini zaio, eboluzioaren, genetikaren eta giza izaeraren ikuspegitik azalduta. Sexuaren emaitza da jaioberria; hori bezain erraza, eta aldi berean, konplexua. Konplexutasun horren adierazle dira sexuak duen arrakasta, kasu eskandalagarriak, maitasunaren usaina, sexuaren nahi gabeko albo-ondorioak, zakilaren eboluzioa, hermafroditismoa, Oteloren arrazoiak, poligamia, orgasmoa, homosexualitatea, maiteminaren iraupena… Hori guztia, dagoeneko irakurgai dago Elhuyar aldizkariaren 2012ko azken zenbakian.

Beste artikulu hauek ere landu dira Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren abenduko zenbakian. Begia eta kamera, kamera eta begia. Kamera giza begi baten bertsio artifiziala da. Hain zuzen, kameraren erreferentzia nagusia begia da. Baina ez beti. Kamera batzuek giza begiak ikusi ezin duena ikusten dute. Jantzita eramateko informatika. Aldean daramatzagu ia beti smartphoneak, tabletak, e-book irakurgailuak, eta abar. Datozen urteetan, informatika aldean eramatetik jantzita eramatera pasatuko gara. Ibn al-Haytham. Ez zuen lortu Nilo menderatzea, baina ekarpen handiak egin zituen XI. mendean. Argiak zuzen bidaiatzen zuela frogatu zuen, eta ikusmenaren oinarria ongi azaltzen lehena izan zen. Eta argi ikusi zuen hipotesiak esperimentuen bidez frogatu behar zirela. Basabizitza ikusgarria. Polotik polora eta itsasotik sabanara, animalia, landare eta paisaien argazki ikusgarriak ekarri dizkigu, aurten ere, Veolia Environnement Wildlife Photographer of the Year lehiaketak. Gai librean: Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo. Lurpeko mundua ezezaguna da jendearentzat, baina hainbat koba turistikok hutsune hori konpon dezakete, lurraren erraiak modu kontrolatuan erakusten badira. Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo adibidetzat hartu ditu Nagore Irazabal espeleologoak artikulu honetan. Analisia: Jakiterik ez dagoena ez jakitearren kondenatuak. Arturo Apraiz geologoaren analisia, Italian, L’Aquilan izandako lurrikara dela-eta kartzelara zigortutako geologoen harira.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

Sexuaren arrazoiak

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.