Barrabilak direla eta

Frantsesa hizkuntza liraina, elegantea, poetikoa eta fina da. Agian gehiegi, asko atzera botatzen baititu horren pegfektua izateak. Gaurko eskolan irakasle paristarrari galdetu diot zer esan nahi zuen “se faire des couilles en or”[1] esaldiak, Manu Chaoren ahoan entzundakoa pirateriari buruzko elkarrizketa baten. Gorritu eta “ce sont des gros mots” erantzun dit. Alegia, hitz itsusiak, biraoak, (espainolez “taco” esaten zaienak) zirela.

Hau komeria arbelean idazteko eskatu diodanean! (jakina, ikasteko gogo hutsagatik egin dut, ez pentsa morboak mugitu nauela) Eskuak dardaratzen zion “couilles” hitzaren letra bakoitza fondo beltzean agertzen zijoanean. Alboetara begiratzen zuen etengabe, ikasle-ikusle bihurrien erreakzioari adi balego bezala. Barre egin dut. Barre zoro eta ergela atera zait. Nola da posible 25 urteko pertsona batek arazoak edukitzea “barrabilak” idazteko orduan?

Ez dakit Iparraldekoei, baina Hegoaldekoei ez ohi zaigu batere arrotza egiten halako hitzak entzun, idatzi eta esatea. Batez ere kontuan izanda gazteleraren eragina dugula eta “cojones” dela hizkuntza honetan adiera gehien dituen hitza. Ulertezina da jendea ez ausartzea gauza batzuk esatera gizateriak bizi (izan) duen zentsurarekin. Informazioa ezkutatzen digutela esaten dugu, baina gu geu gara lehenak eufemismoak besterik ez erabiltzen. Tabu hitzak une sekretu eta pertsonaletarako gordetzen ditugu.

Frantzian, tamalez, are gehiago gertatzen da hau. Hizkuntzaren harmonia apurtzen duten hitzak debekaturik daudela dirudi. Gutxi batzuk besterik ez dira ausartzen melodiari doinu iraultzailea ematera. Nolatan, orduan, erabili du Manu Chao musikariak halako esaldi trauskila? Ez ote du espainiar jatorririk izango? Ba oui: ama euskalduna eta aita galiziarra omen ditu. Salbuespena zegoela uste nuenean, nik neuk eraikitako paretaren kontra jo dut!


[1] Modu desegokian: “aberastea”.

Biraoak, frantsesa, hizkuntza, hizkuntzak

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...