Setemen ikerlan batek kontsumoarekin erlazionatutako indarkeria matxistak nabarmentzen ditu

SETEMen ikerlan batek kontsumoarekin erlazionatutako indarkeria matxistak nabarmentzen ditu

Lan hau kontsumo arduratsuan lan egiten duten erakundeen eta erakunde feministen artean ezagutza sortzeko eta ikasteko prozesu kolektibo baten emaitza da, eta etxeko produktuen, estetika-produktuen eta hirietako mugikortasunaren kontsumoan azaltzen diren indarkeria matxistak nabarmentzen ditu.

Setemen ikerlan batek kontsumoarekin erlazionatutako indarkeria matxistak nabarmentzen dituBilbo, 2016ko otsailaren 26a – Euskadiko SETEM GGKEak gaur goizean Bilbon Indarkeria kontsumitzen dugu? txostena aurkeztu du. Lan horrekin egiaztatu nahi izan du zer harreman dauden indarkeria matxisten eta kontsumo arruntaren artean. Analisi honen emaitzek islatzen dute kontsumoan indarkeria matxistak naturalizatuta eta barneratuta daudela eta normaltzat jotzen direla gure gizartean eta horren ondorioz zailagoa dela indarkeria matxistak ikustea. Hala ere, gizonen eta emakumeen datuak alderatuz ikusten da indarkeria matxistak daudela hiru mailetan: zuzenekoa (norbaitek nahita, nabarmenki eta erraz ikusteko moduan gauzatutako ekintza, beste norbaiti kalte fisikoak eta psikologikoak eragiten dizkiona), egiturazkoa (gizartearen egituraren ondoriozko bidegabekerian eta desberdinkerian islatzen da) eta sinbolikoa (adierazpen kulturalen eta lengoaiaren bitartez emakumeen menpekotasuna mantentzen duten sinboloen multzoa da).

Etxea (elikagaiak eta etxeko produktuak), esparru pertsonala (kosmetika produktuak, arropa, tratamenduak…) eta esparru publikoa (herri eta hirietako mugikortasuna) dira aztertu ditugun hiru esparruak, eta arlo horietan ikusi denez, indarkeria matxistak gaur egun ere fenomeno zabaldu bat dira, eta ondorio larriak dituzte gizabanakoen bizitzarako, eta, bereziki
eta nagusiki, emakumeentzat.

Etxeko esparruari dagokionez, azterlanak ondorioztatzen du bizi garen sistemak, emakumea erosketen eta etxeko arduradun gisa erakusten duen publizitate-sistema batek bultzatuta, generoen rolak eta lanaren banaketa sexuala betikotzen dituela. Inkestatutako emakumeen % 64,4k adierazten du bakarrik arduratzen direla beren etxea garbitzeko eta elikaduraz arduratzeko eginkizun guztiez, eta gizonen % 28,5 daude egoera horretan. Gainera, lanaldi hirukoitzak (lana, etxea eta familia) eskatzen dien energiagatik emakumeek estres, neke eta ongiez maila altuagoak dituzte, guztia egiteko presioa jasaten dute “beren eginkizun”tzat jotzen delako, eta gainera, gizartean ez da aintzatesten familiaren inguruko betebeharrez arduratzea (emakumeen % 27,9 daude frustratuta horregatik). Emakumeen % 55,2k adierazten dute etxeko beste kideez gehiago arduratzen direla beren buruaz baino.

Esparru pertsonala erreferentzia gisa hartuz, azpimarratzekoa da norbere gorputza ez onartzearen eta gure gizartean estandarizatuta dagoen eredu estetikoak inposatzen duen eta nekez lor daitekeen feminitate-eredu bat ez lortzearen ondorioz jasaten den indarkeria psikologikoa. Bada, estetikoki erakargarria izateko presioak segurtasun falta eta autoestimu baxua eragiten ditu, eta horrek elikadura-nahasmenduak izatea ekar dezake, hala nola anorexia, bulimia, etab. Gauzak horrela, 10 emakumetik batek adierazten du elikadura nahasmenduren bat edo arazo gastrointestinalak izan dituela dieten ondorioz. Gainera, gailentzekoak dira arropa kaltegarriak (takoiak, arropa estua, etab.) erabiltzearen ondoriozko arazo fisikoak eta kirurgia estetikoaren eta bestelako tratamendu estetiko batzuen ondoriozkoak. Are gehiago, emakumeen erdiak jasan du nolabaiteko indarkeria fisikoa, eta gizonen laurden batek jasan du gauza bera. Azterlanak ondorioztatzen duenez, produktu estetikoak norbere buruarekin hobeto eta seguruago sentitzeko baliabidetzat jotzen dira, baita segurtasun handiagoa izateko eta lan hobea eta bikotekidea aurkitzeko aukera gehiago izateko tresnatzat ere.

Era berean, aipatzekoa da emaitzen arabera emakumeen % 42k jasaten dutela indarkeria psikologikoa, handiagoa edo txikiagoa. Are gehiago, emakumeen eta gizonen arteko aldeak nabarmenak dira: gizonen arteko % 72,4k ez du nabaritzen estetikarekin erlazionatutako indarkeria psikologikorik, baina emakumeen artean ehuneko hori % 58,1eraino jaisten da. Arazo hori handiagoa da emakumerik gazteenen artean: % 28k maila ertaina/handia jasaten dute, 36 eta 50 urte artekoen % 20,5ek eta adin horretatik aurrerakoen % 14,7k.

Aztertutako azken arloa esparru publikoa izan da, hiriak eta hirietako mugikortasuna analizatuz. Bestela esanda, mugikortasuna, hiriaren osaketa bezala, ekoizpen-lanaren berezko lekualdaketa-beharrei erantzuteko antolatu da, ez familiaz arduratzeko eta zaintzeko lanari erantzuteko. Gainera, hiriaren osaketak plazetara eta beste toki batzuetara dohainik sartzeko
aukera pixkanaka murriztuz joatea ekarri du, eremu horiek pribatizatuz joan dira “ordainpeko” topaleku bihurtzeko, adibidez tabernetako eta jatetxeetako terrazak jarriz. Egoera horrek sozializatzeko eta elkartzeko uneez gozatzeko aukera murrizten du emakumeentzat, baita erosahalmen txikiagoa duten kolektiboentzat ere (esaterako, adineko pertsonak, gazteak, etab.).

Setemen ikerlan batek kontsumoarekin erlazionatutako indarkeria matxistak nabarmentzen dituGure herri eta hirien urbanismoaren beste alderdi bat da emakumeek aisialdirako eta jarduera pertsonaletarako denbora laburragoa izateak eragiten duen indarkeria fisikoa eta psikologikoa, denbora luzeagoa behar baitute beren lekualdaketetarako, % 39,1 oinez ibiltzen baitira (emakumeen % 33,7k erabiltzen dute autoa lekualdatzeko, eta gizonen % 60,2k). Gainera, segurtasun faltak kalteberatasun-sentsazioa eta erasoak jasateko beldurra eragin ditzake, eta benetan jasan ditzakete ahozko erasoak, eraso fisikoak eta sexualak. % 66,4k arriskua nabaritu dute bakarka, gauez eta kalean ibiltzean, eta % 59,4k benetako beldurra sentitu dute. Are gehiago, emakumeen heren bati gauzak esanez eraso egin diete eta beren lekualdaketa-ohiturak aldatu dituzte kalean erasoak jasateko beldurragatik. Indarkeria-arriskuari aurre egiteko beren jokabidea aldatuz, banakako estrategiak bilatzea erabakitzen dute, erakundeei erantzukizunak eskatu beharrean. Alegia, indarkeriaren arazoa gero eta gehiago nabarmentzen eta salatzen den arren, modu pribatuan egiten zaio aurre, eta gizarteko babesgabetasuna ikusita, emakumeek beren kabuz bilatzen dituzte egiturazkoa eta sistemikoa den arazo baterako konponbideak.

GIDA DIDAKTIKOA

Azterlan hau ezagutza sortzeko eta ikasteko prozesu kolektibo baten bitartez prestatu da, eta bertan, kontsumo arduratsuaren arloan lan egiten duten erakundeen eta erakunde feministen parte-hartzea sustatu da1. Prozesuaren emaitzek indarkeria matxistei benetan aurre egiten dien kontsumo-eredu bat eraikitzeko proposamen eta gomendio zehatzak prestatzeko balio behar zuten. Eta prozesu horren emaitza izan da Indarkeria kontsumitzen dugu? Indarkeria matxistarik gabeko kontsumoa lortzeko hausnarketa-gida. Gida horrek, galderaerantzun batzuen bitartez, berdintasuna sortzen duten eta egungo antolamendu sozioekonomikoa sakonean aldatzea xede duten kontsumo aukerak sortzeko giltza batzuk eskaintzen ditu.

AZTERLANAREN METODOLOGIA

SETEMek zuzendu duen proiektu honetan indarkerien eta kontsumoaren arloko erakunde adituek ere parte hartu zuten, prozesuan aholkularitza emanez, hala nola Mugarik Gabek eta Altekio Iniciativas hacia la Sostenibilidad erakundeak, Kolonbiako beste bi erakunderekin batera. Gainera, Oreka Sareak proiektua dinamizatu du, prozesu parte-hartzaileetan esperientzia duelako. Modu parte-hartzailean, prozesuan parte hartu duten eragile guztiek kontsumo kapitalista arruntaren eta indarkeria aldaera desberdinen arteko harremana nabarmentzen duen esparru teorikoa zehaztu zuten. Esparru teoriko hori metodologia enpiriko baten bitartez egiaztatu zen, eta horretarako, bi ikerketa-teknika erabili ziren, merkatuko azterketetan aditua den ADIMEN enpresaren eskutik:

– Sakoneko 15 elkarrizketa feminismoaren, kontsumo kapitalistaren eta ekologiaren esparruko adituekin, eta 2 foku- edo eztabaida-talde, bakoitza zortzina emakumez osatuta, adituen ikuspegia zabaltzeko.
– Telefono bidezko 500 inkesta Euskadiko 18 eta 65 urte arteko herritarren artean.

Horrela, azaldutako emaitzak lortu ziren, eta sistema kapitalista eta heteropatriarkala ez bezalako kontsumo-eredu zuzen eta berdintasunezko bat eraikitzeko proposamen eta gomendio zehatzak egin genituen.

Azterlanaren txostena eskuratzeko esteka:
http://www.setem.org/setem_ftp/euskadi/consumimosviolencia_estudio_eusk.pdf
Gida didaktikorako esteka:
http://www.setem.org/setem_ftp/euskadi/consumimosviolencia_guia_eusk.pdf

SETEM Hego Haizea
Tel.: 945 120746 / 659682431
www.setem.org/euskadi
Facebook | Twitter | Youtube

setem-logo

#QueremosSeguirRemando – #TransfórmateConSETEM

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude