Seinale bat, sasi artean botata
Seinale bat, sasi artean botata –
Danel Agirrek, Gipuzkoako Hitzan.
Kanbo hitza entzute hutsarekin, lerdea darigula ipintzen gara etxean. Ez da Arnagako aperitifara gonbidatu gintuztenik (ETA luntx epiko batekin bukatu zela irakurri dut), karta berdearen garaitik datorren kontua baino. Mokoak ginela, hilean behin Seat Transarekin BAB2tik pasatu ezean ez genien su-etenik eskaini ohi gurasoei. Caprice des Dieux, saltxitxoia, koka-kola… Iraultza zerga instantean kobratzen genien, hain xarmantak iruditzen zitzaizkigun soro horietako batean mantatxoa botata.
Aurkikuntzaren egunean, hormatxo baten atzean egin genuen mokadua. Koka-kolarekin abusatzeagatik maskuria arintzera urrundu zelarik aurkitu zuen Olagarrok, sasi artean botata. Hurrengo herrian sartzera zoazela iragartzen duten bide-seinale horietako bat zen, azpiko zutoinik gabe. Marko gorria zuen xaflak, eta euskal tipografiarekin letra larri orlegez idatzitako bost letrako izena: K A N B O. Harrapakina Seat Transean sartu, eta sekula inork txango batetik ekarri duen oroigarri bikainenarekin bueltatu ginen etxera.
Erdoil arrastoak garbituta, atariko mahai borobilaren atzeko horman paratu zuen amak seinalea, parrilaren alboan. Automatikoki, izenik ez zuen gure txoko kutuna bataiatuta geratu zen horrela. “Igandean Tere eta Jabi datoz Kanbora”, “Bazkarian oilasko hegoak sobratu zaizkigu, Kanbon egingo ditugu gauean entsaladarekin, animatzen?” edo “Euskal Jaian kuadrillarekin gosaltzeko Kanbo libre al dago?” bezalakoek gure eskailerako solasaldiak betetzen dituzte harrezkeroztik.
Ongietorri eta agurrekin lotzen dut nik Kanbo. Kontatu nizun aita oso metodikoa dela bere errekiekin, eta etxera itzuli baino pare bat aste lehenago jakinarazten dizkit bere proposamenak: “Iristen zarenean zuk ekarritako saltxitxak egingo ditut Kanbon, eta joaten zarenean txuletak, zer iruditzen?”. Egonaldia taxuzkoa izateko, egun gutxiko bisita izanda ere, etorrerako eta despedidako Kanbo oparo bana behar ditu.
Urte osoa atzerrian ikasten eman ondoren, Barajaseraino bila joan zitzaizkidan gurasoak behin. Ni jaso, eta dagoeneko Seat Transa ez zen autoarekin denborarik galdu gabe Kanbora bueltatzea zen plana. Tere, Jabi eta beste guztiak izango nituen han zain. Txiki samarrak ditut gurasoak, baina terminaleko atetik irteterakoan ez begiztatzeak harritu egin ninduen. Maleten orgari bultzaka metro batzuk egin, eta banku batean eserita topatu nituen biak, besarkatuta, malkotan. Negarrak agurretarako gorde ohi ditugu normalean (behin segurtasun kontrolak pasatu arte itxaroten dut nik, amak ez daki) eta euforiko behar zuten teorian. Banekien zerbait oker zebilela. Aparkatzen ari zirela, ETAk bere adiskide mina tiroz garbitu zuela entzun berri zuten irratian. Kanboko parrilak doluan eman zuen boladatxo bat, itzalduta.
Atariko trafiko seinalea bi kale ezberdinetatik ikusten da, Zarautzen paseoan doan edonork egin dezake topo berarekin. Kanbo betirako ETArekin erlazionatuko dela jakin zenetik, txantxa besterik ez dugu. “Madrilgo turistaren batek etxean santutegia dugula pentsatuko du, laster gara Audientzia Nazionalean!” eta “Herritik hartu genuena herrira itzuli beharko dugu akaso” bezalakoak dira orain eskailerako solasaldiak betetzen dituztenak. Oroigarria benetan ezkutatzerik ez zaigu okurritu ere egin halere. Demokrata txartelak banatzen dituzten tertuliakide horietako baten esaldia dirudi datorren honek, baina egia osoa da, espazioaz eta denboraz ari bagara behintzat: Kanbora ETA baino askoz lehenago iritsi ginen gu.