Sei urte ETB3rik gabe
Atzo ospatu zen Hiru3 Jaia, ETB3ren jaia, Bilbon. Nafarroan 6 urte daramatzagu ETB3rik gabe. Horri buruzko gauza interesgarriak esan ziren azkeneko Nafarroako Hitzan, artikulu orokorrago baten barnean. Hona hemen:
Paula Kasares: “Belaunaldi berriek, euskararen sozializaziorako, gizartearen laguntza behar dute, eta euskarazko telesaiorik ez izateak haurren hizkuntza portaeran eragin dezake”.
Hori da, hain zuzen, Esther Lakasta haur eta gazteen aisialdia eskaintzen duen Dindaia fundazioko kideak etxean ikusten duena. «Nire seme-alabengan zuzenean islatu da aldaketa. Alabak 13urte ditu, eta ETB1eko marrazki bizidunekin hazi da. Semeak, berriz, 7 urte ditu, eta berak jaso dituen eredu guztiak edo ia denak erdaldunak dira. Biak eremu euskaldun batean bizi dira, baina bien artean aldea dago. Alta, askotan semea jolasten hasten denean, gaztelerara pasatzen da, Bob Esponja eta horrelako pertsonaiekin jolasten delako. Sekulako jauzia ikusi dut bien artean, eta horrek tristura eta haserrea sortzen dit barruan. Gu saiatzen gara Internetez ETB3 ikusten, baina beti ez da seinale ona egoten, eta gu ez bagaude, haurrek erosotasunera jotzen dute».
Artikulu osoa, hemen: Txoriak hegalik ez Nafarroan
Zenbat ikusle dauzka ETB3-k EAEn? Nik dakidala, oso-oso gutxi.
Zenbat ETB1ek? Oso-oso gutxi. %2aren inguruan aidanez. Aidanez… datuok eskuratzea zinez zaila baita, gure arduradun politikoen gardentasunezko jokabidearen adibide.
ETB1 eta ETB3rekin gertatzen dena, EAJren utzikeriaren adierazle garbi-garbia dira. EAJri ETB2 interesatzen zaio, eta Onda vasca eta Grupo Noticias. Badirudi Radio Euscañi, PSEren esku utzi duela. Esanda bezala, EAJren utzikeriaren adierazle, baina baita ezker abertzalearena. Ez dut inon ikusi edo entzun euskarazko hedabide horiek jasaten duten miseriaren gaineko kritikarik edo proposamenik ezker abertzalearen aldetik.
ETB3-k ez du konponduko gure haurren erdarazalekeria, oso kate pobrea baita. Haurrek aspaldi erbesteratu ziren Clan, Disney eta beste kate batzuetara. Izan ere, haur eta gaztetxoena da ETB gutxien ikusten duen adin esparrua!
Hizkuntz politika duin bat behar da egoera penagari hau iraularazteko, eta behar ditugu politikari abertzale euskaltzaleak, egun hain gutxi diren horietakoak.
Eta behar ditugu, Begoñako Amatxuri baino, edo zaborrari baino, euskarari garrantzia handiagoa emango diotenak. Hori daukagun egunean, atzetik etorriko dira hedabide duinak ere.
Ta zertarako nahi ditu jendeak etb1 etb3 kanalak ikusi? Egun osoan kamera izkutua botatzen dute, 5 orduko maratoiak eginez, eta hor ez dago inongo euskararik. Euskarazko kanalak mutuak dira.
Alderdi abertzaleek nosaben-nocontestan. ETBko langileek badute iritzirik gertatzen ari denaz?
Konspiranoiko samarra izango naiz. Nik, Patxi Lópezen garaian, argi ikusten nuen ETBren aurkako boikota egiten ari zela barrutik, ahal zuten guztia egiten ari zirela ikusleak ETBtik uxatzeko. Orain, PNVrekin, joera bera dagoela ikusten ari naiz. Denok dakigu zein izan zen PSEren obsesioa gobernuan egon zen 3 urte luzeetan: ahalik eta bere ildoko jende gehien ondo kokatuta uztea etorkizunari begira. Ez ote da izango ETBn kintakolunistak ondo kokatuta utzi zituela eta azpilanean jarraitzen dutela erakunde horren aurka? Bestela, ez da ulertzen ETB1n ematen den programazioa: programa mutu horiek, emankizun penagarri horiek, sukaldaritza-programa bazkalondoko orduetan, politika-debateak igande gauetan… Autoboikot hori ulertzerik ba al da, bestela?
Bestalde, askotan esan dut, gai hau ateratzen den bakoitzean: haur txikiak badituzue, eta haien lehenengo hizkuntza, hizkuntza nagusia, euskara izatea nahi baduzue, ikusentzunezkoak asko zaindu behar dituzue. Gu oso eremu erdaldunean bizi gara, eta TDTko aukeratik erdarazko haur-kanalak ezabatu egin genintuen, besterik gabe. Gure etxeko telebistetan ezin zen hartu ez Disney, ez Clan, ez Boing… Eta haurrearen aurrean beti euskarazko telebista pizten genuen helduok ere. Emaitza ikusgarria izan zen: haur euskalduna, euskara lehen hizkuntzatzat zuena, euskaraz hitz egiteko joera erabatekoa, eta inguruko haurrak ere euskarara erakartzen zituena.
Horrexegatik, ETB3 behar-beharrezkoa dugu Nafarroan!
Guztiz ados Naparroanek dioenarekin. 80. hamarkadan jaiotako Nafarroako haurrek aukera izan zuten telebistaz marrazki bizidunak euskaraz ikusteko. 2010. urtean jaiotakoek, aldiz, ez dute aukera hori. Tamalgarria eta lotsagarria.
Galdera bat:
Egiten al da horri aurre egiteko lanik Nafarroako ikastolen eta D ereduko ikastetxeen inguruan? Ez dakit, pelikulak eta programak elkarren artean trukatu DVDtan, pen-drivetan… Gurasoen artean jarraibide edo irizpide batzuk zabaldu ikusentzunezkoen eta gainerako gailuen hizkuntza-erabilerarako… Era horretako lana oso emankorra izan liteke, baita haurren kontzientziarako ere.
Bueno, Nafarroako Ikastolen Elkarte bezala ez dakit. Bakarrik dakit lagun batek, Iruñerriko ikastola bateko ama, jaso izan dituela horri buruzko aholkuak ikastolako batzar orokorrean: jadanik ez dagoela euskarazko marrazki bizidunik Nafarroan, eta konpentsatu beharra dagoela, dvdekin (baina ez diete dvdrik pasatu), ETB3 Internet bidez ikusiz, etab.
ETB3 Internet bidez ikusteko jarrabideak ere banatu zizkien gurasoei.
Ez da ezer egiten. Zero.
Atzerrian bizi naiz eta bi ume txiki ditut. Nola ikusi dezaket ETB3 atzerrian interneten bitartez? ikusentzunezko materiala duen web orririk ezagutzen dezute? (saiatu izan naiz aurkitzen, baina ez dut gauza interesgarririk topatu)
Ezin da ETB3 zuzenean ikusi, baina bai saioak. Hau da helbidea:
http://www.eitb.com/eu/hiru3/
Hor, nahi duzun marrazki biziduna aukera dezakezu.
Bestalde, telebistako pantailan ikusteko, ordenagailua eta telebista HDMI kable batekin lot ditzakezu.