Sei Mila Hitz. Irentsi

“Idazten ez dakiena baino, argazkilaritza ezagutzen ez duena izango da etorkizuneko analfabetoa” idatzi zuen László Moholy-Nagy argazkilari Hungariarrak 1.928an Bauhaus aldizkarian argitaratutako artikulo batean. Bada, aurreko astean egunkari eta telebista askotan jiraka izan genuen irudi bati erreparatzen badiogu, ez dira asko izango analfabetotzat hartuak izango ez direnak.

Estatuko abokatuaren laguntzaile bat kaxa batzuk eskuan dituela

 

 

 

 

(Estatuko abokatuaren laguntzaile bat, kaxak eskuetan dituela)


Zenbat pisatzen du Din A4 orri batek? eta 2.000 orrik? Zenbat orri kabitzen dira folio kaxa batean? Zenbat pisu jaso dezake gizon arrunt batek esku bakarrarekin, imintzio arrarorik egin gabe? Ze pisu jasan dezake esku batek, 2 edo 3 milimetroko lokarri bati heldu eta eskua ez ebakitzeko?

Metro karratuko 75 Gr. pisatzen duen orria hartuko bagenu (nahiko estandarra) DIN A4ak 4,6 gr. baino zeozer gehixeago pisatuko luke. Kaxa bakoitzean 500 orriko 5 pakete kabitzen direla kontutan hartuta, kaxa bakoitzaren pisua 23,5 Kgr. inguru ateratzen da. Esku batean bi kaxa dauzkanez, 47Kgr. ateratzen zaizkit eta beste eskuan 70 bat kilo; Kaxak beteak daudela iradoki nahi digute, kaxen gainean, barruan kabitzen ez ziren sobre batzuk ere jarri baitituzte.

Gehiegi betetako zakar poltsa bat, berak dakarren sokatxotik heltzeak sortzen duen marken jakitun, nik behintzat ez dut irensten argazki horrekin sinestarazi nahi digutena. Norbaitek esango du kalkulu borobilegia dela eta agian kaxek ez dutela zertan toperaino beterik egon. Agian erosotasunagatik ez zituztela bete, edo behin nahasitako orriek pakete barruan zetozenean baino gehiago okupatzen dutela.

Ados, kontzesioa eginda, dena erdiraino bakarrik zegoen beteta; Baina hala ere, niri esku batean 23 kilo eta bestean 35 ateratzen zaizkit eta berdin, berdin sineskaitza egiten zait 60 kilo eramateko karretilarik hartu ez izana… Edozer jartzen digutelarik begien aurrean, sinetsi egiten dugu.

Zergatik iruditzen zaigu “hegoak zituen elefante bat ikusi dut” dioen esaldiaren aurrean zerbaitek gezurra behar duela izan eta elefante hegadun bat azaltzen den argazkiaren aurrean aldiz, ez diogu animaliari haizatzeko pitorroa bilatzen?  Nork pasatzen ditu gutxieneko 3 edo 4 segundo prentsan azaldutako argazkiren bat irakurtzen? Zenbat erredaktore, kazetari, maketagile eta irudi hartzailek irentsi zuen jugada? Gizona kotxetik ateratzeko zain zeuden erredaktore grafiko haietatik inori ez al zitzaion arraroa egin kaxak eramateko modua?

Eta hau idazten nabilela, irratian, Bin Laden hil omen dutela eta zabaldu den argazkia (bakarrik gertatzen dira gauzak, ez du inork egin), Laden beraren argazki bat eta hildako beste norbaiten aurpegiak elkartuta lortutakoa dela esan dute. Irudian arreta apur bat jarri eta oso arraroa ematen du. Aurpegiak eta bizarrak ez dute definizio bera, ahoak eta sorbaldak ere erresoluzio desberdina izateaz aparte, fokatutako guneek ere zerbait arraroa iradokitzen dute, masail hezur eta begizuloen arteko lotura ez da sinesgarria, kolorea, itsaste marra… baina askok irentsi egin du.

Sarean apur bat bilatu ondoren G.W.Bush presidente zela blog batek argazki horrekin egindako fake bat topatu dut, eta Bush presidente ez denetik pasa dira aste batzuk, ez? Nork jarri du argazkia bere medioan? Zergatik? Zein iturrik zabaldu du? Zerbait esan nahi nuen, baina galderak besterik ez zaizkit ateratzen, sentitzen dut.

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.