Sebastian Iradier eta Usoa habanera

Sebastian Iradier eta Usoa habanera –

Azken urte hauetan euskal kantua zabalkunde handia lortzen ari da. Nonahi badira kantu egunak, kantu bazkariak, kantu afariak…,  eta herri guztietan badira talde zabalak kantuz aritzen direnak. Halako batean, Iruñeko San Ferminetan nengoela, Araba Kantuz-ekoei entzun nien euskaraz kantatzen nik beti espainieraz entzuna nuen abesti ederra. Egia erraiteko, ez nekien arabar batek egina zela. Orduz geroztik, ainitzetan entzun dut Euskal Herriko luze-zabalean aipatu horrelako bestetan kantatzen. Horren kari, egin dut honako artikulua, Sebastian Iradier musikagileari nire esker ona emateko asmoz. 

.

Ziekoko gazte musikaria

Sebastian Iradier eta Usoa habanera1809ko urtarrilaren 20an jaio zen Arabako Errioxan, Zieko herrian (Eltziego ere deitua) Sebastian Iradier Salaberri izeneko haurra, aita Santiago Iradier eta ama Eusebia Salaberri zituela. Aita ziekotarra zen eta ama, berriz, gasteiztarra. 

Hogeiko hamarkadan, Aguraingo San Joan elizan bazen organo-jole ona, baina erretorearen eta auzo gehienen iritziaren kontra, elizkizunetan hainbat doinu liberal jotzen zuena.  1823an kargugabetu zuten eta lehiaketa bat zuten antolatu organo-jole berria hautatzeko. Hamar lagun aurkeztu omen ziren, beraien artean Sebastian Iradier gaztea. Ziekotarrak bikaintasunez gainditu omen zituen proba guztiak eta orduz geroztik bera izan zen Aguraingo San Joan elizako organo-jole berria. Agurainen berehala egin zen famatua, elizan organoa jotzeaz gain, gitarra ere ederki jotzen eta izugarri ongi kantatzen omen zuelako. Besta eta erromeria guztietan ezinbesteko pertsonaia bilakatu zen. 

Pio Barojak kontatu zuenez, Sebastian Iradier neska zale amorratua omen zen, lorez lore ibiltzea maite zuena. Bazen Agurainen neska gazte bat karlista zahar batekin ezkondua zena eta haren atzetik omen zebilen. Senarra, konturaturik, zerbait prestatzen hasi zen mutila zigortzeko. Prestakizun horien jakitun, emazteak Iradier arriskuaz ohartu zuen eta 1833an, Agurain utzi eta Madril aldera abiatu zen. Han gorteko hainbat handikiren seme-alabei solfeoa eta katua erakutsiz aritu zen. Bere ikasleren artean Mª Eugenia Montijo neska gaztea izan zen, gerora Frantziako Napoleon III. enperadorearekin ezkondu zena. Horretan ari zela, ospe handia atzeman zuen eta 1840. urterako bazituen bere esku hainbat lanpostu, titulu eta katedra. Urte horretan plazaratu zuen Album filarmónico izeneko kantu bilduma, izugarrizko arrakasta izan zuena. 

Urte haietan ezkondu zen eta seme bat eduki zuen. Laster alargundurik, bigarren aldiz ezkondu zen, eta alaba bat ekarri zuen mundura.

.

Europan eta Ameriketan barna

1850ean Parisera joan zen eta hango kantari eta dantzari famatuek hainbat kantu, fandango eta bolero egin ziezazkiela eskatu zioten. Hauei esker, berehala ospetsu egin zen Pariseko artisten artean. Marietta Alboni kantari famatuak Ameriketan barna kantatzen ibiltzeko asmoa zuen eta Iradierri galde egin zion berarekin batera joateko orkestra buru gisa eta pianoa eta gitarra jotzen.

Iradierrek proposamena onartu eta Ameriketako abenturari ekin zion. Horrela kontzertuz kontzertu ibili zen New Yorken hasieran eta geroago Bostonen, Filadelfian, New Orleansen, Mexikon eta Habanan. Handik Hego Amerikara pasatu ziren gero. 

Ameriketan ospe handia lortu zuen eta habanera ainitz idatzi zituen, hango antzoki eta kafetegietan zabalkunde handia izan zutenak. Famatuena La Paloma izenekoa izan zen, 1860an idatzi zuena, eta Ameriketan, eta mundu osoan, gehien kantatu den abestietako bat. Iradier gizon apaina zen, atsegina, gorpuzkera ederrekoa, gonazale amorratua… eta horregatik, Ameriketan Euskal dandia ezizenaz ezagutua izan zen.

Marietta Alboniren konpainia Europara itzuli zelarik, Iradier New Yorken gelditu zen, handikien seme-alabei kantua eta gitarra erakusten. Aspertu zelarik, Londresera jo zuen eta han, Ingalaterrako hiriburuan, bere boleroak eta bestelako doinuak modan jarri zituen aristokraziaren saloietan.

Londresetik Parisera, eta han gaztetan bere ikasle izan zen Maria Eugenia Montijo enperatrizak bere kantu irakasle izendatu zuen.

.

Bizetek plagiatu zuenekoa

Frantzian zegoela, frantsesez idatzitako bere kantuak izugarri famatuak egin ziren. Iduriz, garai hartan elkar ezagutu zuten Sebastian Iradierrek eta Jorje Bizet musikagile frantsesak. Iradier jadanik Parisen ez zegoela, Bizetek Carmen opera plazaratu zuen arrakasta handiz. Aipatu operan bazen L´amour est enfant de Bohême izeneko habanera, Iradierrena zena, baina Bizetek egiazko egilea nor zen aipatu gabe, berea balitz bezala,  operan sartu zuena. 

1865eko abenduaren 6an, berrogeita hamasei urte zituela, Sebastian Iradier Gasteizen zendu zen. Bere kantuak ederrak ziren eta mundu osora zabaldu ziren, ainitzetan bere izena isilduz edota beste musikagile baten izenean agertuz. Bere iloba Teodoro Iradierri esker, ehun bat doinu eta kantu iritsi dira gurera, osaba hiltzean, musikagilearen hiru esku-idazki mardul Gasteizko Are eta Ofizioetako Eskolako liburutegiaren esku utzi baitzituen. 

Sebastián Iradier

Artikulu hau amaitzeko, lerro hauetara ekarri nahi dut, Gasteiz Kantuz-ekoek euskaraz abesten duten La Paloma habaneraren bertsioa, izugarri maite baitut. Ruben Santxez-ek egina da. Ainitzetan entzun eta kantatu dut Euskal Herriko luze-zabalean egiten diren kantu egunetan. Usoa izena du. Horratx:

1.- Habanatik joatean, ene bada, / inork ez ninduen ikusi, nik salbu, / eta guatxinanga eder bat, ene bada, nire atzetik etorri zen, bai horixe! // 2.- Uxoa helduko balitz zure leihora, / ni banintza lez, jaso zure altzora, / zure maitasun denak hari kontatu, / ni banintza lez, bera loretan hartu! // errepika: Ai txinita baietz, zure maitasuna eman! / Ai etorri nirekin txinita / bai Euskal Herrira! (2 aldiz) // amaiera: Baietz, baietz, ezetz, ezetz, / berak nahi badu, nik ez dut nahi. / Baietz, baietz, ezetz, ezetz, / berak nahi badu, nik ez dut nahi.

Sebastian Iradier eta Usoa habanera

Euskaltzalea eta irakasle-ohia