Seaska zure beharretan da
Larri dabil Seaska Iparraldeko ikastolen elkartea. Euskaldunon hizkuntz eskubideak ez ditu aitortzen Frantziako estatuak, eta hori gutxi bailitzan, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriek, tipitu egin dituzte laguntzak juxtu ikastoletara sekula baino haur gehiago apuntatzen ari den tenorean. Esan beharrik ez dago gaur Senpereko lakuan dela festa, baina ba ote dakizu benetan zer den Seaska?
SEASKAK, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako ikastolen federazioa. Duela 42 urte sortua, Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduan (D ereduan) dagoen aukera bakarra da. Ikastolak dira gaurko haurrak, biharko gizarte eragile euskaldunak segurta ditzakeen egitura bakarra. 25 urtez inolako ezagupenik ukan gabe, 1994 urtean eskuratu zuen Seaskak Hezkuntza Ministeritzaren ezagupena, ikastolei izaera pribatuko elkarteen estatusa emanik.
Geroztik erakasleen enplegatzailea Pariseko Hezkunde Ministeritza bada ere, ikastolek beharrezkoak dituzten lanpostu guztiak ez ditu ematen ministeritzak eta ondorioz urtez urte geroz eta erakasle gehiago ordaindu behar ditu Seaskak bere sakeletik. Horretaz gain, nahiz eta zerbitzu publiko bat eskaini eta eskola laikoa izan, eskola pribatu gisa onartua denez, botere publikoei ikastoletan inbertsio publikoak egitea galerazten dion 1848 ko Falloux legea inposatzen zaie ikastolei.
Seaskaren baitako ikastolek, hezkuntza sare osoa segurtatzen dute ama ikastolatik batxilergoa arte. Gaurregun, 2700haur baino gehiago eskolatzen ditu Seaskak:
- 24 ama ikastola eta lehen maila : 1980 ikasle
- 3 kolegio : Kanbon, Ziburun eta Lartzabalen : kasik 580 ikasle
- Lizeo bat Baionan, L, S, ES sareekin: 170 ikaslerekin.
- SEASKA, ELKARTE ESKOLA: Seaskako buraso ordezkariek eta langileen ordezkariek osatzen duten Bulego Erabakitzaileak kudeatzen du. Bere gidaritzapean, Seaskako talde profesionala dago, ikastolen egonkortasuna, aholkularitza, erakasleen kudeaketa, garapena eta jardun pedagogikoa eskaintzen duena.
Seaskako 29 ikastolak, Ikastolen Elkarteko kide dira Euskal Herriko Ikastolak Europar kooperatibaren baitan, 7 probintzietako ikastolak biltzen dituena.