Inork igarri al du Kursaal misilez jantzita?

Kursaalek ez du ohiko duen argi jolasik egin aste honetako kongresua iragartzeko. Hala ere, “Nazioarteko Defentsa Misilen 7. Biltzarra: Europako Erronkak” izenpean Donostia arma saleroslez bete duten ekitaldiek hedabide eta alderdi politikoen gaitzespena jaso dute.

2016rako Europako Kultura Hiriburu izendatuko al dute Donostia? Baliteke, baina aste honetan rankingean behera egiteko arrazoi indartsuak oparitu ditu bakearen erreferentzia bilakatu nahi duen hiriak.

Gorka Bereziartuak blogean jaso duen moduan Nazioarteko Defentsa Misilen Biltzarra eufemismoetan ezkutatu da. Batez ere, Donostiaren izen ona ez zikintzeko, eta, bide batez, gerraren aurkako ekintzaile gogaikarriak pixkatean urrun izateko. Hala ere, ertzainen presentzia itogarriak iragartzen zuen Kursaal ur handiko arrainez lepo zegoela.

Hala, biltzarraren nondik norakoak azaltzerako orduan armamentua “teknologia” da, militarrak “bezeroak” eta egitateak “martxan dauden gerrak” dira. Gerra negozioaren izenak.

Kongresuaren iragarpena web orrian

Garak salatu duenez, Kursaaleko arduradunek ezkutuan mantendu izan nahi dute kongresua: ez iragarpen publikorik, ezta informaziorik ere. Kongresuaren web orrialdeak ere metamorfosia izan zuen ordu gutxitan. Antza, Ezker Batuak biltzarraren aurka egin ostean orrialdea ezabatu eta eduki hau plazaratu zuten.

Protestak

Komunikabide batzuk egurra eman diote Udalari gerraren apologia egiten duten ekitaldiak baimentzeagatik. Horrez gain, Donostiako Ezker Batuak deitu zuen protesta izan zen Kursaal inguruko paseatzaileei berria jakinarazi ziena. Dozenaka lagun izan ziren “Gerrarik ez” lelopean, biltzarraren aurka. Aralarrek ere azpimarratu egin zuen halako kongresuen eta gizaki eskubideen defentsaren arteko kontraesana.

 

Donostia, gerra, Kursaal
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude