Sarituak hiru ‘rockero’ zahar

Sarituak hiru ‘rockero’ zahar –

Amatiñok bere blogean.

Sarituak hiru 'rockero' zahar
Planeta saria, 1983

Aurtengo Euskal Kazetaritza Sariek 1970eko hamarkadaren amaieran lanari ekin zioten hiru kazetari izan dituzte, besteak beste, gogoan. Alegia, 2021eko “Euskal kazetariak” saria Begoña del Tesorentzat izan da; “Ibilbide profesionala” deritzona, Mirentxu Purroyrentzat, eta fotokazetaritzari dagokiona, berriz, Angel Ruiz de Azuarentzat.

Hiruak hasi ziren gazte-gazterik hedabideen alorrean. Begoña del Tesok (Donostia, 1959) 21 urte baino ez zituen Euskal Irrati-Telebistaren sorrerako egitasmoetara hurbildu zenean; Mirentxu Purroy (Iruñea, 1953) “Punto y Hora de Euskal Herria” astekariaren sortzaileetakoa eta lehen zuzendaria izan zen 1976an, 23 urte besterik ez zituela; eta Angel Ruiz de Azuak (Agurain, 1948) 28 urte, ‘Deia’ egunkaria sortu (1976) eta argazki-sailaren ardura eman ziotenean.

Begoña euskal zinema-kritikaririk ezagunena da gaur egun, euskaraz zein gaztelaniaz, Donostiako Zinemaldiaren, ‘El Diario Vasco’ egunkariaren eta Euskadi Irratiaren esparruetan; Mirentxu ‘Egin’ egunkariaren zuzendaria (1978-1980) izan zen zinema zein telebista-ekoizpenei ekin aurretik; eta Angelek, 1983ko Planeta Saria irabazteaz gainera, azken hiruzpalau hamarkadatako argazkirik adierazgarrienetakoen egile dugu, Iribar eta Kortabarria ikurrinarekin Atotxan, Athletiken gabarra eta uholdeak Bilbon, edo Oteizaren eta Chillidaren arteko besarkada, esaterako.

Horrez gainera, aurtengo “Adierazpen askatasunaren José Maria Portell” saria Burkina Fason eraildako David Beriain eta Roberto Fraile erreportarientzat izan da; “Ingurumen-kazetaritza” Eva Caballerok irabazi du, Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol irratsaioarengatik; “Kazetaritza digitala” saria Julio Flor-en Blog Rioja Alavesa delakoak merezi izan du, eta “Giza erakunde” saria EHUeko Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren Fakultateak jaso, ez baitu alferrik aurten 40 urte betetzen, eta ia 15.000 kazetari hezitu, 1981ean sortu zenetik hona.

 

Sarituak hiru 'rockero' zahar
Begoña del Teso.
Sarituak hiru 'rockero' zahar
Mirentxu Purroy.

Sarituak hiru ‘rockero’ zahar

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.