SantJordiandia

SantJordiandia –

Sant Jordi egunaren bezperan agertu da Euskal Herriko idazlerik esanguratsuena bere sorterrian. Joseba Sarrionandia Iurretara bueltatu da, Euskal Herrira bueltatu da.

SantJordiandia

40 urte etxetik kanpo eman ostean, Sarrionandiak hegazkina hartu eta Loiuko aireportuaren bitartez etxera bueltatu dela jakinarazi du, Anboto komunikabidean egindako elkarrizketa motz bezain interesgarri batetan. Joseba, Iurretako margoketa hark zioen bezala afaltzeko agertu da eta afaltzeko agertzearen naturaltasun horrekin mintzo da. Iurreta aldatu da, Euskal Herria aldatu da, asko aldatu ere azken 40 urte hauetan.

Sarrirekin batera, Agustin Azkarate ere bueltatu egin da eta horrela 41 dira Euskal Herritik urrun gelditzen diren iheslari eta deportatuak. 41 pertsona, urte luzez gehienak, eta milaka kilometroetara deserriratuak, baldintza gogorretan horietako askok.

Herri honetan presoen inguruan asko hitz egiten da, gero eta gutxiago seguruenik, baina iheslari eta deportatuen gaia, oraindik ere ezkutuan jarraitzen du. Silueta beltz baten atzean aurkitzen dira oraindik orain hauetako asko, ikusezina den aurpegi bat, ikusezina den errealitate baten ispilu.

Sarri itzuli da, eta garaian zapi gorriek zerua estaltzen zuten bezala, oraingoan ere, poztasuna da nagusi. Poztasuna Euskal Herriko literatur erreferente bat urte luzeren ostean etxean delako, eta poztasuna euskal militante independentista bat etxean delako.

Gauza asko aldatu direla dio Sarrik, batzuk hoberako, beste batzuk txarrerako, agian. Gauza bakarra dut nik argi. Sarrik utzi zuen herria zutik mantentzen dela, bizirik dagoela. Eta zutik mantentze hura, Sarriri esker, bere belaunaldiko gazte eta ez hain gazte askori esker eta aurreko eta osteko belaunaldietan, bere bide berberera batu egin diren belaunaldiei esker dela.

Egun hauetan GARA egunkarian irakurtzeko aukera izan dugun moduan, herri berezia izan behar da bere idazle nazional gisa espetxetik ihes egin eta ihesaldi hori 40 urtez luzatu behar izan duen pertsona bat duen hori. Hemen ez omen da gatazkarik egon, ez omen dago gatazkarik, baina nahiko adierazgarria da egoera hau, ezta?

Sarriri eta baita Azkarateri ere, ongi etorria, bere familia eta lagunak bisitatzera etorri diren honetan, hainbeste urteren ostean, sustraiak zehazki non daudenaren nozioa galtzen bada ere, iheslariak Euskal Herrian eta munduan libre nahi ditugu, distantzia jartzea soilik norberaren erabakia izango den eguna heldu bitartean.

SantJordiandia

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.