Illarraren tronpeta

Illarraren tronpeta –

Kopa eraman du Bartzelona taldeak. Aurrekoan Realak eraman zuen beste bat. Egun gutxi igarota, lehengo lepotik denok. Ez dugu zaldirik, ez gara zaldunak, ez dugu abererik, ez gara aberatsak. Gaseosaren aparraren antzera ibili gara puska batean eta papo. Ez ziren horren garrantzitsuak alegia. Atera ditudan ondorio garbienak: Illarrak (badakizu, Asier, estiman zaitudala) tronpeta okerrago jotzen duela Villalibrek baino, hau Marc Osterer ez izan arren. Eta Realari eta Kopa horri izena aldatu behar zaiela. Akigarria baita hauetan ere monarkia sartu beharra.

Illarraren tronpeta
Arg: Jose Ignacio Munilla, Wikimedia

Setien gotzainak zioen Realak irabazten zuenean igandea hobeto amaitzen zela. Egia da… Donostian. Herkideak pozik ikustea edonorentzat da atsegina, baldin eta arrazoi zintzoengatik bada. Donostiarrek Athletic galtzaile ikustean pozteak, ordea, desoreka psikologikoa erakusten du. Eta alderantziz, horrenbeste. Setien eta Uriarteren atzetik, Jose Ignazio Munilla gotzaina bidali ziguten. Famosoa gizona. Orain bururatu zaio bijilia bat antolatzea eliza katolikoaren alemaniar heretikoek (Erne, Lutero ere han sortu zen!) ez ditzaten bedeinkatu homosexualen arteko uztartzeak.

Harrituta nauka nire tokaio honek barregura sortzeko duen gaitasuna. Sudur gorria jantzita ez nuen nik hainbeste lortzen. Aitortu behar, hedabideek ere laguntzen dutela, honelako piztia exotikoen bila baitabiltza, garai bateko zirkuetan bezala, erakusgarri jartzeko. Eta obispotxoak bazka ematen die sarri.

Kristautzat dut neure burua. Areago, katolikotzat ere bai, maiz sotanadunek oso zaila jarri arren. Maite dut eliza, bizitzako pozik sakonenak berak eman dizkit, eta maite dut Ebanjelioa. Baina gure nagusi hierarkiko honen atrebentziak gehiegizkoak dira eta so esateko garaia bada. Utz ditzala bakean, mesedez, homosexualak, transexualak, emakumeak… eta berak nahi lukeen bezala mugitzen ez diren guztiak. Nahikoa jasan dute orain arte, ez gaitezen sufrikarioa areagotzeko konplizeak izan, kristautasunaren aurkako handiagorik ez dago eta. Kalte egiten die eta Berri Ona onartzen dugunoi lotsa pasarazten digu.

Kazetariak hizpidera ekarrita, ez dakit benetan ari ote diren jendartearekin kolaboratzen, denok lasaiago eta hobeto eraman ditzagun pandemia honen eraginak. Asko, behintzat, Koparen kontuak bezain nekagarriak. Behin eta berriz patata ematen, datuak trumilka aireratzen irentsi eta ulertu ezineko eran, irakasle txarren antzera, dena jakin usteko berritsuekin antolatutako telebista eta irrati ordu merkez uholdea sortzen… Lehenengo Koparen aurretik egindako berotze lana sutea sortzeko modukoa izan eta atzetik suhiltzaile aurpegia jarri. Batzuk Munillarekin gogo-jardunak egitera bidaliko nituzke gustura.

Nola maite duten agintariengatik gaizki esaka aritzea. Horixe harrobia horretan dutena. Ez dut esango gure mandamasak zoragarriro ari direnik. Baina neuk ez nuke hobeto egingo eta, ziur aski, purrustaka dabiltzan gehienek ere ez. Ipurdia bistan harrapatu gaitu birus zikinak eta sortutako egoeraren konplexutasuna irudikatze soila kostatzen den tamainakoa da. Horixe osasun kontuak garrantzitsuak direla. Baina jendartearen egoera psikosoziala ere osasuna da, oso kontuan hartzekoa. Eta zirrikiturik utzi gabe (ez musukoa kentzeko, ez naiz eta Miguel Bose), garen piztiak hil edo matxinatu egiten gara.

Kexua egin behar genuke aurretik gidariek garatzen utzitako antolamendu eroarengatik. Eta eskaera sendoa, etorkizunean hanka-sartze horiek guztiak berriro errepika ez daitezen. Izugarriak, Imanol Alguacilen hitz maitea erabiltzeagatik. Egin dezagun etorkizun oneko aukera. Ea Jesus itzultzen den mundura. Ziur aski Jesusa litzateke eta apostoluen taldean homosexualak, transexualak, feministak… izango lituzke. Agian, Europako Superkopa antolatu nahi duen florentinoren bat ere bai… Mateoren antzera, damutuko balitz.

Hurrengo batean jarraituko dut adiskidantzak jorratzeko lan honetan. Oso bakarrik sentitzen bainaiz.

Illarraren tronpeta
Illarraren tronpeta

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Zer duzu buruan “Illarraren tronpeta”-ri buruz

  • Kaixo txistulari jaun,

    “Ese” Jesus gero eta sinpatikoago egiten zait.
    Veleiako grafito batean agertu zen Azken Afariko eszenan, bere ezkerreko lagun baten eskutik oratuta.
    Vaticanok berehalaxe sumatu zuen heresia!! Eta Fabricciok hura desagarraztea gomendatu zien (estiki) Arabar Diputazioko euskal Opusekoei.

    Izan ere, Magdalako prostituta ohia ez bada, Joan “diszipulu maitatua” izango da. Zein bestela?

    Ez naiz harritzen “ese Jesus” gurutziltzatzeko desira piztea juduen nahiz gentilen artean.
    Bai, nik ere maite dut pixkat Ese Jesus