Sandra Barrenetxearen tortura testigantza
Sandra Barrenetxearen tortura testigantza
Sandra Barrenetxea torturatu izana egotzita bihar epaituko dituzte lau guardia zibil. Ez da ohikoa, Ez da ohikoa guardia zibilak epaitzea, diot; tortura bai, tamalez, hala izan da mendeetan zehar. Aurreko batean entzun nuen “eraso sexuala” ez dela kontzeptu egokia bortxaketa bat izendatzeko, ez duelako egoeraren gordina helarazten. Iruditzen zait batzuetan torturaz mintzo garenean falta zaigula zer edo zer, astakeria honi neurria hartzen lagunduko diguna.
Horretan lagundu dezake testigantzak, kasu honetan Barrenetxearenak. Lekukotzaren zati bat besterik ez da hau; osorik hemen duzue.
“Kotxean ni mehatxatzen eta aurreko atxiloketa gogorarazten hasi ziren. Atzeko biek jo egiten ninduten, mehatxatu, iseka egin… Nik nire izena ere ez nuen esan, eta haiek geroz eta indar gehiago erabiltzen hasi ziren. Ni ukitzen hasi ziren, eta irain sexistak esaten. Nikia altxa zidaten eta bularretakoa kendu. Prakak eta kuleroak jaitsi zizkidaten txorkatiletaraino, prakak hautsi arte. Aurrekoak indarrez hankak zabaldu zizkidan, eta gainontzekoek oihuka jarraitzen zuten, mehatxatzen, eta buruak kolpeak ematen zizkidaten. Uneren batean bakean utzi ninduten eta berriz ere arropa jarri ahal izan nuen. Ez dakit lehenago edo beranduago izan zen, baina uneren batean poltsa jarri zidaten bi aldiz, eta eskubiko eskuan ustezko pistola “umezurtz” bat ipini zidaten.
Tarteka bakean uzten ninduten ea lasaitzen nintzen ikusteko, baina berehala jarraitzen zuten kolpeekin, isekekin, mehatxuak, bultzadak… Umiliatzen ninduten, burla egin… Madrilera iritsitakoan sala batera sartu ninduten (aurreko atxiloketaren berdina) eta berriz ere kolpeak, ariketa fisikoak, kamiseta igo zidaten eta prakak jaitsi, postura behartuak… Gorputzaren goiko aldea mahai baten gainean jarri zidaten, ipurdia kanporantza, eta bortxatuko nindutela esan zidaten. Ura bota zidaten hanka artean eta ipurdia soka batekin ukitzen zidaten.
Buila eta mehatxuak etengabeak ziren. Halako batean “poli ona” sartu zen, eta ni mehatxatu ondoren janzten utzi zidan. Handik beste sala batera eraman ninduten, eta bertan “poli ona” ni konbentzitzen saiatu zen, hitz egin nezan; denetik eskaini zidan. Hitzik egin ez nuenez, “Garmendia” etorri zen. Hasieratik eman zizkidan kolpeak aurpegian eta buruan. Poltsarena egin zidaten ohean etzanda: bik hanketatik eta besoetatik heltzen ninduten, eta hirugarrenak poltsa aurpegian jartzen zidan; horrela hiru bat aldiz. Bortxatuko nindutela egiten zidaten mehatxu. Metalezko pieza bat jarri zidaten eskuan, eta esan baginatik eta uzkitik sartuko zidatela…“
Larunbatean argitaratu zuen Berria egunkariak Sandra Barrenetxeari egindako elkarrizketa, Hodei Iruretagoienaren eskutik, eta bideoa egin zuen Lara Madinabeitiak.