Rafa Rueda: “Soinua norbere barrutik ateratzen den hori da”

Rafa Rueda: “Soinua norbere barrutik ateratzen den hori da” >

Londresen harrapatu du ZuZeuk Rafa Rueda (Mungia, 1972). Alain Urrutia artista bilbotarra bisitatzera etorria da Ingalaterrako hiriburura. Urrutiaren estudiotik gertu dagoen Pub batean elkartu gara PiLT taldeaz, euskal musikaren osasunaz eta politikaz solasteko, besteak beste. “Harrituta nauka PiLT-ren itzulerak sortu duen kalapitak”, aitortzen du taldeko abeslariak. Izan ere, 4 kontzertu iragarri ditu Mungiako metal talde entzutetsuak. Ruedak aitortzen du ez zutela inoiz taldea desegin, berez hasi bezala berez amaitu baitzen. “Musika taldea baino lehenago, lagun taldea gara. Eta lagun artean erabaki genuen berriz armak hartzea”.

Rafa Rueda: "Soinua norbere barrutik ateratzen den hori da"

Rafa Rueda >

Badirudi modan dagoela, su eten musikalak haustea. Zergatik hartu ditu Pilt-ek berriz armak.

Berezkoa izan da. Aspaldian genbiltzan kontzertu bat egiteko asmoarekin, erdi txantxetan-edo. Eta Mungian Ibilaldia ospatu zela urteurrena bete dela eta, antolatzaileetako bat lokalera etorri zen eta galdegin zigun ea zerbait berezia egiteko asmorik bagenuen. Aldi hartako Ibilaldiko abestia guk sortu baikenuen. Horren karietara pauso bat aurrera ematea erabaki genuen.

Nola izan da berriz metal erregistro batera itzultzea?

Egia esan ez zait batere zaila egin. Berriz entseguetan hasi ginenean, dena berez etortzen zitzaigun. Testuak, melodiak…

Ez zaizkizue ahaztu beraz.

Ez, ez zaizkigu ahaztu. Gainera, estilo aldaketa ez dut kontutan hartzen normalean. Dena da musika. Dena da armonia, erritmoa eta melodia. Parte hartzen dudan proiektuak ez ditut bereizten horrenbeste, estiloaren arabera. Izan ere, jolas berbera da, baina tinbre ezberdinekin. Eta gustura nago. Agian, luzaroan zabiltzanean estilo jakinen batean, gorputzak eskatzen dizu bestelako proiektuetan haizea hartzea, bai. Baina ez zait batere kostatzen.

Proiektu ugaritan zabiltza lanean. Nola hautatzen dituzu?

Normalean interesgarriak iruditzen zaizkidanei baiezkoa ematen diet, zuzen zuzenean. Ez dut gehiegi pentsatzen. Ez dago kode berezirik, kontua da proiektua interesgarria iruditzen zaidan ala ez. Ez bazait interesgarria iruditzen, ez dut egiten.

“‘Euskal Herrian rock&rollak ez du dirurik ematen’,
bada sasoi batean bai, ematen zuen dirua”


Musikagilea zara eta garai oso ezberdinak ezagutu dituzu. Zertan aldatu da ofizioa?

Uste dut, sasoi batean, musikaren inguruan diru gehiago mugitzen zela. Orduan, teorikoki musikatik bizitzea errazagoa bazen ere, askok ez zuten hautu hori egin. Ez baitzegoen barneratua musikatik bizitzearen kontu hori. Ezaguna da Hertzainak taldearen esaldi hura, “Euskal Herrian rock&rollak ez du dirurik ematen”, bada sasoi batean ematen zuen dirua. Profesionalak izan zitezkeen hainbat musikarik, beldurragatik-edo, inoiz ez dute arrisku hori hartu. Orain, aldiz, diru gutxiago mugitzen bada ere, inoiz baino profesional gehiago daude euskal musikan. Konplexu asko gainditu ditugun seinale.

Jende batek ez du ulertzen artistak bere artetik bizi nahi izate hori.

Kontua da artea, eta bereziki musika, oso eskuragarri dagoela edozeinentzat. Edozeinek abestu dezake, ondo ala txarto. Edozeinek egin dezake abesti bat, ona edo txarra. Gertutasun horrek maila sozialean balioa kentzen dio. Ez dugu apreziatzen proiektu askoren atzean dagoen lana. Lana eta abilezia. Egun batetik bestera izarrak sortzen dituzte, eta epe luzeko proiektuak ez dira horrenbeste baloratzen. Jende askok horren eskuragarri ikusten du mundu hori eta seguraski horregatik ez dio aitortu beharko liokeen balioa aitortzen.

‘La Voz’ edo ‘Tú sí que vales’ bezalako TB programen sasoian bizi gara.

Bai. Argi eta garbi. Gaur egun dena da bapatekoa. Disko bat grabatu eta segituan entzun dezakezu emaitza. Arrakasta ere bapatekoa da, halako programetan irakasten diguten legez.

“Doakotasuna ez da existitzen”

Musikaria zara diskorik saltzen ez den garaian. Zein da etorkizuna? zer formatu? Biniloa, sarea?

Etorkizuna sarean dago. Sareko edukien kudeaketan. Gaur egun %90etik gora sarean kontsumitzen da. Produktu fisikoak oraindik egiten dira, baina, etorkizuna sarean dago. Erregulazio bat beharrezkoa da, formatu digitalean kontsumitzen dena kudeatzeko. Agian birpentsatu egin beharko litzateke doakotasuna. Doakotasuna ez baita existitzen. Zuk interneteko sarbidea izateko konpainia bati ordaindu egiten diozu. Diru hori noren poltsikora dijoa? Nola bideratu dezakegu diru hori, gehiago, edukien sortzaileengana?

PiLTrekin sona lortu zenuten bere garaian. Nola Euskal Herrian, hala Espainiar Estatuan.

Alde batetik, oso modu naturalean lortu genuen. Zorte ikaragarria izan genuen noski, dena esan beharra dago. Kimika berezia zegoen. Berriz batu garenean konturatu naiz hortaz. Sumatzen dut zerbait berezia eskaintzen ari garela. Gogoratzen dut Radio3 irratiak zeresan handia izan zuela Espainiar Estatuan izan genuen arrakastan. Baina garai hartan ez ginen jabetzen egiten ari ginenaz. Ez ginen sekula gelditu “zeinen gauza ederra lortu dugun” pentsatzeko. Eta modu naturalean hasi ginen bezala, modu naturalean amaitu genuen. Ez genuen taldearen banaketa iragarri. Ez genuen beharrik izan.



Euskal Herriko erreferente musikalek adin bat duzue jada. Ari ote gara erreferente berriak sortzen?

Azken bi urteetan nabaritu dut baietz. Ari dira sortzen proiektu berriak. Agian, nahi baino gutxiago, baina ari dira sortzen. Hala ere, orain ez dut ikusten sasoi batean gazteek zuten musika zaletasuna. Orain gazteek beste gauza batzuetan inbertitzen dute eta internetek zein bideojokoek eragina izan dute. Lehen lagunekin dibertitzeko gauza gutxi zenituen. Eta gauza urrietako bat zen musika entzutea edo egitea. Orain egia da bestelakoa dela kontua. Sozializatzeko moduak aldatzen dira, eta musikak pisua galdu du. Ez dut uste aipatzen duzun belaunaldi aldaketa bermaturik dagoenik. Ez sortzaileengan, ez eta publikoarengan ere.

Zer iritzi duzu EiTBk kulturari eta musikari ematen dion tratuaz?

Uste dut asko dagoela hobetzeko, eta eurek badakite hori. Behintzat hori diote. Esango nuke guztiz janda daudela, modelo global horrek eskatzen duen etengabeko elikatzeak kutxatuta. Munstroa elikatu behar da. Begia eten gabe kanpoan dute eta askoz gehiago inporta zaie etxetik kanpo gertatzen dena, etxean gertatzen dena baino. EiTBk zentzua baldin badu, etxean gertatzen dena zabaltzeko du zentzua.

Politika segitzen duzu ezta?

Halabeharrez jarraitzen dut politika.

Bozkatzen duzu?

Bai.

(Begirada luzea)

Kar kar kar… Bai. Ni independentziaren aldekoa naiz. Eta geroz eta argiago ikusten dut independentziaren beharra.

“Badira hainbat musikari,
makil batekin edertasuna sortzeko
gai direnak”

Euskal gizartea lokartuta dagoela dirudi hala ere. Zer iritzi duzu egungo egoera politikoaz?

Gaur egungo aroari aurre egiteko hausnarketa sakon bat egin beharko genuke, eta gure bizimoduak ez digu uzten halako hausnarketarik egiten. Beti daukagu zerbait unean egin beharrekoa, eta ez dugu hausnarketarako denbora hartzen. Eten gabeko hausnarketarik gabeko bizimodu hori da botereari komeni zaion egoera. Ez dugu horren bizkor bizi behar, hausnartu behar dugu benetan behar dugun hortaz jabetzeko.

Jendeak erosotasuna bozkatzen du.

Bai, eta oso modan dago gauza bat esan eta aurkakoa egitea. Ez dut ulertzen parlamentuan dagoen indar harremana ikusita, bestelako politikak ez egitea. Ezin dut ulertu. Hitzak higatu egiten dira, erabiltzearen erabiltzeaz, eta “independentzia” edo “abertzale” hitzek lehen zuten indarra galdu dute.

Kitarra akustikoa edo elektrikoa.

Biak ditut gustuko. Etxerako akustika eta kalerako elektrika. Kar, kar, kar.

Kitarra kuttun bat?

Nirea den kitarra, kuttuna da. Saldu behar izan ditut noiz edo noiz diru premiagatik, eta asko kostatu izan zait. Musikari orok du harreman berezi bat bere tresnarekin.

Eta soinurik gogokoena, zeurea duzun hori?

Nik uste soinua ez dela kitarratik edo anpli zehatzen batetik irtetzen. Ez, soinua nork bere barrutik ateratzen duen hori da. Gero lagundu dezakezu kontu teknikoekin, baina ekipo batekin bakarrik ez dago deus egiterik. Badira hainbat musikari, makil batekin edertasuna sortzeko gai direnak.

Noizko aterako duzu hurrengo diskoa?

Uztailean grabatu eta urrirako kalean egongo da, ondo bidean.

Ezer aurreratu dezakezu?

Estetikoki aldea egongo da orain arte egin ditudan lanekin. Beti gauza bera esaten dut, kantuaren bila noala. Hori ez da aldatu, baina agian bai erabiltzen ditudan koloreak. Oso pozik nago. Behar nuen. Nire bakarkako ibilbideari astindu bat emateko irrikan negoen aspalditik.

Rafa Rueda  Rafa Rueda  Rafa Rueda  Rafa Rueda  Rafa Rueda  Rafa Rueda  Rafa Rueda .
euskal musika, Mungia, musika, PiLT, Rafa Rueda
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Rafa Rueda: “Soinua norbere barrutik ateratzen den hori da””-ri buruz

  • Hasier Etxeberria 2017-03-13 08:55

    Irteera ekonomikoa sareetan dagoela dio Ruedak. Ez dakit ba. Publizitate eta fama apur bat lortzeaz gain, zer datorkeen horietik.
    Gertaera zein da? Egiten duzu pizza bat, zatitzen duzu 10 txikiagotan, denak euro batean esaterako, eta, txintxin, hor duzu 10€ko afera, ahal bezala kudeatzeko.
    Beste bidea ekoizpen digitalarena da, edo mp3arena, nahiago bada. Egiten duzu kantu bat, eskaintzen duzu sarean eta hortxe duzu afera, infinitora arte zabal daitekeen sorkuntza lan bat, zuk bestela nahi izan arren, behin eta mila bider doan zabalduko dena. Kontzertuetan ez bada, edo ez bada klub moduko batean banatzen, nik ez dut ikusten diru sarrerarik. (Zuzeun ikasitakoak ditut aintzat).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude