San Pelaio jai herrikoiak
Bihar goiz-goizetik entzungo dira itxaferoak Zarautzen. Txistulariek eta Lizarrako dultzaineroek musika ipiniko diote goizari, animatzeko eta jai-giroan sartzeko musika. Izan ere, iritsi dira Iñurritzako jaiak, herriko garrantzitsuenak askorentzat; ohituraz eta berrikuntzaz beteak aurten ere.
Hainbat egitarau aurki ditzakegu urtero legez. Lehenik, Mutil-Ardo elkarteak antolatzen duena noski. Elkarte honek jaiak XIX.mendearen amaieratik antolatzen ditu Iñurritzako auzoan. Urtero zenbait ohitura bizirik mantentzen dituzte egun hauek iristen direnean; hala nola, baserriz-baserri egiten den oilasko biltzea, herri kirol jaialdia, bertso saioa, gibel jana… Belaunaldiz-belaunaldi mantentzen da elkartea, eta egun, bertako gehiengoa gaztea da. Gauzak horrela urtero sartzen dituzte berrikuntzak egitarauan eta aurten txakolin dastaketa, azoka eta “Mendi” marrazkilariaren tailerra antolatu dituzte.
Bestalde Gurekin Jai batzordeak “zailtasun handiak” izan ostean txosnetako egitaraua osatu du, “Arrayuak! Badatozela Sanpelayuak!” lelopean. Bertan paella leihaketa, mural tailerra, hainbat kontzertu eta Gay eta Lesbiana eguna ospatuko dira besteak beste.
“San Pelaio” makila Pedro Mari Silvani
Aurten lehen aldiz, zortzi urte bete dituen Helduen danborradak, Pedro Mari Silvan danborradaren sortzailea omenduko du “San Pelaio” makilarekin. Xanti Negeruela antolatzaileak argi dio, urtetik urtera danborrada hazten joan behar dela, eta horrelako ekimen bat garrantzitsua zela bultzada bat emateko. “Hemendik aurrera, eragile zarauztar bat omenduko dugu urtero makila honekin.”