San Juan sua Altzolan

San Juan sua Altzolan
Zuzeuphoto

Arratsaldeko 19,30tan biltzen dira herriko gazte eta ez hain gazteak, eta errepide nazionala eta trenbidearen gainetik pasatuta, inguruko mendi malkar batera jotzen dute, hautatutako arbola botatzera.

Denek dakite trena orduerdiero pasatzen dela eta huraxe dela agintaria: trena pasatu arte zain egon behar da. Ez dute nahi iazko sustoa berriz gertatzerik: arbola trenbide gaineko harietara erori zitzaien, trena etortzeko bost minutu baizik falta ez zitzaiela. Katastrofea miazkatu ei zuten iaz.

Behin arbola botata, eskusoinu eta panderoaren laguntzaz, herrira jotzen dute arbola plazan bertan zutitzera. Ikurriñatxo bat jartzen diote muturrean, eta behin zutituta delarik hasten da festa.

Zuzeuphoto
Zuzeuphoto

Aurten, hala ere, kexu zen bat baino gehiago: orain arte pinua jartzen genuen, eta aurtengoa baino askoz handiagoa, gainera. Elizako kanpandorrea hainakoa. Aurtengoa ez da seroraren leihora ere iritsiko.

Egia esan, inork ez daki zein motatakoa den aurtengo arbola. Gaztainondo gaztea dela zabaldu da, baina bai zera! Sahatsa!, dio batek, urkia! beste batek, eta, amaitzeko, hurritza! hirugarrenak. Baina ez gaztainondo, ez hurritz, sahats edo urki, pago hostoaren antzekoa dauka puntan arbola arraioak, eta ezin izan da adostu zein klasetakoa den, azkenean. Bistakoa da berdin diola arbolaren nolakoak Altzolan. Kontua ahalik eta luzeena izatea dela, baina horretan ere aurten motz, antza.

Bertako batek kontatu digu beste garai batzuetako historia. Paulino Uzkudun boxeolaria eta beste batzuk ari omen ziren egurketan inguruko mendietan. Ordu txiketan Altzolara etorri, plazako arbola lekutik atera, eta inork ikusten ez zituela, ondoko Mendarora eraman ei zuten bizkarrean eta gauez. Bost kilometroko bidea halaxe egin ostean, hantxe utzi ei zuten arbola, Mendaroko kale erdian botata.

Beste garai eta neurri batzuen aldarria.

Ordurako erreparatu diogu ibaian dagoen egur pilo itzelari.

Zuzeuphoto
Zuzeuphoto

Egurrezko paletak dira, ehunka, bata bestearen gainean ibaiaren erdigunean sortutako irlatxo batean jarrita. Lehen, pinu zahar eta adarrez egiten ei zuten. Orain paleta industrial horietakoak dira, geometria piramidezkoan antolatuta.

Egoibartik eta, jendea etorri da sua ikustera, inguruetako handiena da eta.

Herriko bi mozolo sartu dira ibaian. Batek cow-boy kapelua darama. Altzola jada ez da lehenago zena. Gaztelaniaz ari dira eta pelutxezko hartz handi bat ezarri dute egur piloaren erpinean. Haien umoreak ez digu egiten batere graziarik, baina jendartetik baten batzuk irri egiten diete, behintzat. Beste gazte bat, mozorroturik, Espainiako umorista ospetsu baten imintzioak egiten ari da jendartean, mintzaira andaluziarra imitatuz. Ez, Altzola ez da lehenago zena.

(Egia esanda, protagonista zaratosoenak, jaun eta jabe ibili dira hiru-lauak, San Juan bezpera zer den ere ez direla jarri sekula pentsatzen esango nuke, edo egiten duten ekintzaren funtsari erreparatu ere ez diotela egin. Telebistako zabor handienetatik ateratako halako kitsch moduko bat zerion haien umore arrotz inportatuari. Garai berrietako mestizaiaren ondorioak izango dira, seguruenera, baina, badirudi elkartrukaketa baino, haiek geuretik deus hartu gabe, besteena onartu beharra dagoela. Zergatik, gainera, zaborra zaigu ia beti nahasten, urrearen lekuan).

Su itzela pizten da eta bero izugarria zabaltzen da bazterretan. Hala ere, inor gutxi gogoratu da San Juan bezperako sua dela ibaia supizten duen hori, edota solstizioaren sarrera ospatzen ari garela. Kontua ikuskizuna bera da, inork baino su handiagoa egitea, egia baita erakarmena dakarrela halako su handiak, areago Altzola bezalako herri txikian. Traste zaharrik ere ez da erre, garbitzeko liturgiarik ez da egin, beraz, zentzu zehatzean. Sua gaurko egun seinalatuan egiten da, baina ez zaio antzematen loturarik ohituraren esanahiarekin. Halaxe iruditzen zaigu, behintzat.

Gaua sartua da, dagoeneko, eta begiak mendi beltzetan gora joan zaizkigu. Eta han, urruneko puntu batean, Ballibar baserria dagoela uste dugun lekuan, beste su itzel bat ikusten da urrutira. Bikaina da hura ere. Eta irdukatzen dugu norbait, basoko zurigune batean edo ataritik ez urruti, adar, sasi eta urtean zehar pilatutako traste zaharrak bilduta, San Juan bezpera ospatzen ari dela. Altzolan lehenago egiten zen bezala.

San Juan jaiak argazkitan (2009) from Asier Orbea on Vimeo.

San Juan sua Altzolan

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)