Saguzarraren urtea, iraileko Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkarian
Oraindik ez ditugu asko ezagutzen saguzarrak, eta hori arazo bat izan daiteke kontserbazioaren ikuspuntutik. Hain zuzen ere, 2011-2012 Saguzarren Nazioarteko Urtea izatearen helburuetako bat da animalia horiek ezagutzera ematea.
Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkariko iraileko aldizkarian, saguzarrak pasio eta ogibide bihurtu dituzten hiru ikertzaileren eskutik sartu gara ugaztun hegalarien munduan, horiek pixka bat gehiago ezagut ditzagun: Paul Racey, munduko aditu handienetako bat; Joxerra Aihartza, Euskal Herrian saguzarren ikerketa hutsetik abiatu eta erreferentzia bilakatu dena; eta Egoitz Salsamendi, saguzarrek Panamaraino eraman duten Aihartzaren ikasle gailena.
Beste erreportaje hauek ere landu ditu Elhuyar aldizkariak: Elkarrizketa: Edzard Ernst. Medikuntza osagarria irakasteko sortu zen lehen postua hartu zuen Ernst medikuak, Exeterko Unibertsitatean. Bizitza osoan izan du gertu medikuntza alternatiboa. Garai batean, zalea izan zen, eta, une batetik aurrera, oso begi kritikoz begiratu dio. Bere ibilbide profesionala, hain zuen, horretara bideratu du, medikuntza-mota horren eta zientziaren arteko harremana aztertzera eta indartzera. Aduana, epe ezezaguneko geldialdia. Aduanako agintariek zorrotz kontrolatzen dute zer sartzen eta ateratzen den herrialdeen arteko mugetatik. Ikertzaile bati baino gehiagori gertatu zaio batetik bestera bidalitako lagin eta material biologikoak edo kimikoak hondatzea, aduanetako kontroletan ez aurrera ez atzera gelditu direlako. Exoplanetak. Lurraren parekoen bila espazioan. Egunero ari dira aurkitzen planeta berriak eguzki-sistematik kanpo. Pixkanaka, gainera, gero eta planeta txikiagoak aurkitzeko gai dira astronomoak, eta Lurraren parekoak izan daitezkeen planetak, gainera.
Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.