Sagardotegiko emakumea
Sagardotegiko emakumea –
San Sebastian bezpera Donostian, eta txotx denboraldiaren irekiera Sagardoaren Lurraldean; urtarril bukaera aldera elkarrekin iristen zaizkigun bi ospakizun.
Danbor hotsak hastear zirela, Eneko Goiak ohitura bat berreskuratu duela irakurri dut egunkarian; Gaztelubideren gonbidapena onartu eta elkartean afaldu omen du Donostiako alkateak, azken hogeita hamar urteetan ez bezala.
Horrela jakin dut 1988az geroztik ez dela Donostiako alkaterik izan San Sebastian bezperan Gaztelubiden, urte bat lehenago gertatutakoak eragin zuen kalapita zela medio. Antza denez, emakumeek elkartean sarrera galerazita zutela eta, Urrezko Danborra eskuratu zuen Pilar Miro Arzakera bidali zuten afaltzera, orduko Lehendakari Ardanza, Diputatu Nagusi Murua eta hiriko alkate Labaien Gaztelubideko mahaiaren bueltan esertzen ziren bitartean! Orain 30 urte baino ez!
1987an, Ramon Labaienek Xabier Albisturri pasa zion alkate makila. Eta azken hau izan zen Gaztelubideko afarian parte hartu zuen azken alkatea; ez omen zuen iritzirik eman nahi izan elkarte gastronomiko pribatuetan emakumeei sarrera debekatzeari buruz (!!!), 1989an afaltzera joateko gonbidapenari uko egitea erabaki bazuen ere. Baina geroztik izan dira aldaketak. Gizarteak (eta legeak) bultzatuta, 2006tik aurrera Gaztelubide elkarteak emakumeak onartu zituen bere danborradan, eta hiru urte geroagotik bertan afaltzeko eskubidea izan dute… abuztuaren 14an eta urtarrilaren 19an izan ezik. 2015a arte, emakumeek ezin izan dute San Sebastian bezpera ospatu Gaztelubiden! Orain hiru urtera arte!
Diario Vascon irakurri dut guzti hau, eta harritu egin nau egunkariak erabili duen tonua, bitxikeriez mintzo balitz bezala. Zorionez, asko kostata eta astiroegi bada ere, aurrera goaz berdintasunerako bidean, tradizioa ezin baita giza eskubideen gainetik egon.
.
Txotx denboraldiaren irekiera
Donostiako egun nagusiaren bueltan abiatu ohi da sagardotegietako denboraldia ere. Astigarragan, joan den astelehenean ospatu zuten aurtengo txotx irekiera, Gurutzeta sagardotegira Alberto Iñurrategi mendigoizalea gonbidatuta.
Berdintasunerako bidean, ez dakit elkarte gastronomikoetan izan diren eta dauden oztopoak sagardotegietan ere izan ote diren. Gauza da bertaratu garen guztietan neska-mutil koadrila saldoa eta giro aparta aurkitu izan dugula beti -giro sanoa, bertatik irtenda inoiz gaiztotu izan bada ere-. Horrexegatik harritu nau txotx irekierako argazki honek:
2o18 honetan 25 urte bete dira gonbidaturen batek “gure sagardo berria!” oihukatzen duenetik, eta Alberto Iñurrategiz gain aurreko urteetakoak ere deitu zituzten Gurutzeta sagardotegiko mahai-ingurura -hortxe dituzue argazkian, pozik!-.
Andoni Egañarekin hasi eta Aratxabaletako mendigoizalearekin bukatzen den taldean, txotx denboraldia ireki dutenen artean izan dira emakumeak ere, jakina -Ainhoa Arteta, Leire Martinez Otxoa (La Oreja de Van Gogheko taldekide legez), Loreak filmeko protagonistak (Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru) eta Joane Somarriba-, baina gutxitxo, zerrendak XXI. mendeko sagardotegietan aurkitu daitekeenaren isla izan nahi badu, bederen.
Kirolariak eta sukaldariak nagusi dituen talde horretan emakume gutxi ikusteak baino gehiago harritu nau apenas inork ezer esan ez izanak -Twitter bidezko argazkiari buruzko kexuren bat kenduta-, ohituegi gauden seinale. Jendartetik zuzenketa eskaririk ez badago, nekez lortuko dugu egoera parekatzea. Arreta gehiago jarri beharko dugu aurrerantzean; inork berriro galdetu behar izan ez dezan ea non diren sagardotegietako emakumeak.
.