Hizkuntza eta lurraren zubigileak. Xabier Gojenola

Hizkuntza eta lurraren zubigileak –

Udazkeneko #EuskarariPuzka bosgarren kanpainak emaitza bikainak izan ditu aurtengoan ere. 14.000 saski prestatu ziren, eta ondorioz, 175.000 euro bideratu Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzara. Bost urtez jarraian burutu den kanpaina honekin, dagoeneko 800.000 eurotik gorako ekarpena lortu da.

Hizkuntza eta lurraren zubigileak

Hitz ederra da «zubigintza». Euskarak halako tresnak ematen dizkigu batzuetan, beste hizkuntza batzuek ez dauzkaten kontzeptuak azaltzeko. Urrian izenburu hori bera zeukan bideo bat agertu zen sarean; honakoa dio bideoko off ahotsak: «Zubigintza amildegiak gurutzatzeko artea da. Bizkarrez dauden munduak elkarri begira jartzekoa. Ertza abiapuntu bihurtzekoa. Alegia, egia egitekoa. Horixe da, hain zuzen, Errigoraren langintza: zubiak eraikitzea».

Errigoraren lanak hiru helburu nagusiri erantzuten die. Lehena, Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzagun; bigarrena, «euskara ofiziala ez den eremuko» euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea; eta amaitzeko, auzolanaren eta nazio eraikuntzaren beharra eta indarra goraipatzea.

Bideoan zubi bat eraikitzen dute, Errigorako kaxez osatua; baina kaxa horiek betetzea ez da bere kasa egiten den lan hutsala. Ablitas eta Arrasate lotu ditu Errigorak, Ainhize eta Tutera, Ea eta Gasteiz, Oiartzun eta Bilbo. Euskal herritarren eta euskaltzaleen artean zubiak eraiki dituzte, elementuak josiz: lurra eta euskara, auzolana eta elikadura burujabetza, nekazaria eta euskaltzalea, ekoizlea eta kontsumitzailea.

Eduardo Galeanok txikitasunaren inguruko esaldi erraldoi bat utzi zigun: «Jende txiki askok, toki txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake». Errigora ekimenekoek norabide berean ikusten dute beren ekintzen eragina: «Uzta biltzea, orburuak erostea, zerrenda bat osatzea, txio bat partekatzea, Vianako ikastolari diru ekarpena egitea… Ekintza txiki bakoitza osotasunaren parte ezinbesteko bihurtu dugu. Keinu bakoitzari balio eraldatzailea erantsi diogu. Grinen arteko zubiak eraiki ditugu: norbera bere kezka, ardura edo irrikatik helduta, denon artean indar biderkatzaile izugarri bati eman diogu aterabidea».


«Agerian geratu da herri lanarekin gauza handiak lor ditzakegula»

Xabier Gojenola – Errigorako kidea

Hizkuntza eta lurraren zubigileak

Pasa den udazkeneko kanpaina amaituta, 2016ko datuak berdintzea lortu duzue.

Gure balorazioa ezin hobea da. Iazkoa bosgarren kanpaina izan da eta dagoeneko 800.000 euro baino gehiago bildu ditugu. Sarea zabaltzen ari da, errotzen ari den proiektua da, gero eta jende gehiago da saskia hartzeko ohitura hartu duena, eta ibilbidea egonkortzen ari da. Esan dezakegu Errigoraren proiektua sustraitzen ari dela eta emaitza hauek ez direla kasualitatea. Lan handia dago horren atzean, mobilizazio handia, eta kopuru hauek lan horren emaitza dira. Azken finean, agerian geratu da herri lana oso baliagarria izan daitekeela arlo desberdinetan eta gauza handiak lor daitezkeela. Horren balioa nabarmendu beharra dago.

Enpresa txiki eta ertain berriak batu zaizkizue, Errigoraren saskia «aginaldo» moduan oparitzeko.

Enpresa batzuk badira Errigoraren lehenbiziko urteetatik eskatzen digutenak. AMPO enpresak, adibidez, hiru edo lau urte daramatza 500 saski eskatzen. Baina iaz saiakera berezia egin genuen lantegi eta enpresa berriekin, eta beste batzuk sartu dira. Horrela, 700 saski gehiago lortu ditugu.

Nola antolatu duzue saskien prestaketa lana?

Orain arte, behin eskaerak jasota, kutxa guztiak Ablitasen prestatzen genituen. Baina azkenekoan, Ablitasko herri lana kanpainaren erdigunean kokatu dugu, hau da, eskaeren epea itxi baino lehen, eta han 6.000 kutxa prestatu genituen. Hortik aurrerakoak, ekoizleek beraiek antolatu dituzte, euren bitartekoekin, falta ziren guztiak osatu arte.

Eta banaketa?

Esan beharra dago auzolana ez dela bakarrik kutxen prestaketan egiten, izan ere, banaketan ere auzolan handia dago. 14.000 saski horiek Ablitasko kooperatiban bildu eta hortik 200 herritara bideratu ditugu, guztira 700 gune desberdinetan banatzeko. Lehenik eta behin, herrialde bakoitzean prestatutako bilketa guneetara eraman ditugu: Bizkaikoak Txorierrira, Iparraldekoak eta Gipuzkoakoak Oiartzunera, Nafarroakoak Iruñera… Handik gainerako herrietara banatu ditugu. Kasu batzuetan, herrietakoak etorri dira saskien bila, eta beste batzuetan geuk eraman ditugu gure furgonetekin. Jende asko mobilizatu da eta oso sare zabala sortu da.

Aurrera jarraitzeko asmoa irmoa duzue, beraz.

Bai, hori da. Gauza da bosgarren kanpaina honekin mila ate irekitzen ari zaizkigula, mila aukera desberdin irekitzen ari zaizkigula. Bost urte hauetan zubigintza lan handia egin dugu, zubiak eraikitzen aritu gara eta ezberdinen arteko komunitate sendo bat osatzen ari gara. Horrek aukera eta bide gehiago irekitzen dizkigu eta, aurrera begira, ongi aukeratu beharko dugu zabaltzen ari diren ze ate pasatuko ditugun eta norantz egingo dugun aurrera. Horren inguruan hausnarketa egiten ari gara. Baina bai, proiektu honek etorkizun oparoa daukala esan dezakegu.

Hizkuntza eta lurraren zubigileak  Hizkuntza eta lurraren zubigileak Hizkuntza eta lurraren zubigileak
elikadura burujabetza, Errigora, euskalgintza, euskara, hizkuntza, Hizkuntza eta lurraren zubigileak, nafarroa, nazio eraikuntza
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude