Rotaflex bat isildu da (bideoa)
Rotaflex bat isildu da
Hala jaso du Berria egunkariak. “1996an Itoizko urtegiko kableak moztu zituzten zortzi solidarioetako bat hil zen atzo: Iñaki Garcia Koch. Solidarioen ekintzarik ikusgarriena izan zen hura: urtegiko obrak bederatzi hilabetez gelditzea lortu zuten. Egileek, baina, zigorra jaso zuten: Garcia Kochek ia lau urte egin zituen espetxean, baldintza bereziki gogorretan, FIES-3ko presotzat —talde armatuko laguntzailetzat— jo baitzuten“.
Urtegiaren aurreproiektua 1985eko maiatzean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, eta 2003an birrindu zuten Itoitz. Hogei urteren ondoren, urtegiak oraindik zalantza asko pizten ditu, besteak beste sortu diren pitzadura edota gainkostuengatik.
Ekintzarik deigarriena 1996ko apirilean zortzi lagunek egindako sabotajea izan zen. Orduko hartan, porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten presaren inguruan, eta eragindako kalteen ondorioz bederatzi hilabetez egon ziren lanak geldirik. Nafarroako Probintzia Auzitegiak lau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien ekintza hura egin zuten Elkartasun Taldeko kideei, eta 1999an sententzia berretsi egin zuen Auzitegi Gorenak, errekurtso gehiagorako bideak itxita. Isunak ere latzak izan ziren.
Euskal Herriak zazpi herri galdu zituen: Itoitz, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz eta Artzi, bai eta Nagoreren erdia ere. Nagoren etxea husteko denborarik gabe kaleratu zuten bat baino gehiago… Artozki Artezki bilakatu zen bi astez, artearen, musikaren eta literaturaren esparruko hainbat eragilek hartu baitzuten herria, bertako etxeak defendatzeko.
Baina pasa ziren, eta bota zituzten etxeak, eta bizilagunak, eta nahi zutena egin. Egun urtegiak gehien mehatxatzen duen herria da Agoitz; paretatik behera hura da lehen herria. 2004. urtean, urtegia betetzen hasi eta berehala, Itoitz azpiko lurra mugitzen hasi zen. Milaka lurrikara gertatu dira geroztik. Agoitzetik alde egin dute hainbat bizilagunek azken urteetaan, beldurraren beldurrez.
Kable mozketaren aferara itzulita, bada ekintza bera laburbiltzen duen bideo bat, parte hartu zutenen laburpen eta guzti; ziurrenik, sarean egon arren, askok ezagutzen ez duten urrezko atxibo historikoa. Eskerrak orduan ere zuhaitz artean bazela norbait guztia kameraz grabatzen, horrela ikusi ahal izan genuelako, adibidez, solidarioek segurtasun pribatuko kide bati emandako “jipoia” (07:30 minutuan).