Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan –

Andoainen izan ginen atzo, XXXI. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak ematen baitziren bertan, ZUZEUko kide Oier Aranzabal finalista zela, Barruan Gaude podcasta dela medio.

Aurten lehen aldiz, bi kategoria saritu dira: Ttap aldizkari digitalak eskuratu du Komunikazio Saria, eta Kanaldude telebistaren “Hurbiletik” saioak Kazetaritza Saria. Iñaki Elorza “Txapas”-ek ere jaso zuen bere saria, Ohorezko Aipamena; zorionak guztiei!

Gabriel Arestik Rikardo Arregiz idatzi eta “Harrizko herri hau” poema liburuan gordetako poemak Iñaki Beraetxeren ahotsean entzunez abiatu genuen Basteroko hitzordua, soinuarekin Joxean Goikoetxea lagun zuela. Ordurako, Andoainen ehundaka lagunek orduak emanak zituzten Rikardo Arregi zenaren idatziak irakurtzen, aurten bere heriotzaren 50. urtemuga bete direla-eta.

Sariei dagokienez, aurten berrikuntzak egin eta lehen aldiz bi sari banatu dira, Kazetaritza saria batetik, eta Komunikazio saria bestetik; “komunikazio mundua ikaragarri zabaldu eta handitu baita formatu eta molde berrietara”, Andoaingo alkate andrearen hitzetan.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan
Iñaki Elorza, “Txapas”

Eta gainera, epaimahaiak horrela erabakita, Ohorezko Aipamena ere egin da, Euskadi Irratiko Iñaki Elorza “Txapas” kirol esatari ezagunaren lan onari aitortza egin asmoz. Mikel Arregi Aranburu epaimahaiburuaren eskuetatik jaso zuen Xabier Laka eskultoreak egindako irudiaren serigrafia eta, orain gutxira arte lankide izan dituenen laudorioak jaso ostean, erretiroa hartu berria duen gizonak ekitaldiko une politena utzi zigun, irratigintzan egindako ibilbidearen hasierak gogora ekartzeko hitza hartu zuenean.

.

Hurbiletik Ttap

Kazetaritza Saria Kanaldude telebistako “Hurbiletik” saioaren izenean, Pantxika Maitiak jaso zuen -eta Haitz Aldana, Eki Pagoaga eta Jena Mixel Irigoien laguntzailea deitu zituen gero bere ondora-. Epaimahaiaren aburuz, “Baxenafarroako mendialdeko bailara bateko bizi-taupadatik jaiota, dinamismo handiko internet bidezko telebista da egun Kanaldude telebista, Euskal Herriko errealitate askoren irudi-unibertsoa hamaika bazterretara zabaltzen dituena”. Maitiak, bere aldetik, orain hogei urte abiatu eta “hitza eman diegu gure lurraldea, arlo ezberdinetan, egunerokoan biziarazten eta edertzen saiatzen direnei”, adierazi zuen.

Finalista izan dira, Kazetaritza Sariari dagokionez: Ana Galarraga Aiestaran, Elhuyar aldizkariko “Iraultza txikien lekukoak” atalarengatik; Miel Anjel Elustondo, Berria egunkarian argitaratutako “Zozoen elean” elkarrizketa sortagatik; eta Jon Artano Izeta, EITBn Ameriketatik egindako kronika eta elkarrizketengatik.

Komunikazio Saria Ttap aldizkari digitalak eskuratu zuen. “Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailea direnek edo izan litezkeenek” Ttap aldizkariari beren-beregi egokitutako hitzak direla esan daiteke -azpimarratzen du epaimahaiak-. Bera dugu Euskal Herriko euskarazko zein erdarazko lehen aldizkari digital multimedia, aztergai askotarikoak biltzen dituena”. Aldizkari digitaleko zuzendari Monika Belastegik onartu zuen jolasten eta enredando aritu izan direla, beste hura bezala. “Ttap-en lehen unetik geure buruari baimena eman diegu esperimentatzeko eta jolasteko. Euskarri berri bat ekarri dugu euskaratik eta euskaraz”.

Finalista izan dira, Komunikazio Sariari dagokionez: Korrika 2019 komunikazio kanpainagatik; CodeSyntax, Egunean behin jokoagatik; eta Oier Aranzabal, Barruan gaude  ZUZEUko podcastagatik.

Sari banaketa girotzeko, tarteetan Iñaki Eizmendik eta Joxean Goikoetxeak kantu pare bat jo zuten, Leteren hitzekin Imanolek sortutako “Berriro igo nauzu ene mendira” bigarrena. Gainontzean, zurrun samarra begitandu zitzaigun ekitaldia; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako kultur sailburua, eta Maider Lainez, Andoaingo alkate andrea buru zituen ekitaldia zurrun samarra begitandu zitzaigun, Iban Garatek eta Maider Segurolak aurkezle lanak txukun bete zituzten arren.

Ekitaldiaren ostean elkar agurtu eta mokadutxoa egiteko tartea ere izan genuen bertara bildutako guztiok. Batekin eta bestearekin ari ginela, Luistxo Fernandezek, Egunean Behin lehiaketan Rikardo Arregi Sarien harira finalistei buruzko galdera batzuk irakurri zizkigun, Ana Galarragak gaztelu bat eskatu zuen finalista guztiei oparitu zieten koadroa eskegitzeko, eta Kanaldudeko lagunek  ere onartu ziguten, etxerako bidea bi ordu luzekoa izan arren, inoiz baino gozoagoa egingo zitzaiela. Pozik ziren guzti-guztiak.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan

ZUZEUko erredakzio kide