Hizkuntza-politiketan inflexio-puntuaren beharra ondorioztatzen dute 2009ko datuek

Hizkuntza-politiketan inflexio-puntuaren beharra ondorioztatzen dute 2009ko datuek

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2009an jasotako espedienteak biltzen dituen urteko txostena aurkeztu du prentsaurrekoan. Gasteizko Canciller Ayala hotelean egindako prentsaurrekoan, urteko txostena aurkezteaz gain, Behatokiko zuzendari berriaren aurkezpena ere egin da agerraldian.

Garbiñe Petriati Ijurra (Arbizu, 1962) izango da hemendik aurrera Behatokiko zuzendaria, Petriatik ibilbide luzea egin du euskalgintzan. 1986an helduen euskalduntze-alfabetatzean hasi zen. Hamabi urtez egon zen bai eskolak ematen, bai eta didaktika-zerbitzuan ere. Kontseiluaren Bai euskarari Sakanan proiektuan teknikari aritu zen. Azken bederatzi urteetan Bierrik fundazioaren kudeatzaile, tokiko hedabideen sustatzaile izan da.

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak agerraldian aipatu duenez, “euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea ez da lehen mailako arazoa administrazioentzat. Hizkuntza-eskubideak bigarren mailako eskubideak dira eta haien urraketak ez du inolako ondoriorik eragiten. Euskara askatasunean erabiltzea galarazten zaio euskal hiztunari”.  Egoera hori iraultzeko zer beharko litzatekeen ere aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak, “euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermeari begira inflexio-puntua eman behar da hizkuntza-politiketan”, azaldu du.

Behatokiko zuzendari berriak, Garbiñe Petriatik, Bilbaok egindako azken adierazpen horri ere heldu dio, “1.400 espediente bideratu izanak ondorio batera garamatza: inflexio-puntua nahitaezkoa da hizkuntza-politiketan. Eskubideen bermatzaile izan beharko luketen instituzioetan 180 graduko aldaketa eman beharko litzateke hizkuntza-politiketan”. Aldaketa hori eman beharraren arrazoiak ere azaldu ditu Petriatik; lehenik, “bederatzigarrenez esan behar dugu hizkuntza-eskubideak lurralde guztietan eta administrazio guztiek urratzen dituztela”. Bigarrenik, euskal hiztunen kontzientziari erreferentzia egin dio Behatokiko zuzendariak: “euskal hiztunaren kontzientzia gero eta handiagoa izanik, ulertezina da aldarrikapen horri erantzun ez izana”, esan du Petriatik. Txostenean jasotako ondorio zehatzen berri eman du Petriatik. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Konstituzioaren 75. artikuluan egindako aldaketak ez duela eraginik izan eskubideen urraketetan aipatu du Behatokiko zuzendariak. Horren ondorioz, “euskarak ikusezintasunean jarraitzen duela” esan du. Hego Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Estatuko Administrazioa aipatu du lehenik Petriatik. “Espainiako Estatuko Administrazioak oldarkor agertzen jarraitzen du. Horren adibide dugu administrazio telematikoan euskara baztertu izana.

Nafarroako Gobernuarentzat, soilik gaztelania da administrazio-hizkuntza. “Arartekoak hainbat gomendio egin arren, bere horretan jarraitzen du Nafarroako Gobernuak. Euskara hautatu duten herritarrei hautua bera ukatu die Gobernuak”, adierazi du Garbiñe Petriatik.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, hizkuntza-eskubideen bermerako mekanismoetan aldaketarik ez dela eman aipatu du Behatokiko arduradunak. “Urraketen aurrean ez-ikusiarena egiten du”. Eremu sozio-ekonomikoan ere, ez da aldaketa eraginkorrik egin herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Behatokiko zuzendariaren esanetan.

Bederatzigarren txostena da Behatokiak aurkeztu duena. Eta, ordezkarien arabera, “zoritxarrez, bederatzi urtez izandako beltzuneek bere horretan jarraitzen dute”. Osasungintzan marka guztiak hautsi direla salatu du Petriatik. “Osasun-asistentzia duina jasotzeko eskubideari muzin egin diote administrazioek”. Zenbait kasutan atzerapauso zantzuak ere ikusi ditu Behatokiak. Herrizaingoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, ohiko errespetu falta, zabarkeria… aipatu ditu Behatokiko arduradunak. Euskara normalizatzeko Dekretua 2008an iraungi arren, dekretu berririk ez dutela abian jarri esan du Petriatik. Nafarroako Gobernuak argitaratutako foruzainen lan-deialdietan euskararen ezagutza ez da ez derrigorrezko ez eta merezimendua ere izan. Justiziaren arloan, berriz ere aipatu du Behatokiak euskara erabiltzeak alboko kalte-ondorioak dakartzala: atzerapenak, luzapenak…

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kudeatzaile Arantza Haranburuk, “Behatokiaren azterketa ikuspegi kuantitatiboak garrantzi berezirik ez izan arren, agerian jarri nahi dugu ‘Euskararen telefonoa’ zerbitzuak gero eta arrakasta handiagoa duela”.  Behatokiaren iritziz bi arrazoi nagusi daude horretan eragiten dutenak; batetik, herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa dute eskubideen urraketen aurrean. Bestetik, Behatokiaren eraginkortasunagatik.

2009an, 1.415 espediente zabaldu dira. Horietarik 1.287 kexa, 50 zoriontze, 42 kontsulta eta 10 Behatokiaren ekimen. 26 espediente bideratu gabe utzi ditu Behatokiak. Administrazio publikoek eragindako kexak 763 izan dira. 58 Frantziako Estatuko Administrazioak, 108 Espainiako Estatukoak, 153 Eusko Jaurlaritzak, 138 Nafarroako Gobernuak eta 248 udalek eta mankomunitateek. Administrazioetatik kanpoko gizarte-eragileek eta eremu sozio-ekonomikoan eragindako kexei dagokienez interes orokorreko zerbitzuetan 116 kexa jaso zela, eta merkataritza-gune handietan zein denda erraldoietan 133.

“Behatokiak erakundeei igorritako kexen erantzunen kopuruak gora egin du nabarmen 2009an. Hori, Behatokiaren erreferentzialtasunari lotzen zaio. Hala ere, askotan ohartu gara erakundeek ez dutela agertzen urraketa horiek berriz ere ez gertatzeko mekanismorik, eta horrek biziki kezkatzen gaitu. Horrek ere ondorio batera garamatza: eskubideen bermerako hizkuntza-politiketan neurri zehatzak behar dira”, adierazi du Behatokiko kudeatzaile Arantza Haranburuk.

Kontseilua

Irudia | Behatokiak hizkuntza politiketan inflexio puntu bat… | Behatokia | LGPL
Hizkuntza-politiketan inflexio-puntuaren beharra ondorioztatzen dute 2009ko datuek
behatokia, euskara, urteko txostena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude