Retrotopiak
Retrotopiak –
Irati Iciarrek Alea agerkarian.
Iragan idealizatuan proiektatutako utopiak dira retrotopiak, Baumanen hitzetan. Modernitatearen aurretiko zera (ulertu hemen: garaia, gizartea, euskara, tresneria…) horrekiko liluraz inguratuta gaudela sentitzen dut, baina benetan iragan hori ezagutu nahi dugu ala gure gaurko utopiak proiektatzen dizkiogu, gaurkoaz gogaituta gaudelako?
Historian lizentziatua naiz eta badut historiarekiko zaletasuna eta baita de-formazioa ere. Ondorioz, gaurko galderei erantzuteko argumentu historikoetara –modu akritiko eta absolutuetan– jotzen duten manifestu, kontakizun edo errelatoek, mesfidantza sortzen didate.
Halakoetan iraganera jotzen dugu dagoeneko dakigun hori berresteko eta nolabaiteko label autentikoagoa emateko, ez hainbeste jakiteko, argitzeko, deskubritzeko edo egiaztatzeko, hitz batean esateko, sinisteko joko dugu; eta ai lagunok, hor krak egiten dit gogoak, hau ez baita fede kontua.
Gaurko gizarte honekin desenkantatuta, nazkatuta eta etorkizunaz beldurtuta gaudelako joko dugu iraganera. Dena amaitzera doan planeta finito honetan, Marina Garcesek dioen moduan, garai postumoak bizi ditugula ematen baitu.
Iragana esploratzen, auskultatzen, disekzionatzen jarraitu behar dugula esango dizuet ere, baina beti ere kontziente izanda gaurtik galdetzen gabiltzala eta atzera begirako irakurketa kritikoa eginez. Bestela, momentuan nahi duguna bakarrik sinistu eta momentuko soluzio konkretuak bakarrik ematen dizkiguten sasi-ezagutzetan biziko gara, gure retrotopian bertan goxo.