“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (II)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” –

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (I)

Rekondo eta Lizarralderena, hasteko, idazlan guztiz onestoa dela aitortu behar da; onestoa, izan ere, aitortzen dutelako idazlana bera “errelatoaren borroka” delakoan kokatu behar dela batik bat. Beraz, hasiera hasieratik onartzen dute ez dela ikusbide neutrala propagandazko tresna baizik, eskertzen dena.

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”
Arg: Gorka Estrada (DEIA)

Rekondo eta Lizarraldek, euskaldunen edo euskal herritarren irudimenezko objektuaren existentzia «batez bestekoa» E- politiko, etiko, eta identitario zehatz batean gorpuztu nahi dute. Normala zer den eta zer ez balioeste aldera, horrela, predikatu txit ezagunen arteko talka betiere artifizialen inguruan ohiz antolatutako bikoen bidez baliatzen dira: E- demokrata da, ez biolentoa; E-k auzolana lehenesten du, ez matxinada; E- kooperazio / kooperatiba / komunitatearen sinonimo da, ez sozialismo eta iraultzarena; E- pragmatikoa da, ez ameskerietara emana… Eta ezin esan arrazoia falta zaienik gauza batez  ziur egon gaitezke-eta, alegia, Europa mailako iritzi-inkestaren bat antolatuz gero, ehuneko 51k baino askoz ere goragoko zenbakiz existaraztutako europar birtuala aterako zela demokrazia, auzolana, kooperazioa eta pragmatismoaren alde, horren zalantzarik ez!

Alta, baten burua errelatoaren borrokan kokatzeak berak onarmen inplizitu zehatz bat dakar: estatuaren bitartekorik gabe ez dago E-ren benetako edo gezurrezko existentzia ziurtatzerik ezta, beraz, batez besteko euskaldunaren edo euskal herritarraren benetako edo gezurrezko nortasuna bermatzerik!  E-uskaldun hitzaren esanahia dela-eta, borroka politiko, kultural eta intelektualak irekia dirau!

Borroka honetan, Rekondo eta Lizarralde “nazionalismo demokratikoa” delakoaren partaide gisa aurkezten dira. Hala ere, euskal gizartearen izenean bere osotasunean hitzegiteko duten joera nabaria da, halaber. Eta biolentziaren gaiari zehazki lotuta, beraien errelato partikularrean aldarrikatzen duten posizio zentratu, errealista eta pragmatikoari zoru etiko tinko bezainbat orbanik gabekoan oinarritua egon nahia gehitu behar zaio.

Nazionalismo demokratikoaren ikusbide partikularren aldeko aldarri hauek, ondoren, beste bi errelato mota ezagunetik ezberdintzen saiatzeko balio die. Alde batetik, espaniar estatuaren propaganda nazional “no-nacionalista” dute kritikaren jomugan eta iragan hurbilera begira ez daude batere ados, argi dago, “jakobinismorako joera duen bide konstituzionalista” horretatik bere garaian antolatu nahi izan ziren berezko normaltasunaren ezaugarriekin — gogoratu nahi duenarentzat nacionalista vs no-nacionalista bikoaren inguruan ardaztu zirenak gehienbat: berezitasun etnikoa vs unibertsaltasun zibikoa; egia historikoa vs mito milenaristak; kosmopolitartasun zibilizatu eta irekia vs basakeria baserritar zurruna eta abar.

Denen gainetik, baina, gauza bat dago argi baino argiago guztiz gezurtatu edo errefutatu nahi dutena eta da, eremu no-nacionalista espainiarretik leporatzen zaion kontrara, “euskal gizarteak” berak ez duela erantzukizunik ETA dela-eta.

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”

Rekondo eta Lizarraldek ensaiatzen duten lehen tesi honen gezurtatze-lana joku taktiko-erretoriko sobera sinple bat bezala besterik ezin da ulertu — norbera erdiko enuntziazio-posizio orekatuan kokatzeko saiakera guztiz ideologikoak motibatua. Edo, bestela, hainbeste azpimarratzen duten benetako errealitatearekiko desorientazio politikoa beste mundu batekoa izango litzateke eremu no-nacionalista delakoaren estatu-propaganda espaniarraren hiperbolerako joera absurdoen parametroetan eztabaida onartuz — askapen mugimendutik soilik burututako biolentziak suposatu omen zuen jatorrizko bekatu eta erruduntasunez blai, euskal gizartea gaixorik dagoela eta, beraz, 1945etik aurrera Alemaniaren estiloko desnazifikazio moduko bat jasan behar duela baieztatzen duen tesi maltzurra gezurtatu nahi izateak berak zerbait berez oso “ez-euskalduna”, hau da, oso “zentzu on gutxikoa” erakusten baitu, guztiz batere zentzugabea ez estate arren.

Beste aldetik, baina, Rekondo eta Lizarralderen bigarren tesiaren gezurtatze-lanak joku dialektikorako leku gehiago baimentzen du. Ez da ez dela ideologikoa. Guztiz ideologikoa da. Da, aitzitik, estatu espaniarraren eremu no-nacionalista horren propagandaren mantra nagusi batek ez zuela bere garaian nazionalismo demokratikoaren eta nazionalismo erradikalaren arteko bereizketa nabaririk egiten. Eta, orduan, zer hobeago askapen mugimendua bera abertzaletasunaren eremutik kanpo ateratzea baino!

Horrela, askapen mugimenduaren edo ENAM historikoaren teoria eta praktika bere adierazpen politiko eta militar bikoitzean aztertu nahiz, ETAren izaera ideologikoa abertzalea dela gezurtatu nahi dute Rekondok eta Lizarraldek, zera diotenak: “ETA ez da joera ideologiko nazionalista erradikala duen mugimendua, mugimendu iraultzailea baizik, 1968tik aurrerako terrorismo olatuaren testuinguruan”. Eta horren froga nagusienetarikoa da, harrapazank, garai bortitzenetan “Ezker Abertzaleak Alain Badioun pertsonifikatutako maoismo erradikal frantsesaren gogoetetara jotzen du”-ela.

Harrapazank, zeren, erretrospektiboki, 2021an horrelakorik argitaratzen ausartzea sobera ironikoa suertatzen baita, Alain Badiou mamu gaizkileak gaur egun munduan zehar duen ospea kontuan hartuz. Zer esan nahi ote dute esan gabe? Bill Clinton saxo soinujolearen 90. “Hamarkada Zoriontsuan”, munduko progresia intelektuala, euskal disporakook barne, ihauterien indar subersiboa, kultura bidaiarien nomadismo subalternoa, euskal identitate ez-esentzialistak eta horrelakoak teorizatzen narkotizatuta geundenean, garaiko askapen mugimendukoak aurrekariak izan zirela, ordurako jada gaur egungo ezker globalaren pentsamendu-joeren puntaren puntan kokatuta, Badiou bera intelektual ‘denboraz kanpoko’, ‘ilun’ eta baztertua zenean?

Erdiko posizio orekatua gordetzeko asmo bakarrarekin, Rekondo eta Lizarralde kontrako biko zuzen eta zurrunegietan babesten dira. Ez bakarrik, gainera, iragan hurbilaz askapen mugimendu historikoaren izaera aztertzeko orduan; baita, era berean, etorkizun desiratuaz aritzerakoan ere. Eta, ondorioz, ez da gero batere harritzekoa Badiouren ekarpen oinarrikoak ulertzeko gauza ez badira, hona hemen bizpahiru klitxe sobera prosaiko eta lotsagabeki sentimentalismoz beteak lekuko: euskal gizartearen erdia okupatzen duen nazionalismo demokratikoak bide instituzionala lehenetsi izan du; hartu zuen forma nazionalaren azpian benetan abertzalea ez zen ENAM-en alternatiba ezkertiar erradikal eta anti-sistemak, aldiz, bide insurrekzionala. Lehenak garapen politikoa, ekonomikoa eta soziala ekarri du; bigarrenak tragedia handi bat, ehundaka erahil, zauritu, mehatsatu eta kartzelaratuekin. Lehenaren zoru etikoa demokratikoa da eta euskal elizaren sentsibilitate sozialarekin bat dator, betiere injustiziaren aurka eta pertsonen defentsan; bigarrenena etika iraultzaile gupidagabea da, zuzenean totalitarismoan bukatzera kondenatzen gaituena… Etorkizunera begira, hortaz, ameskeriarik ez! Nazionalismo demokratikoaren leloa, gogoratu, auzolana da, ez matxinada: euskaldunen batasuna kooperatibismoa eta pertsonalismo komunitarioaren inguruan benetako arazoak modu praktikoan konpontzeko; ez bigarrenek bezala, ekintza espekulatiboen bidez “gertakizun iraultzaile” batek à la Prise de la Bastille askatuko gaituela pentsatuz-edo.

Bakarrik, noski, ditxosozko errealitatea nahasiagoa dela, ez da hala! Ez soilik errealitate intelektuala, zeinaren inguruan Rekondok eta Lizarraldek erakusten duten pobrezia azpimarratzekoa den, gutxienez Badiouren erdiko kontzeptua, gertakizuna, ulertzeko modu ezin erredukzionistagoaren arabera. Baita, modu berdinean, errealitate politikoan hainbat giza-eragile garrantzitsuen patrimonalizazioa dela-eta — batek uste zuela hori ezker abertzalearen jarrera vintage bat zela! Bestela nola azaldu, adibidez, euskal katolizismoaren batez besteko E- on eta zintzoaren irudimen santifikatuetatik harago, zer eta Badiouren testuak non eta Herria 2000 Eliza aldizkarian transkribatuak, aztertuak eta eztabidatuak izanak? Ez da hori bakarrik nahikoa ezker abertzalearen izaera oinarri-oinarrian batere ez dogmatikoa eta ez ortodoxoa azpimarratzeko, hala nazionalismo demokratikoa nola konstituzionalismo jakobinoa direlakoetatik ohiz barreiatutako propaganda zernahi?

Rekondo eta Lizarralde, esan gabe doa, ez dira saiatuko askapen mugimenduaren ezaugarri positibo batez sikiera jabetzen. Baina norbera erdian kokatzeko posizio-jokuaz baliatzera batere konplikatua ez dela erakusteko sobera baliabide ematen digute — askapen mugimenduaren edota ezker abertzalearen singulartasun murriztezina non datzan erakusteko, besteengan identifikatzen dituzten ezaugarri bereizgarri negatiboetatik tiraka arras sinplea dena.

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”

Alde batetik, horrela, konstituzionalismo jakobino  hori legoke, ezker abertzalearen izaera sozialista ukatuz nazionalismo erradikalaren izaera etniko, autoritario, totalitario eta anti-demokratikoa azpimarratuko duena — besteak beste, bide batez, aurreko batean jada laburtu genuen erara, hainbat ezkertiar errenegadu glorifikatuen estatuari men egin ondoren estatuaren aldeko propaganda zabalduz.

Eta, beste aldetik, Rekondok eta Lizarraldek besarkatzen duten nazionalismo demokratikoa legoke, askapen mugimenduaren izaera abertzalea ukatuz komunismo iraultzaile arrotzaren, maoista inkluso, inpultso autoritarioa, totalitarioa eta anti-demokratikoak ez duela zer ikusirik azpimarratuz benetako euskaldun edo euskal herritarren batez besteko ezaugarri bereizgarriekin: baketsua, moderatua, zentzu onezkoa…

Ukapenaren ukapena delako lege dialektikotik tiraka, bada, askapen mugimendua, gaur egun hartzen dituen forma berrituen bidez, Euskal Herriko erditasun politikoa okupatzera deitua dago, bere lelo historikoa ardaz, Independentzia eta Sozialismoa, askapen nazionalaren eta giza-emantzipazio unibertsalaren arteko sintesi baikorrak eta sortzaileak operatzen jarraituz.

Zeren Rekondo eta Lizarralderen lanera berritzuliz, zerbait bereziki aipagarritik baldin badago da, azken finean, zer eta ez dutela inolako tesi baikorrik defendatzen. Aitzitik, lasto-gizon gisa besterik azaltzen ez diren tesi pare bat aurreratu eta errefutatzen saiatzen dira soilik — hori bai, alderantzizko edo kontrako itxurapean izanda ere, errealismo kapitalistak munduan zehar sustatzen duen nihilismoaren propaganda eginez — edo gutxi gora behera parafraseatuta: euskaldunok, berdin da iraultzaile ala kontserbadore, eskuin ala ezker, batu gaitezen erdian kooperatibismo humanista baten-edo inguruan! Abenturismorik ez! Oinak lurrean tinko!  Esperientzia historikoak erakusten du extremismoek autoritarismoa eta tothalitarismoa elikatzen dituztela eta abar.

Edo, bestela esanda, hizkuntza adiskidetzaile bigun eta errealismo eskasezkoz gain ohiko platitude zhar eta erreakzionario ezagunak, zirkunstantzien arabera Ana Urkizak aditzera eman dituen zenbait balizko E-uskal balio “zentzu onezkoen” ezaugarri konfortagarri bezainbat inkoherenteez zipristindua: auzolana,  kooperazioa, elkarlana, eraldatzeko gaitasun mugagabea… gehi suposatzekoa da, frantsesak baino erresilienteagoak gara, portugesak baino bikainago, ingelesak baino zintzoago, espainolak baino apalago, italiarrak baino konprometituago, andaluziarrak baino langileago eta abar.

Rekondo eta Lizarralderen lanak, laburtuz, dagoenaren kudeaketa adituaren konformismoan sustraitutako ohiko désêtre edo ez-izate kontserbakoi eta anbiziorik gabekoa sustatzen du, hoberenean; okerrenean, tartean, hartzen  duen  abertzale demokratikoaren forma ideologikoaren azpian babesten dena neoliberalismo basati, oldarkor eta indibidualista baldin bada ere — E (Euskaldun/Euskal herritar) irudimenezko objektuaren existentzia mediokrean estadistikoki gorpuztua,  eta zeinaren ezaugarri bereizgarrien «batez besteko» etiko eta identitario oro garbi eta puruetan oinarritutako erabaki nagusiena zer eta inolako arrisku politikorik ez hartzea baita.

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (I)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes” 

Edge Hill Universityko Hizkuntza sailean irakasle. International Journal of the Žižek Studies (IJŽS) aldizkariaren editore. Aretxabaleta