“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (I)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” –

Ez da jorratuko dugun gaia. Jorratuko dugun gaia identitate kulturalen eta subjektibitate politikoen eraikitzeko moduekin eta baliabideekin lotuta dago hasieran, gero, gehienbat, Joxan Rekondo eta Imanol Lizarralderen “Resistencia vasca ante las violencias recientes: memoria para un resurgimiento. Ética y Convivencia” (Oreki Fundazioa, [2016?]2021) errefritoari erreferentzia eginez borobilduko dena, jomugan duten askapen mugimenduaren izaerari buruzko hausnarketa labur batzuekin amaitu aurretik. Baina Alain Badiouren The Rebirth of History: Times of Riots and Uprisings (Verso 2012) liburua [tout ce qui bouge n’est pas rouge] Jule Goikoetxea eta Albert Nogueraren Estallidos: Revueltas. Clase, Identidad y Cambio Politico (Traficantes, 2021) liburuaren [ça bouge] kontrapuntu dialektiko gisa ulertu daiteke. Horretaz aparte, “Estatua eta Politika” sailean, Badiouk adierazpen biziki argigarriak eskaintzen dizkigu nortasuna edo identitateen eraikuntzari buruz, beren luzaera osoan transkribatzea merezi dutenak:

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”
Alain Badiou. Arg: Jean-François Gornet

“Estatu batek beti sortzen du irudimenezko objektu baten existentzia, zeinak «batez besteko» identitario bat gorpuztu nahi duen. Adibidez, dei diezaiogun F (frantsesa) estatuari denbora guztian «frantsesa» zer den aipatzeko baimena ematen dioten ezaugarri bereizgarrien multzoari — zerk identifikatzen dituen eta zeintzuk dira «frantsesak ez diren»en aldean guztiz desberdinak diren haien eskubide partikularrak — «Frantziar izatea» guztiz identifikagarria izango balitz-edo.

Irudizko objektua predikatu inkoherentez osatuta dago. «Frantsesa», batez besteko F hori, ??adibidez, laikoa, feminista, zibilizatua, langilea, eskola errepublikanoaren ikasle ona, zuria, frantses hiztun ona, adeitsua, ausarta, kristau zibilizaziokoa, zerga-iruzurgilea, diziplinarik gabekoa, giza eskubideak sortu zituen aberriaren subjektua, alemaniarrak baino larriagoa, suitzarrak baino irekiagoa, italiarraren aldean ez hain nagia, demokrata, sukaldari ona… eta beste gauza aldakor eta kontraesankor mordoa da, propaganda nazionalak astintzen dituenak zirkunstantziek eskatzen dutenaren arabera. Gauza garrantzitsuena, izan, «Frantziar» huts horri benetan existituko balitz bezala erreferentzia egiten zaiola da.

Estatuarentzat iritzi-inkestek duten garrantzia neurrigabea ondorengo egitatetik dator soilik, alegia iritzi-inkestek, batez besteko estatistikaren zientzian oinarritzen diren heinean, frantses birtuala zenbakiz existarazten dute. Galdetutakoen inkesta eman batean ehuneko 51ek A bozkatu nahiago dutela B baino adierazterakoan, propagandak ez du batere zalantzarik izango honelako adierazpenak egiteko orduan: frantsesek uste dute A hautagaia B baino hobea dela. Horrela, existitzen ez den gure F-k pentsatzen, erabakitzen eta aukeratzen amaitzen du: F-k A nahi du; F-k Frantziako Libiaren aurkako erasoa onartzen du; F-k pentsioen erreforma saihestezina dela uste du; F-k Camembert nahiago du Roquefort baino; eta abar.

Baina behin predikatu artifizialen arabera F-ren existentzia ziurtatuta gero eta, beraz, frantsesaren benetako nortasuna bermatuta dagoenean, garrantzitsuena zera da: estatuak eta hari men egiten diotenek bitartekoa dute normala zer den eta zer ez den baloratzeko.”

`Garen hori´ (Elkar, 2021) saiakeran, Ana Urkiza idazle eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak euskal balioez eta izaeraz idazten du — euskaltasunaren edo euskal herritartasunaren ezaugarri bereizgarrien multzoari erreparatzerakoan estatu aparatu ideologikoen modu antzekoak mobilizatuz, nahiz eta, eskerrak, baliabide gutxiagorekin. Liburuaren zati nagusiak zortzi sortzailei egindako elkarrizketen gogoetak jasotzen ditu, idazle, pintore, dantzari, arkitekto, eskultore, zinemagile, musikari eta bertsolari batenak, hain zuzen, ondoren publizitatea, filosofia, kazetaritza, kirola, antzerkia, moda, sukaldaritza eta enpresa munduko lehen lerroko komunikatzaileak diren beste hainbat adituren gogoetekin osotzen direnak.

Zein da, sortzaile eta aditu hauen arabera, E (Euskaldun/Euskal herritar) irudimenezko objektuaren existentzia gorpuzten duen ezaugarri bereizgarrien «batez besteko» identitarioa? Hona hemen, liburuaren aurkezpenean, Ana Urkizak egiten duen laburpena:

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”
Ane Urkiza. Arg: Tokikom

«Liburuan ez dira balio horiek zerrendatuta agertzen, baina bai agertzen dira. Eta primizian partekatu nahi ditut zortzi. Honakoak dira: herri izateko eta irauteko borondatea; euskara eta euskal kulturak egiten gaitu euskaldun; auzolana, kooperazioa, elkarlana, elkartasuna eta kooperatibismoa; erronkazaletasuna, berrikuntza eta ekintzailetza; lanarekin lotutako kalitatea, bikaintasuna, zintzotasuna, koherentzia eta konpromisoa; berdintasuna, ez generoarena bakarrik, politiko eta soziala ere bai; gastronomia; eta ahozkotasuna eta bat-batekotasuna.

Euskal izaerarekin lotuta, berriz, honako hitzak erran dituzte sortzaileek: lanarekiko harrotasuna; eraldatzeko gaitasun mugagabea; erresilienteak gara; lotsatiak gara, diskretuak, apalak, ez bakarrik gure lanarekiko, besteen lanarekiko ere bai –«izugarri kostatzen zaigu aldamenekoak gauzak ongi egiten dituela esatea eta esaten dugunean jada beranduegi da, normalean hiltzen direnean egiten ditugu omenaldiak»–; komunikatzaile txarrak omen gara, eta antisentimentalak».

Ana Urkizak aipatzen duenez, hamasei elkarrizketatuei `euskal´ hori azaldu eta enbaxadore izan beharra tokatu zaie beren ibilbidean. Zentzu horretan, “euskal balioen lanketa sortzaileekin egitea dagokigula aldarrikatuz”, Garen hori hausnarketa «franko, fresko eta kritikoz» osatua dagoen saiakera izanda ere, era berean, gogoetarako gonbitea dela esaten zaigu, liburuak hausnartzera gonbidatzen duela. Eta bat, zer esanik ez, adeitsuegia da horrelako gonbiteak ez onartzeko.

Esate baterako: nola egin daiteke ez dagoen edo birtuala den E- baten lanketa sortzailerik? Eta batez besteko estatistikez existarazituta ere, non dago sortzailetasuna «tradiziotik modernitaterako iraganbidean gauden honetan» eta «trantsizioan gaude» moduko esaldietan?

Niri ere, euskal diasporakide fin, zintzo eta konprometitu gisa tokatu zait noizbait `E-uskal´ horren esanahia azaldu eta enbaxadore izan beharra. “Credenciales democráticas y cuestión nacional” (Fractal, 2014) artikuluan, adibidez, euskal identitateari buruzko gai hau berau jorratu nuen modu batean non bere gaurkotasunak, berriz irakurri eta gero, harritu eta guzti egiten nau:

Arazoa, beraz, ez da baliagarria den ala ez, jada badakigu eta kulturaniztasunak saltzen duela […] Zein da arazoa, esate baterako, nation branding pixka bat egiteko, erretorika klasikora jo eta Shanghaiko Mundu Erakusketan ikuslegoari harri-jasotzaileen ikuskizun performatiboa eskaintzen bazaio, analogia metaforikoaren bidez sinbolizatzen duten indarra, kemena eta iraunkortasunaren ideiak Fagor etxetresna elektrikoak saltzeko? […] Edo inor egongo ote da oraindik uste duenik frantsesak kulturalista [identitario] atzeratuak direla gazna, pateak eta Mirage hegazkinak saltzeko bereta janzten dutenean? […] Beste era batera esanda, arazoa ez dago desberdintasunean (hizkuntza, ohiturak, jatorria…) jarri daitekeen enfasian, ezta normalean izaera orokorreko definizioak gehitzen direnean ere: espiritu baketsuaren jabe, portaera zintzoa, trebea, iraupenaren eta lanaren bitartez munduan eragina zabaltzeko gaitasuna, etab. […]  Edo adibide ezagunagoekin azalduta: lanaren balioan sinesmena; komunitate-osagaien lehentasuna (soziedadeak, koadrilak…); jatorrizko demokraziaren eta berdintasunaren gorespen historikoa; tradizioaren zentzua berrikuntzarako eta etorkizuneko ikuspegiarekin batera (Gugghenhein, Conference Center…); eremu pribatuaren eta eremu publikoaren arteko zatiketa zurruna: «euskaldunok ez dugu gustuko gure emozio intimoak adieraztea»; publizitate-estrategiak: “gurea kontraste geografiko handiko herrialdea da” esatean; kantua eta dantza, sukaldaritza edo arkitektura bezalako kultura-adierazpenek… Euskal kultura sinboliko eta materialaren adierazpen horiek guztiek izateko, pentsatzeko eta egiteko moduak adierazten baidituzte, modu batera edo bestera, beste kultura askotara heda daitezkeenak, Europan zalantzarik gabe eta  Mendebaldean orohar.

Ia hamar urte beranduago jarraitasuna eta aldaketa giza-zientzien lelo ezagunaz baliatuko naiz orduan adierazitakoak areago gaurkozeko. Jarraitasuna, Mexicoko eta diasporako irakurleagoari zuzenduta zeudenen ohiartzunak oraindik entzungarriak zaizkidalako; bai kultura eta balioen autodefinizioak direla-eta (“Ezaugarrien hautaketa hainbat faktore kontingentek baldintzatuko dute baina funtsean arbitrarioa da”); eta berdin orduko panorama politiko orokorraren ulermen orokorra dela-eta, gaur egun guztiz baieztatuta dagoena:

“Zalantzarik gabe, berrogeita hamar urte baino gehiago eta gero, ETAk bere jarduera armatua utzi berri du. Hala ere, bere altzotik sortu zen tradizio politiko, kultural eta intelektualaren iraupena eta orain jarraitasuna denboran zehar zalantzaezina dirudi. Hori horrela da estatuaren diskurtso hegemonikoaren despit — espazio “demokratikoaren” monopolioan eta “unibertsaltasunaren” domeinura sarbide esklusiboan zentratzen dena [eta] izateko borondatean oinarritutako euskal burujabetzaren aldeko desira guztiz politikoa berezitasun etniko-kulturalaren eremu grinatsu eta esentzialistara eramaten.”

Eta aldaketa, nire tradizio politiko, kultural eta intelektualaren potentzialtasun eraldatzailearen iraupena, etengabeko garapena eta garaietara egokitzapena gehi arrakasta gero eta eztabaidaezina … beste posizio kontserbakoi zehatz baten konformismo politiko, mistifikazio etiko eta geldialdi intelektualarekin kontrastatzeko — hemendik aurrera, hain justu, bereziki Joxan Rekondo eta Imanol Lizarralderen aipatu lanaren araketan zentratuz argituko den bezala.

*Azaleko argazkia: Gorka Estrada (DEIA)

 

“Resistencia vasca ante las violencias recientes” – batez besteko euskal désêtre erdikoiaren gorazarrea (II)

“Resistencia vasca ante las violencias recientes”  “Resistencia vasca ante las violencias recientes”  “Resistencia vasca ante las violencias recientes”
  “Resistencia vasca ante las violencias recientes”  “Resistencia vasca ante las violencias recientes” “Resistencia vasca ante las violencias recientes”  “Resistencia vasca ante las violencias recientes”  “Resistencia vasca ante las violencias recientes”  “Resistencia vasca ante las violencias recientes”

Edge Hill Universityko Hizkuntza sailean irakasle. International Journal of the Žižek Studies (IJŽS) aldizkariaren editore. Aretxabaleta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude